ana galarraga aiestaran
ARGI ALDIAN

Bikini, hutsik

2016ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Duela 50-60 urte, estatubatuarrek 67 proba nuklear egin zituzten Marshall Uharteetan. Australiaren ipar-ekialdean daude uharte horiek, eta haietako bat da Bikini, bi zatiz osatutako bainujantziari izena eman diona.

Garai hartan, probak egin aurretik, uharte batzuk hustu zituzten, gerora itzultzeko aukera izango zutela aginduta. Alabaina, gaur egun oraindik hutsik jarraitzen dute, probek askatutako isotopo erradioaktiboak osasunerako kaltegarriak baitira.

Denbora igaro ahala itzultzeko eskaerek indarra hartu dutela eta, Columbia Unibertsitateko ikertzaileek sei uhartetako gamma-erradiazioa neurtu dute, eta probetatik urrun dagoen uharte bateko eta New Yorkeko Central Parkeko neurketekin alderatu dituzte emaitzak.

Hala, ikusi dute sei uharteetatik bostean osasunerako segurutzat jotzen den mugatik beheragoko erradiazio-maila dutela, hau da, 100 milirem urteko baino gutxiago. Erreferentziarako hartu duten uharteak ere hori baino erradiazio-maila txikiagoa du. Bikini uharteak, ordea, 184 milirem urteko eman du; aitortu dutenez, espero zutena baino gehiago. Eta, bitxia badirudi ere, Central Parken 100 milirem urteko erradiazioa neurtu dute. Ikertzaileen arabera, parkean granito asko dago, eta, torioan aberatsa denez, berezko erradiazioa du.

Emaitzak ikusita, ikertzaileek ondorioztatu dute Bikinik hutsik jarraitu behar duela oraingoz. Gainera, erradiazio-maila jaitsita ere, biztanleei uhartera itzultzeko aukera eman baino lehen, ura eta elikagaiak seguruak direla bermatu beharko luketela ere ohartarazi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.