The Boss, beste behin Donostian

Bruce Springsteenek kontzertua emango du gaur Donostiako Anoeta estadioan, 21:00etan

Bruce Springsteen, joan den larunbatean, Bartzelonako Camp Nou estadioan emandako kontzertuan. MARTA PEREZ / EFE.
Ihintza Elustondo
2016ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Autografoak. Argazkiak. Besarkadak. Agurrak. Beste behin, berotasunez hartu du Donostia Bruce Springsteenek. Igande arratsaldean iritsi zen Maria Cristina hotelera, Patti Scialfa emazte eta taldekidearekin batera. Kanpoan zale ugari zituen zain, eta denbora hartu zuen haietako bakoitzari kasu egiteko. Jakina da musikari estatubatuarrak kuttuna duela Gipuzkoako hiriburua, eta The River Tour 2016 bira aprobetxatu du bertan geldialdi bat egiteko. Gaur gauean emango du kontzertua Anoetako futbol zelaian, The E Street Band ohiko taldea lagun duela. Donostian emango duen hirugarren kontzertua da gaurkoa —2008an eta 2012an eman zituen beste biak—, baina hiria gehiagotan bisitatu du: sei aldiz, orotara.

Urtarrilaren 16an abiatu zuen bira, Pittsburghen, Ameriketako Estatu Batuetan. Maiatzean, berriz, Europara egin du salto. Larunbatean eman zuen lehen kontzertua Bartzelonako Camp Nou futbol zelaian, eta bigarrena du Donostiakoa. 43.000 ikusle sartzen dira estadioan, baina atzo iluntzean oraindik sarrera guztiak saldu gabe zeuden. 65 euro balio du merkeenak, eta 115 euro garestienak.

1980an kaleratu zuen Springsteenek The River disko enblematikoa, eta ordutik 35 urte igaro zirela baliatuz, The Ties That Bind: The River Collection berrargitalpena plazaratu zuen iazko abenduan. Horren ostean hasi zuen musikariak The River Tour 2016 bira. Jatorrizko The River Tour, berriz, 1980ko urriaren 3an abiatu zuen, eta, orotara, 140 kontzertu inguru eskaini zituen. Zuzeneko haiek fama berezia lortu zuten erakutsitako indarragatik eta publikoarekin lortutako harremanarengatik.

Larunbateko Bartzelonako emanaldiak hiru ordutik gora iraun zuen. The River diskoko abesti dezente jo zituen Springsteenek, baina klasikoei ere egin zien lekua errepertorioan. Zalantza argitu zen Katalunian: badirudi ez dituela diskoko abesti guztiak interpretatuko Europako kontzertuetan, AEBetan egin zuen moduan. Zantzu guztien arabera, diskoko abestiak eta ibilbideko doinu ezagunenak konbinatuko ditu.

Dena prest dago Anoetan gauerako. Jokalarien aulkiak eta ateak kendu dituzte, eta futbol zelaiak antzoki itxura hartu du dagoeneko. Hori bai, joan den astelehenaz geroztik, jende ugari aritu da lanean hori posible izan dadin. 400 langile eta 40 trailer behar izan dituzte prestaketetarako.

Eguraldi ona iragarri dute

Iragarpenek diotena betetzen bada, eguraldia lagun izango dute kontzertura joaten direnek. Euririk ez duela egingo esan dute behintzat. Izan ere, Springsteenek Donostian eman zuen azken kontzertuan trumoia eta euria izan ziren nagusi. Beraz, badirudigaur ez dela berriz halakorik izango.

Antolatzaileen esanetan, saldutako sarreretatik 13.000 inguru Gipuzkoan erosi dituzte. Gainontzeko ikusle guztiak, Euskal Herriko hainbat txokotatik, Herrialde Katalanetatik eta Espainiatik etorriko dira: Errioxatik, Kantabriatik, Madrildik...

Jende asko pilatuko dela eta, garraio zerbitzu bereziak jarri dituzte gauerako. Bilbotik, gutxienez hiru autobus joango dira Donostiara, Gasteiztik beste lau, Azpeitia-Azkoitia ingurutik beste bat (Gipuzkoa), Bergara-Arrasatetik (Gipuzkoa) ere bai bakarren bat.... Kontzertua amaitzean, 01:30 inguruan, beren herrietara itzuliko dira autobusak. Horiezgain, ohi baino taxi gehiago ibiliko dira futbol zelai inguruan, eta Dbus zerbitzuak ere ugaritu egingo dituzte. Gainera, bizikleta, auto eta motoentzako aparkalekuak prestatu dituzte.

Estadiora sartzeko kontrol neurri zorrotzak izango direla eta, gomendio batzuk eman ditu Donostiako Udalak: denbora nahikoarekin joateko aholkatu du, pilaketak saihesteko, eta NAN agiria edo haren baliokidea erraz aurkitzeko moduko leku batean eramateko eskatu du.

Debekatuta dago latak eta kristalezko ontziak eramatea, eta baita litro eta erdi baino likido gehiagoko plastikozko botilak ere, tapoia jarrita baldin badaukate. Ezingo da ez janaririk ez edari alkoholdunk sartu, eta kaskoak, motxilak eta objektu zorrotzak sartzea ere debekatuta dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.