Bi gurpilei bidea eginez

Bizikletek Gasteizekin duten harremana 1960ko hamarkadan loratu zen, bizikletaren industria hirira heldu zenean. Harrezkeroztik, ugaldu egin dira bizikletari eskainitako bideak hirian.

Gasteiz
2015eko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Bizikleten eta Gasteizen arteko lotura ez dator soilik bizikletek hirian izan duten presentziagatik. Gasteizen bertan egondako industriak ere asko lagundu zuen. Bicicletas Iriondo (CIL) lehenik, eta Beistegi Hermanos (BH) ondoren, Gasteizera etorri ziren beren bizikletak egiteko asmotan, eta bizikleten industria garrantzitsu bat osatu zuten bertan.

Arrakastarik handiena BH enpresak izan zuen, egunean 3.000 bizikleta ere ekoitzi baitzituen 1980ko hamarkadan. Gainera, mendiko bizikletak seriean ekoiztu zituen Europako lehen enpresa izan zen.

Industria horrek bizikleten zale bihurtu zituen gasteiztarrak; hainbesterako, non, 1950eko hamarkadan, Gasteiz bihurtu baitzen bizikletentzako bide esklusiboak zituen hirietako bat. Bide horrek bi kilometro inguru izan zituen, eta hiriaren erdigunea eta Gamarrako industrialdea lotzen zituen.

Hala ere, 1960ko hamarkadan, autoen loraldia etorri zen, eta jendeak nahiago zuen autoa industrialdera joateko, bizikleta alde batera utzita. Bizikleten erabilera jaitsi zenez, industrialdea eta erdigunea lotzen zituen bizikletentzako bidea desagertu egin zen.

1982. urtera arte itxaron behar izan zuten gasteiztarrek hirian bizikleta bideen sare sendo baten proiektua ikusteko. Gasteizko Udalak, osoko bilkuran onartutako ikerketa baten bitartez, 80 kilometro betetzen zituen sare bat planteatu zuen, eta, hartara, Gasteiz erreferente bihurtu zen mota horretako azpiegiturak egiten.

Bidegorriak, ez hain gorriak

1985ean hasita, bizikletentzako lehenengo bideak diseinatzen hasi ziren. Batez ere, hiriko gune berdeetan eta gutxi urbanizatutako edo oraindik urbanizatu gabeko eremuetan egin ziren. Lehenengo bide horiek egiteko asfalto gorria erabili zenez, bide berri horiei bidegorri deitzen hasi zitzaien. 1980ko hamarkadaren amaierarako, Gasteizko bidegorrien sarea Euskal Herri osoko handiena bilakatu zen.

Gaur egun, baina, bidegorri izena asfalto gorriko bide horietatik harago doa. 2005ean, Gasteizko Udalak garraio publikoaren eta bizikletaren erabilera sustatzeko plana jarri zuen martxan, Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Plana izenarekin. Plan horren barnean, bidegorri sare «funtzional eta seguru bat» osatzea aurreikusi zuen udalak, eta, horretarako, bide gehiago egin behar izan zituzten.

Baina sare hori osatzeko bide berriak sortu beharrean, zeudenak hartu, eta erabilera berriak eman dizkio Gasteizko Udalak. Horrela, badaude soilik bizikletentzako bideak direnak, baita autoekin batera erabiltzekoak ere. Izenari eutsi dioten arren, bidegorriak jada ez dira hain gorriak Gasteizen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.