Donostiako ez-jaiak

Zeruan surik ez

1964an antolatzen hasi zirenetik, Donostiako suen nazioarteko jaialdiak sona handia du. Munduko piroteknia onenetakoek parte hartu dute bertan. Aurten ez da surik, eta Ricardo Caballerrek eta Izaskun Astondoak adierazi dute sektorearen egoera ez dela batere samurra.

Caballer piroteknia ia urtero etortzen da Donostiara. IDOIA ZABALETA / FOKU.
urtzi urkizu
Donostia
2020ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Easo Ederraren zerua ez da suz beteko Ama Birjinaren Egunaren astean, osasun larrialdi egoeraren eraginez. Ez da urte erraza izaten ari piroteknia enpresentzat, eta, besteak beste, Astondoa (Bizkaia) eta Caballer (Herrialde Katalanak) piroteknietako arduradunak etorkizun hurbilaz kezkatuta daude. Bi enpresa horiek askotan bota izan dituzte suak Donostiako Aste Nagusian. Areatzako (Bizkaia) enpresako zuzendari kudeatzaile Izaskun Astondoak nabarmendu du «ardura gehigarria» izan ohi dela haientzat Donostiako nazioarteko lehiaketan parte hartzea: «Batetik, lehiaketak mundu osoan sona duelako; eta, bestetik, etxean jokatzen dugulako. Esperientzia berezia izaten da».

Donostiako suen lehiaketa 1964. urtean jarri zen abian ofizialki, eta, ordutik, herrialde ugaritako pirotekniek parte hartu dute. Aintzat hartzekoa da, dena den, 1856. urtean egin zutela aurrenekoz Gipuzkoako hiriburuan su ikuskizun bat, abuztuaren 15eko jaiegunean; Pantaleon eta Joaquin Esnaola arduratu ziren ikuskizun hartaz. Hala jaso zuen Rafael Agirre Francok —uztailaren 16an hil zen— 1998ko Los fuegos artificiales. El festival de San Sebastián liburuan (Suak, Donostiako jaialdia). XIX. mendearen amaieran, Justo Esnaola arduratu zen Aste Nagusian su ikuskizunak eskaintzeaz. Martinez de Lezea pirotekniaren esku egon ziren, berriz, su gazteluak 1913tik 1964ra. Ordura arte, suak txiroak izan ohi ziren. Baina egoera aldatu egin zen: 1964an, Donostiako Kultur eta Turismo Ekintzetxeak jaialdi bat antolatzeko enkargua egin zion Pirotecnia Zaragozana enpresari. Herritar ugari elkartu ziren urte hartan suak ikusteko, eta komunikabideen arreta bereganatu zuten. Hurrengo urtetik aurrera, KTEk hartu zuen jaialdiaren antolakuntzaren ardura. Indartuz joan zen, nazioartean gero eta prestigio handiagoa lortuz. Agirre Francok zenbait faktore aipatu zituen su jaialdiak lortu zuen sona azaltzeko: «Kontxako badiaren agertokia munduko parajerik ederrenetakoa da. Su ikuskizunak gehiago luzitzen du han, suak badiako uretan islatzen direlako. Bestetik, antolakuntza sistemak segida izan du: koherentziaz aritu dira, urte luzez».

Aurrekontuak, beherantz

Nazioarteko su jaialdien artean, urte gehien iraun duena da Donostiakoa. Ricardo Caballerrek, abizen bereko pirotekniako arduradunak, uste du badaudela jaialdiaren prestigioa azaltzeko arrazoi gehiago: «Hiria oso ederra da, argi dago. Eta jendeak badaki suak estimatzen: ikusleak oso esker onekoak dira, piroteknia enpresek egindako ahalegina aintzat hartzen dute. Horrez gain, Donostiako antolakuntzarik hoberena duen jaialdia da». Hainbeste urtez jaialdia antolatu izanak badu horretan eragina. «Oso gustura joaten gara Donostiara, asko errazten digute dena. Jaialdia oso mamitua dute».

