50. Udako Ikastaroak aurkeztu ditu UEUk: 22 ekitaldi izango dira guztira

Hilaren 21ean izango da hasiera ekitaldia, Miarritzen. Mendeurrena tarteko, esker ona adierazi nahi diete UEUren hauspo izan diren guztiei

Pauline Guelle, Irati Iciar eta Kepa Sarasola, atzo. BERRIA.
arantxa iraola
2022ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Mendeurrena da aurten. UEU Udako Euskal Unibertsitatearen Udako Ikastaroek 50 urte beteko dituzte aurten. Aldi «berezia» izatea nahi dute UEUn, eta, hori dela eta, 22 jardunaldi eta topaketa antolatu dituzte hainbat eragilerekin elkarlanean. Euskal gizartearentzat garrantzitsuak diren gaiez hausnartzea da helburua. Maiatzaren 21ean Miarritzen (Lapurdi) egingo duten 50 urte UEUgintzan jardunaldiak emango die hasiera ikastaroei. Udako egitarauaren aurkezpenean parte hartu zuten atzo Kepa Sarasola UEUko zuzendariak, Irati Iciar UEUko Udako Ikastaroetako arduradunak eta Pauline Guelle UEUko zuzendaritzako kideak.

Hasierako jardunaldiaren ondoren, UEUren Udako Ikastaroen lehen astea ekainaren 27tik uztailaren 1era izango da, Iruñean, Bilbon, Eibarren (Gipuzkoa) eta Donostian; jarraian, uztailaren 4tik 8ra, Gipuzkoan izango dira jarduera guztiak, Eibarren eta Usurbilen, zehazki ere; azkenik, uztailaren 11tik 15era, Baionan eta Eibarren eskainiko dira azken topaketa eta ikastaroak. Matrikulazioa zabalik dago jada.

Sorrera gogoan

Kepa Sarasolak adierazi zuen UEUrentzat «urteurren garrantzitsua» dela mendeurrena. Gogorarazi zuenez, Donibane Lohizunen egin ziren lehen Udako Ikastaroak hainbat euskaltzalek eta erakundek bultzatuta. Xedea guztiz lotuta zegoen garai hartan euskarari dagokion tokia ematearekin: «Euskarak unibertsitaterako ere balio zuela erakutsi nahi zuten». Eta irmo jarraitu da bidean. «Orduz geroztik, urtero-urtero, bost hamarralditan zehar UEUren Udako Ikastaroek ez dute hutsik egin, eta hasierako sustatzaile haiek aurreikusi bezala, UEUk eta Udako Ikastaroek probatu dute euskara zeinen erabilgarria den unibertsitatean ere», adierazi zuen Sarasolak.

Elkarlanaren emaitza

Ildo horretan, UEUn aritu diren milaka pertsonei eskerrak eman nahi izan zizkien, «beraien elkarlanari esker posible izan baita euskara teknikoa sortzea, beraiei esker lortu baita unibertsitate mailako 500 liburu baino gehiago argitaratzea; beraiei esker fisika nuklearrari buruz eskolak eman ditzakegulako; beraiei esker Ikergazte kongresua antolatu dezakegulako». Ikastaroetan izena emateko deia egin zuen, mende erdian apurtu ez den sokari lotuta jarraitzeko era dela argudiatuta. «Katebegi askok ekarri gaituzte hona, eta aurrerantzean ere katebegiek jarraitu dezaten nahiko genuke. Izan zaitezke katebegi horiek aurten Udako Ikastaro eder hauetan parte hartuz».

Pauline Guellek hilaren 21ean Miarritzen egingo duten hasiera jardunaldiaren harira esan zuen Udako Ikastaroak lehen aldiz Ipar Euskal Herrian egin zirenez han egin beharrekoa zela. Ez dute, hala ere, horregatik iraganean ainguratutako saio bat egin nahi; euskal unibertsitatearen egoera aztertzeko jardunaldi bat izango da: «Iragana gogoratuz baina etorkizunari begira». Era berean, sorburua ahantzi ezin delako, hasierako bultzatzaileak eta eragileak omentzeko asmoa ere badute ekitaldi horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.