Mendian, gertuko eskia

Urrutira joan gabe, mendiko eskia praktikatzeko txoko asko daude Euskal Herrian. Kirol teknikoa da, eta «ezinbestekoa» da egoera bakoitzerako material egokia hautatzen eta maneiatzen jakitea. Aurtengoa urte elurtsua izan denez, «oihartzun handiagoa» lortu du kirol horrek, baina ez da horren ezaguna.

Mendian, gertuko eskia.
Olatz Enzunza Mallona.
2021eko otsailaren 18a
00:00
Entzun

Mendira joateko ohitura handia dago Euskal Herrian. Negua hastearekin batera, elurrez estalita geratzen dira inguruko mendi tontor eta gailurrak, eta asko dira eski estazioetara ihesaldiren bat edo beste egiten dutenak. Belagua, Candanchu eta Pirinioetako hainbat leku euskal herritarrez beteta egoten dira negu partean, baina gero eta gehiago dira Euskal Herriko mendietan geratzeko hautua egiten dutenak.

Eskiatzaileak, denborarik galdu gabe, eskiei larruak erantsi eta aldapan gora abiatzen dira. Eski pistak eta teleaulkiak alde batera utzi, eta mendi tontor elurtuetara igotzen dira horren ezaguna ez den kirola praktikatzera: mendiko eskia. Mendi tontorrak eta eskiak uztartzen ditu kirol horrek, eta mendia igotzea eta ondoren eskiatzen jaistea dute helburu. Hala ere, beste asmo bat ere badute eskiatzaileek: gozamena.

Urrutira joan gabe, Euskal Herrian txoko ugari daude mendiko eskia praktikatzeko. Aurten, gainera, elur asko egin duenez, eskaintza zabala egon da. «Normalean ez dago mendiko eskia praktikatzeko aukera askorik, baina aurtengo elurteen ondorioz, oso urte ona izan da, eta hainbat lekutara joateko aukera izan dugu», azaldu du Nahia Quincocesek (Mendexa, Bizkaia, 1983). Mendiko eskiatzailea da Quincoces, eta gaur egun, Munduko Kopako txapelketetan lehian aritzen da. Pertsonalki, Oñati (Gipuzkoa) aldera joateko ohitura du, Arantzazutik hasi, eta Butreaitz ingurura arte. Horrez gainera, Gorbeia aldean ere leku «politak» daudela nabarmendu du. Inguru horretatik gertu daude Aratz eta Uzkuiti ere. Bizkaian, berriz, eskiatzaile askoren topaleku izaten da Zalama mendia: Kantabriako, Burgosko (Espainia) eta Bizkaiko mugan dago, eta Karrantzatik irtenda igo daiteke hara.

Donostia ingurukoak, berriz, Leitzara (Nafarroa) edo Herniora joaten direla azaldu du Iñigo Martinez de Albornozek (Donostia, 1996), «hurbiltasunagatik batez ere». Mendiko eskiatzailea da, eta, Quincocesekin batera, mendiko eskiko Euskal Selekzioaren partaidea da. Hala ere, kirol hori praktikatzeko «lekurik onena» Oñati ingurua dela azpimarratu du, Quincocesekin bat eginez: «Gailurrik altuenak daude inguru horretan, eta gainera, babestutako basoa du alboan». Bestalde, Nafarroan ere, hainbat paraje daude mendiko eskirako aproposak direnak: Saioa, Adi-Iturrunburu, Astobizkar eta Eguzkiko muinoa dira horietako batzuk. Zuberoan, berriz, Arthanolatze eta Orhi aipa daitezke, beste batzuen artean.

Antzeko modalitateak

Mendiko eskiarekin gaztetan hasi zen Quincoces: «Txikitan eski alpinoa egiten nuen, eta 18 urterekin probatu nuen lehenengo aldiz mendiko eskia. Hala ere, 25 urtera arte ez nintzen hasi behar bezala entrenatzen eta lehiaketetan parte hartzen». Iñigo Martinez de Albornozi, berriz, etxetik datorkion zaletasuna da: «Gurasoek betidanik eskiatu izan dute, eta ni ere eski alpinoan hasi nintzen; baina, denborarekin, motibazioa galdu nuen, eta 15-16 urte ingururekin hasi nintzen mendiko eskiarekin».

Euskal Herrian eski alpinoak eta iraupen eskiak jarraitzaile gehiago ditu mendiko eskiak baino. «Mugimenduei dagokienez, nahiko antzekoak dira hirurak, baina, era berean, oso desberdinak», esan du Martinez de Albornozek. Mendiaren egoeraren edo zailtasun mailaren arabera, ordea, posible eta beharrezkoa da hiru kirolak uztartzea.

