Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Mobilizazioak

Gogoetarako deia Madrili

Milaka lagunek hartu dute parte Tsunami Demokratikoak hauteskunde bezperarako antolatutako ekintzetan. Plataformak esan du mila erasotik gora egin dizkiotela bere aplikazioari, baina eutsi diola

Batez ere musika. Kontzertu sorta luzea antolatu zuten Bartzelonako Unibertsitateko plazan. ENRIC FONTCUBERTA / EFE.
Hodei Iruretagoiena - Jon O. Urain
2019ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Espainiako Gorteetarako hauteskundeen bezperan, gogoeta eguna izan zen atzokoa. Katalunian ere bai, baina gogoeta egunari bestelako esanahi bat eman zioten herrialde horretan; mobilizazio eguna izan zuten, Espainiari eskatzeko «hausnartu» dezala, Auzitegi Gorenak Kataluniako buruzagi independentistei ehun urteko espetxe zigorra ezarri eta gero: «Pentsarazi nahi genien. Elkarrizketa ez badago, ezegonkortasunak jarraituko du», esan du Tsunami Demokratikoak. Gaurko bozketaren ostean, plataformak iragarria du «hiru eguneko diada» bat, bihartik asteazkenera bitartekoa.

Goizean, Picnic per la Republicak deituta, N-II errepidea moztu zuten pare bat orduz Jonquerako mugan. AP-7an, berriz, Gironako irteera itxi zuen ekintzaile talde batek. Tsunami Demokratikoak 400 bat ekitaldi antolatu zituen denera Katalunian; besteak beste, Lleidan, Tarragonan, Gironan, Manresan... Katalunian ez ezik, Herrialde Katalanetako beste leku batzuetan ere izan ziren mobilizazioak. Perpinyan, esaterako, manifestazio bat egin zuten arratsaldean, Azaroaren 7ko Kolektiboak antolatuta. Eragile independentistek osatzen dute plataforma hori, eta Ipar Kataluniaren Diada eguneko ospakizunak antolatu ohi dituzte, 1659ko Pirinioetako Hitzarmena sinatu zuten eguna oroitzeko. Aurten, larunbatez egin zituzten ekitaldiak, Tsunamiaren mobilizazio egunarekin bat eginez. Dei horri erantzunez, Mallorcan ere egin zituzten ekitaldiak atzo.

Edozein gisara, Tsunami Demokratikoak Bartzelonako Unibertsitateko plazan antolatutakoa izan zen eguneko mobilizazio nagusia. Plaza horretara joatera deitu zuen 16:00etatik aurrera, eta milaka pertsona batu ziren plazan jarritako agertokiaren parean —7.000 inguru, Udaltzaingoaren arabera—. Musika emanaldiek hartu zuten protagonismoa, baina izan ziren mintzaldiak ere; esaterako, Albano Dante-Fachin Catalunya Si Que Es Pot taldeko parlamentari ohiarena. Espainiako jarduneko Barne ministroari mintzatu zitzaion: «Marlaskak esan zuen ikertuko dutela zein dagoen Tsunamiaren atzean. Marlaska, Tsunamia ni naiz, aplikazioa deskargatu eta Twitterren eta Telegramen jarraitzen dudalako». Elkartutako jendetzaren artean zeuden gaurko hauteskundeetan hautagai diren batzuk ere; besteak beste, Joan Josep Nuet ERCko diputatugaia eta Eulalia Reguant CUPekoa. 22:00ra arteko egitaraua prestatu zuten.

Fachinek sare sozialei egin zien erreferentzia, hori izan delako orain arte Tsunami Demokratikoak bere deialdiak zabaltzeko, erabili dituen bideak. Plataformak jakinarazi zuen aplikazioan probak egiteko eguna zutela atzokoa, «espero bezala» funtzionatzen ari zela eta «estatuaren aldetik lehen eraso informatikoak» jasaten ari zela. Zehazki, mila eraso baino gehiago jaso ditu aplikazioak, Tsunamiaren arabera: «Eutsi diogu, nazioarteko laguntzari eta trebeziari esker». Generalitateak, berriz, Auzitegi Gorenaren epaiari erantzuteko protestak jarraitzeko batzordea bildu zuen atzo, eta gobernuko iturriek nabarmendu zuten atzoko mobilizazioak «zibikoak eta demokratikoak» izan zirela, ez baitzen «nabarmentzeko istilurik» gertatu.

CDR: «Berriro egingo dugu»

18:00 alderako, Urquinaona plaza zaintzen ari zen Mossos d'Esquadra, eta itxia zuten hango metroko irteera. Plaza hartara ematen duen Via Laietanan, berriz, Espainiako Poliziaren furgoneta ugari zeuden, eta erabat itxia zuten Espainiako Poliziaren egoitzaren aurrealdea. Unibertsitateko plazan batu ziren CDR errepublikaren defentsarako batzordeen mobilizazioan parte hartu zutenak, Berriro egingo dugu leloa zeraman pankartarekin. Katalunia plazara joan ziren handik, eta Sant Pere kalean, bidea itxi zieten mossoek 19:45 aldera. Fontanella kaletik saiatu ziren gero, baina aurrera egitea eragotzi zieten han ere. «Atzerapausorik ez» eta «indar okupatzaileak kanpora» oihuak egin zituzten. Lerrook idaztean, ez zen oldarraldirik eta istilurik izan.

Saguaren eta katuaren gisara aritu ziren manifestariak eta poliziak hainbat minutuz, eta tentsioak gora egin zuen zenbait momentutan. Zabor edukiontziak errepidearen erdira eraman zituzten manifestarietako batzuek, eta, mossoek sare sozialetan zabaldu zutenez, protestan ari zirenetako batzuek arrautzak, harriak eta bestelakoak jaurti zizkieten poliziei 20:45 aldera, eta horiek oldartu egin zitzaizkien tarteka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.