Koronabirusa. Miriam Marquez. Psikologoa

«Paziente gehienek arriskua sumatzen dute»

AECC elkarteak ikerlan bat egin du minbizia duten pazienteek konfinamenduan izaniko bizipenen inguruan; %64 oso kezkatuta eduki ditu izurriak. Marquezek gertutik erreparatu die.

arantxa iraola
2020ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Minbiziaren aurkako AECC elkartean ikerlan bat egin dute izurriak eta konfinamendu neurriek paziente onkologikoengan izan duten eragina aztertzeko, eta ondorioztatu dute aparteko larrimina sentitu dutela gehienek. Elkartearen Gipuzkoako ordezkaritzan dihardu Miriam Marquez Rodriguez psikologoak; minbizia duten pazienteei eta haien senitartekoei arta emateko ahalegina egin dute krisialdi honetan: 546 pertsona artatu dituzte. Hainbat sentipen maiz errepikatu direla ikusi du Marquezek, eta kezkak ez direla amaitu; konfinamendua arinduz joan ahala, oraindik «horretarako prest» ez daudela sentitzen dute hainbat pazientek.


Miriam Marquez Rodriguez psikologoa. / Eta kitto!

Zuen ikerketaren arabera, pazienteen %64 oso kezkatuta egon dira izurriarekin; %34k larrimina eta depresioa izan dituzte. Immunoeskasiak eragindako kezka izan da, batez ere?

Immunoeskasia duten pazienteengan igarri dugu kezka handiagoa, noski. Baina badago ondo egokitu ez diren pertsonen beste ehuneko bat ere. Kutsatzea ez da izan, hala ere, igarri dugun kezka iturri bakarra. Hor daude egoera ekonomikoaren inguruko kezkak, laneko martxa eta etxeko martxa bateratu beharrak ekarritakoak, osasun sistemaren antolaketaren ondoriozkoak... Zaintzaileen artean sumatu dugu, baita ere, pazienteak kutsatzeko beldurrak eragindako kezka.

Osasun sisteman-eta izan dira atzerapenak epidemiaren ondorioz. Zer eragin izan dute horiek pazienteen ezinegonean?

Onkologia arloko kontsultak era telematikoan moldatu dituzte, eta azterketak, tratamenduak eta ebakuntzak aurrera eraman dira; ahal izan den neurrian. Sumatu duguna izan da pazienteek kezka handia izan dutela osasun zentroetara edo ospitaleetara joateko orduan. Hala ere, normalean, hara joan, hango antolaketa ikusi, eta larrimin hori apaldu egin zaie.

Aski babes sentitu dute osasun profesionalen partetik?

Gipuzkoa mailan, orokorrean, nahiko esperientzia ona izan dutela kontatu digute pazienteek. Antolakuntzaren aldetik eta profesionalek emandako tratuaren partetik segurtasuna sentitu dutela adierazi dute.

Kalera irteteko gero eta aukera gehiago daude; lanerako buelta ere prestatzen ari dira pertsona asko. Gaixoek, kalteberago, bide horretan atzean geratzeko arriskua ikusten dute? Kezka sortzen die?

Paziente onkologiko gehienek arriskua sumatzen dute konfinamendua arintzeko fase honetan. Berriz martxan jarri ahala, kutsatzeko arriskua handiagoa dela ikusten dute. Geldirik egon diren gauzak berriz martxan jartzen ari direla ikusteak kezka ekar dezake.

Zer aholku mota ematen diezu fase honetan aurrera egin ahala larrimin hori baretzeko?

Konfinamendua arintzeko fase honetan oso garrantzitsua da bakoitzak bere beharrak aztertzeko denbora hartzea. Batetik, familiartekoak eta lagunak ikusteko behar psikologikoa sentitzen dute pazienteok, eta, bestetik, kutsatzeko beldurra hor dago. Egokitzeko prozesuetan denbora behar da bi alde horien arteko oreka aurkitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.