Azken urteetan, ordea, aurrekontuek ez dutela gora egin ohartarazi du Caballerrek. «Duela hogei urteko aurrekontuekin gelditu dira, eta horrela zaila da».

Astondoaren arabera, suen sektorean aitortzarik handienetako bat duen jaialdia da Donostiakoa. «Mundu osoko enpresek parte hartu izana da horren adierazle».

Lehen edizioan, 1964an,Frantziako, Alemaniako, Italiako eta Espainiako pirotekniek parte hartu zuten. Bi urte geroago, Japoniako Marutamaya Ogatsu Fireworks enpresak ere parte hartu zuen. Orduz geroztik, nazioartean oihartzuna duten enpresa ugarik bota dituzte suak. Halere, Valentziako enpresek (Herrialde Katalanak) irabazi dute gehienetan lehen saria.

Astondoak uste du piroteknia baten curriculumean indar handia duela Donostian irabazi izanak. Caballerren arabera, ordea, garai batean garrantzi handiagoa ematen zitzaion Donostiako jaialdia irabazteari. «Azken urteetan, antolatzaile askok kontratazioak merkeago egiteari ematen diote garrantzia». Donostiako jaialdia makina bat aldiz irabazi du Caballer pirotekniak. Enpresako arduradunak kritikatu du azken urteetan gero eta garrantzi gutxiago ematen zaiola ikuskizunaren kalitateari. «Ez luke hala izan behar. Baina zenbaitentzat, garrantzitsuagoa da zenbat kilo botatzen dituzun, zer botatzen duzun baino».

Egoera zaila sektorean

Azken hilabeteetan, ez dago jairik. Su ikuskizunik, bat ere ez. «COVID-19ak gure sektorea hankaz gora jarri du», aitortu du Astondoak. «Nazioarteko jaialdi garrantzitsu guztiak bertan behera gelditu dira. Eta okerrena da,aurreikuspenen arabera, hemezortzi hilabetean ez dela ekitaldi jendetsurik egongo. Ziurtasunikeza handia da sektorean, eta egoerara egokitu beharko dugu, negozio ildo berriak bilatuz».

Caballerren iritziz, suen sektorea da koronabirusaren krisiaren ondorioz gehien kaltetutakoa. «Jende pilaketaren kontuagatik, gelditu zen aurrenekoa izan zen. Eta itzultzen den azkenekoa izango da. Erabateko hondamena da». Badira bi hilabete baino gehiago Caballer egoeraren «kontraesan batzuez» kexu dela: «Ez dut ulertzen nola den posible ia hasieratik merkataritza guneitxiak zabalik egotea, eta piroteknia ikuskizun bat aire zabalean guztiz debekatuta egotea. Donostian edo hiri handiagoetan, jende pilaketak egon daitezke su ikuskizun batean, ados. Baina herri txiki askotan, nahiz eta biztanle guztiak ikustera joan, ez litzateke halako arazo handirik egongo. Ikuskizunean, jendea ez dago itxitura batean; ikusleen artean distantziak mantendu daitezke, eta ez du askorik irauten». Egoera hori ikusita, Caballerrek jakin nahiko luke zein den arrazoi zientifikoa arlo piroteknikoa modu horretan zigortzeko.

Astondoak uste du etorkizun hurbilari begira ez dagoela itxaropen argirik. «Baina etorkizun ertain eta luzeari begira, segida izan behar da buruan. Izan ere, suak kultura dira, eta su ikuskizun bakoitzaren atzean artisau bat dago, diseinatzaile bat, bere onena ematen».

Caballerrek oroitarazi du piroteknien sektorea lehendik ere «ukituta» zegoela. «Gurea amaitzeko arriskuan dago. 2008tik hona, ikuskizunen aurrekontuak erdira jaitsi dira. Koronabirusarekin etorri den debekua ezpata kolpea izan da». Caballerrek oso beltz ikusten du suen arloan lan egiten duten langileen egoera. «Gainera, gizartea dena onartzen ari da, beldurra ematen dit».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.