Erruduntzat jo dute 2018an Gasteizen bi andrazko hiltzeaz akusaturiko gizona

Hilketa egotzi diote, ankerkeria eta maltzurkeria larrigarriekin. Zigorra ez dute jakinarazi, baina gutxienez 40 urtekoa izango dela espero da

Hilketa salatzeko Gasteizen egindako mobilizazioa. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Erredakzioa
2022ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Herri epaimahaiak atzo gauean jakinarazi zuen 2018an Gasteizen bere emaztea eta amaginarreba hiltzeaz akusatutako gizonaren kontrako epaia. Hilketa egotzi zioten, ankerkeria eta maltzurkeria larrigarriekin. Epaimahaiak ez du aintzat hartu defentsaren eskaria, zeinak eskatzen baitzuen epaian kontuan har zedila gizonak buru nahasmendua zuela.Ez dute halakorik ondorioztatu. Gainera, epaimahaiaren iturriek Efe berri agentziari jakinarazi diotenez, ikusi dute«genero arrazoiengatik» hil zituela gizonak bi emakumeak, eta bi andrazkoetako baten kasuan, bere emaztearenean, senidetasuna ere aintzat hartu dutela. Halaber, epaiak dio akusatuak «ankerkeria fisikoa» erabili zuela bere emaztearen kontra, eta «ankerkeria psikikoa» amaginarrebaren aurka.

Fiskaltzak 50 urteko kartzela zigorra eskatu du akusatuarentzat, ahaidetasun, genero eta ankerkeria astungarriekin egindako bi hilketengatik. Biktimen familia ordezkatzen duen akusazio partikularrak, berriz, 55 urte eskatu ditu, eta Clara Campoamor elkarteak, herri akusazio gisa, 60 urte.

Defentsak, orain arte, espetxealdia zortzi urtera jaistea eskatu du, argudiatuta akusatuak «buru nahasmendua» zuela, eta, hilketa ez, baizik eta giza hilketa egin zuela. Atzo, aldatu egin zuen eskaera, eta 40 urteko zigorra eskatu zuen. Hainbestekoa izango dela espero da, emandako epaiari dagozkien kartzela urteak kontuan hartuta.

Akusatuak epaiketan adierazi zuen «burua galdu» zuela, eta horren argudiotzat jarri zuen «egoera depresiboa» pairatzen ari zela. Herenegun, barkamena eskatu zien bere bi semeei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.