EPAIAREN GAKOAK

2018ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Indarkeria. Sententziaren ardatz nagusia da. Horretan datza sexu abusu eta sexu eraso delituen arteko ezberdintasuna: indarkeria edo mehatxuak erabiltzean. Kasu honetan, epaimahaiak ez du frogatutzat jo indarkeria edo mehatxuak egon zirenik; bai, ordea, auzipetuek biktimaren oniritzirik gabe eta «abantailakeriaz» jardun zutela. Sexu abusu delitua egotzi die, «haragizko jardunak larritagotutako subtipoan».

Bideoak. Erasotzaileek grabatutako bideoak aztertuta, epaileek onartzen dute biktima «erreakzio gaitasunik gabe» eta «ikaratuta» zegoela: «Salatzailea makurtuta ageri da, ihesbiderik gabe, auzipetutako bik paretaren kontra eusten zuten bitartean, eta mina adierazten duten oihuak egin zituen». Epaileek diote erasotzaileek «jarrera harroa» izan zutela kameren aurrean: «Salatzailea objektu soil gisa erabili zuten, haren duintasun pertsonalari muzin eginez».

Ebasketa. Erasoaren ostean, biktimaren sakelako telefonoa hartu zuen A.M.G. guardia zibilak. Sententzian hasieratik baztertzen da indarkeriaren erabilera, eta, hortaz, magistratuek lapurreta deliturik ere ez dute antzeman —esparru juridikoan, delitu bat lapurreta gisa sailkatzen da indarkeria edo mehatxuak erabiltzen direnean soilik—. Horren ordez, ebasketa delitu baten errudun gisa jo dute A.M.G., eta 900 euroko kalte- ordaina pagatu beharko du.

Boto partikularra. Hiru magistratuetako batek, Ricardo Gonzalezek,boto partikularra eman du: absoluzioa eskatu du bost auzipetuentzat, ez baitu deliturik antzeman. Botoa justifikatzeko, nabarmendu du biktimak ez zuela emanezezko espliziturik —«auzipetuek une oro uste zuten salatzailea sexu harremanekin ados zegoela»—, eta froga gisa aurkeztutako bideoetan ez du larderiarik sumatu, baizik eta «gozamen eta olgeta giroa».

Helegiteak. Sententzia publiko egin ostean, aldeek hamar eguneko epea dute helegitea aurkezteko Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Arlo Zibileko eta Penaleko Salan. Alde guztiek dute hori egiteko asmoa: defentsek, auzipetuak «aske utz ditzaten»; eta akusazioek, sententzia «etsigarria» dela iritzita. Auzitegiak bi hilabeteko epea izanen du helegite horiek aztertzeko, eta beste bi, gutxienez, ebazpena argitaratzeko. Irailean edo urrian helduko litzateke epaia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.