Kofi Atta Annan

Inspirazioaren arrastoan

NBEko idazkari nagusi izandakoa atzo hil zen, 80 urterekin. Erakunde horretako lehen buruzagi beltza izan zen, eta, bi agintalditan argi-ilunak izan bazituen ere, karisma handiko liderra izan zen. Bakearen Nobel saria eman zioten 2001ean.
NIC BOTHMA / EFE

Kristina Berasain Tristan -

2018ko abuztuak 19
Twi eta fante hizkuntzek eman zizkioten izen-abizenak, amaren eta aitaren ama hizkuntzek. Kofi hitzak ostiralean jaiotakoa esan nahi du. Atta-k, bikia dela. Eta Annan-ek, seme-alaben artean laugarrena dela. Kofi Atta Annan Kumasin Ghanan jaio zen, 1938an, eta atzo hil zen, Bernan, Suitzan, 80 urterekin. Haren familiak eman zuen heriotzaren berri, txio batean zabaldutako komunikatu baten bidez. Nelson Mandelaren jaiotegunaren mendeurrena ospatzeko ekitaldietan gaixotu omen zen, iragan uztailaren 18an, eta ordutik etxean izan da zehaztu ez duten gaixotasun «labur» batek jota. Hegoafrikako presidente mitikoa haren inspirazio iturri izan zela esana zuen behin baino gehiagotan, haren arrastoan ibili zela, eta, orain, Annan hil denean, hitz bera erabiltzen ari dira hari buruz mintzatzean, inspirazioaren legatua pertsona batetik bestera pasatzen den lekuko bat balitz bezala.

Antonio Guterresek berak erabili du hitza. «Haren legatua inspirazio iturri bat izango da guztiontzat. Kofi Annan erreferente bat zen, gidari bat». NBE Nazio Batuen Erakundeko gaur egungo idazkari nagusiak hitz horiekin agurtu du aurretik kargu berean izandako buruzagia. Annan NBEko idazkaritzara heldu zen lehen afrikar beltza izan zen, eta bi agintaldi egin zituen nazioarteko erakunde goreneko buruzagitzan, 1997tik 2006ra. Agintean zela eman zioten Bakearen Nobel saria ere, 2001ean.

Hark utzitako legatua goraipatu dute azken orduetan nazioarteko agintari guztiek, baina, akaso, izaera administratiboa zuen kargu sinboliko bati profil politikoa ematea izan zen haren ekarpenik handiena.

NBEren erreforma

Butros Butros-Ghaliren lekukoa hartu zuen 1997an, eta ordurako egitura guztiz anakronikoa zen erakunde bat erreformatzea izan zuen lehen erronka. Annanek berak aitortu zuen bere lana «munduko zailena» zela, besteak beste, «herrialde guztien plaza» gobernatu behar zuelako. Egitura zaharkitua zegoen, eta eraginkorragoa, gardenagoa eta demokratikoagoa egitea ezinbestekoa zen zilegitasuna izango bazuen. 2006an, Annanek kargua utzi zuenean, erakunde horren zeregina lausoa eta hutsala zen oraindik, aldaketa sakon horiek egiteko zeuden, baina neurri batean erakunde handi bezain konplexu hura modernizatzea —sei mila langile zituen plazan mila lanpostu kendu zituen— eta herritarrei gerturatzea lortu zuen, pertsonen beharretara jartzea nekezegia baitzen.

NBE barrutik eta behetik ezagutu zuen. OME Osasunaren Mundu Erakundean hasi zuen ibilbidea, 1962an. Ghanako sendi gehienak ez bezala, harena ez zen txiroa, elite aberatsekoa baizik, eta ekonomia ikasteko aukera eman zion horrek, jaioterrian hasieran eta atzerrian gerora: Minnesotan, Genevan eta Massachusettsen.

Hainbat hiri eta erakundetan egin zuen lan hurrengo urteetan, eta 1987an iritsi zen New Yorkera. NBEko hainbat departamentu eta programatan aritu zen aholkulari, laguntzaile eta koordinatzaile gisa. Bake Indarren Operazio koordinatzaile izan zen 1993an, eta orduan etorri zen haren lehen auzi korapilatsua. Ruandan genozidio bat gertatzear zegoela ohartarazi zuten txostenei ez ikusi egin zien. Handik gutxira, ehun eguneko epean, 800.000 tutsi eta hutu hil ziren. Duela hiru urtera arte ez zuen aitortu hanka sartzea: «Ruandan denok egin genuen huts. Oker kolektiboa izan zen, guztiona».

Ez zen aurrenekoa eta bakarra izango. Jugoslaviarako ordezkari berezi izendatu zuten ondoren, eta han ere ezin izan zuen sarraskia eragotzi. Serbiarrek 8.000 musulman hil zituzten Bosnian, ustez NBEk babesten zuen eremu batean, Srebrenican.

«Gizakia erdian»

Ez zen curriculum samurra, baina tontorrera igotzea lortu zuen. 1996ko abenduaren 13an izendatu zuten idazkari nagusi. Zazpigarren idazkaria zen, eta lehen beltza. Horrek, akaso, zerikusia izan zuen pobrezian, hiesean eta desoreketan jarri zuen arretarekin. Milurtekoaren Helburuen eta Kyotoko Protokoloaren sustatzaileetako bat izan zen.

Haren gizatasunak eta moraltasunak miresmena sortzen zuten ordurako. Bakearen Nobel saria eman zioten 2001. urtean «mundu baketsuago eta antolatuago baten alde» egindako lanarengatik. Oslon, saria jasotzeko ekitaldian, adierazi zuen «etengabe» saiatu zela «gizakia eta giza eskubideak denaren erdian» jartzen.

Haren izen ona auzitan jarriko zuten garai ilunak etorri ziren gero. Irakeko gerra eragotzi ezin izana bere ibilbideko «porrotik handiena» izan zela adierazi zuen. AEBei eta Erresuma Batuari ohartarazi zien gerra hura legez kanpokoa zela, baina, nazioarteko potentziek ez zioten men egin hark ordezkatzen zuen erakundeari. Eskandalua, baina, gerora etorri zen, eta eremu pertsonalean jo zion. Petrolioa Elikagaien Truke programaren ustelkeria sarean haren semea zegoen: Kojo Annan. Irakeko herritarrei elikagaiak eskuratzea ahalbidetzen zien programak, herrialdea nazioarteko zigorren pean baitzegoen. Annanentzat «unerik zailena» izan zen, eta «dimisioa ematekotan» izan zela aitortu zuen. Kasko urdinen sexu-abusu salaketak izan ziren haren agintaldiaren azken pasarte beltza.

Idazkari nagusi izateari utzi ostean ere aritu zen lanean nazioarteko erakundearentzat, baina kargua utzi eta urtebetera sortu zuen fundazioan jarri zuen bere kemena: Kofi Annan Fundazioa, bakearen eta elkarrizketaren alde egitea helburu zuena. Eta The Elders erakundean. Nelson Mandelak, haren inspirazio iturri izandako «heroiak» sortutako erakundeko presidentea zen, eta horren bidez saiatu zen haren legatua zabaltzen.