Iraupen eskia praktikatzeko pistak lauak eta leunak dira, desnibel gutxikoak. Mendiko eskian, berriz, «transakzio gehiago» dago, eta altueren eta jaitsieren arteko aldea «handia» da. Quincocesi, berriz, mendiko eskiak alpinoarekin «antzekotasun gehiago» dituela iruditzen zaio: «Alpinoarekin teleaulkiak dauden lekuraino baino ezin daiteke igo; mendiko eskia, berriz, libreagoa da, eta tontorreraino igotzeko aukera dago».

Hala ere, horrek ez du mendiko eskia arriskutsu bihurtzen. Ingurua ezagutzea garrantzitsua da, eta, elur jausiekin batez ere, «kontu handia» izan behar dela nabarmendu dute bi eskiatzaileek. Azken finean, hartutako erabakiak «norberaren esku» daude, Martinez de Albornozen iritziz: «Okerrenak ez dira mendian aurkitu daitezkeen arriskuak, mendizale bakoitzaren ardura baizik». Izan ere, irteerak egiterakoan «askotan» gertatu izan zaie baldintza txarren ondorioz, etxera bueltatu behar izatea. «Neurriak hartzea ezinbestekoa da; izan ere, lurraren egoerak, eguraldiak, elur motak... eragina dute, eta beharrezkoa da ondo prestatuta joatea», azaldu du Quincocesek. Horrez gainera, baldintza klimatologikoak «oso gogorrak» direla gehitu du Martinez de Albornozek: «Kirol hau neguan eta elurra dagoenean bakarrik praktikatu daiteke; hortaz, hotza egiten du, haize zakarra dago, egunak laburrak dira… Mendiari errespetu handia izan behar zaio».

Material egokia

Bestalde, «oso kirol teknikoa» da. Beste kirol batzuetan bezala, ahalik eta azkarren joatea du helburu kirol horrek ere, «ahalik eta energia gutxien kontsumituz, noski», argitu du Martinez de Albornozek. «Maldan gora igotzeko indarra eta erresistentzia behar dira, baina, aldi berean, teknika eta esperientzia izatea garrantzitsua da maldetatik jaitsi ahal izateko». Horretan, materialak ere zerikusia du: material egokia hautatzen eta maneiatzen jakin behar da. «Segurtasun materiala beti eraman behar da, eta, horrekin batera, burua babesteko kaskoa, kranpoiak eta pioletak ere beharrezkoak dira». Kranpoiak elurra zapaltzeko erabiltzen diren egiturak dira, mendiko botei lotzen zaizkie eta metalezko hortzak dituzte. Pioleta, berriz, mendia igotzen laguntzen duen makila bat da, erorikoak gelditzeko ere balio duena. Horrez gainera, mendiko eskirako erabiltzen diren eskiak ere ezberdinak dira: estuagoak eta arinagoak dira, iraupen eskikoarekin eta alpinoarekin alderatuz.

Kirol «gogor» bezala kalifikatu dute bi kirolariek mendiko eskia, «baina gainerako erresistentziako kirol guztiak bezala». Izan ere, esfortzu fisikoa eta teknikoa «ezinbestekoak» dira aurrera egin ahal izateko. Hala ere, guztiaren gainetik, «gauza on asko» dituela nabarmendu du Quincocesek: «Naturan zaude, libre sentitzen zara... Konbinazio perfektua da mendiaren eta eskiaren arteko batura hori».

Urterik urtera goraka egiten ari den kirola da. Pixkanaka, «gero eta oihartzun gehiago» lortzen ari dira Euskal Herrian, baina ez duenez elur askorik egiten, «ez du horrenbeste erakartzen». Martinez de Albornozek «pena bat» dela dio: «Pirinio aldean askoz ere oihartzun handiagoa du, komunikabideetan sarritan agertzen dira... elur asko dagoelako; hemen ere elur gehiago egingo balu, kirol ezagunagoa izango litzateke». Hala ere, «itxaropentsu» dago, eta hazten jarraituko duela iruditzen zaio. Quincocesek, berriz, aurtengo urtea «salbuespena» izan dela uste du: «Aurten Euskal Herrian egon den elurtearekin asko hitz egin da mendiko eskiaren inguruan, baina, bestela, ez du horrenbesteko oihartzunik gure artean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.