Olatz Urkia
LEKU-LEKUTAN

Txinatarrak aspalditik daude esna

2022ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Shanghain 26 milioi pertsona etxetik atera gabe daude. Atea ireki eta ezkaratzera irtetearen eguneroko keinu sinple hori esperientzia berezia izango da laster beraientzat, ez dute egingo eta luzaroan; nork daki noiz arte. Martxoaren amaieran kasuen gorakadaren ondorioz berrogeialdi orokorra hasiko zela jakinaraztean gobernuak aste baterako izango zela esan zuen, baina luzatu egin dute muga zehatzik gabe. Omikron aldaerarekin kostatzen ari zaie oldearen kontrola berreskuratzea: azken egunotan Shanghain 25.000 kasu berri inguru baieztatu dituzte 24 orduko, eta hori beste herrialdeetako egoerarekin alderatuta ez da asko, baina Txinan izan diren aurreko oldeekin alderatuta bai, gehiegi.

Urbanizazioak hesiz inguratu dituzte, eta buzo zuridun langileek ez dute inor kalean onartuko: ez lanera joateko, kirola egiteko, txakurra paseatzeko... Erosketak egiteko ere ez. Etxean janaririk gabe geratzea ere ez da salbuespena egiteko arrazoi pisuzkoa.

Eta horrela daramate, dagoeneko, gutxienez bi aste. Beste biztanleak gertuagotik ikusteko aukera bakarra dute 3-4 egunean behin: PCR proba. Baina noski, horretarako erizainak urbanizazioen sarreretara joaten dira, eta markatuta dago etxeko atetik testaren mahairako bidea; noski, ez zaio inori bururatu ere egiten aukera hori supermerkatura ihesaldi azkarra egiteko erabiltzen saiatzea, neurriak ez errespetatzeak ondorio gogorrak baititu hemen.

Gurutzatu ezin denmuga bat: gosea

Gosea pasatzearen ideiak edonor beldurtzen du. Baina Txinan gehiago: 1958 eta 1961 artean izan zen goseteak 50 milioi hildako inguru utzi zituen eta ondo daukate gogoan. Belaunaldi gazteen artean ere nabaritzen da, kulturalki janaria bereziki errespetatzeko modu horretan ikusten da, guraso eta aitona-amonek ezagutu zuten gosete hori kulturalki erabat barneratua geratu den zerbait da.

Gaur egungo Txina modernoan ez zuten pentsatuko gosea noizbait pasatu beharko zutenik, eta gobernuaren neurri zorrotzak eta kontrol hori onartzen badute, bizitza kalitatea asko hobetu delako da. Baina egunotan sareetan aitona batek idatzi du orain Shanghain iraultza kulturalean baino okerragoa dela bere bizitza. Bere kexa, beste asko bezala, birala egin da.

Kexak segituan hasi ziren berrogeialdia luzatzean; hasieran modu leunago batean; sareak txantxaz bete ziren: Shanghaiko irudiren bat editatu eta Hunger Games izenburua emanez; edo neska laguna bilatzeko mezu tradizional horietako batean plus nagusi bezala hozkailua beteta dutela idatziz. Gero balkoietara hozkailuak ateratzen hasi ziren, hutsik zeudela erakutsiz protesta egiteko. Eta azkenean bromarako gogorik ez eta protestan kalera atera dira ehunka pertsona. Zenbait supermerkatutan ere arpilatzeak izan dira.

Gaixotzekobeldurraz haratago

Omikron aldaerarekin eta Shanghaiko egoerarekin gertatu dena da gaixotasunari berari beldurra galtzen hasi direla. Txinan kutsatze gutxi izan direnez, oraindik badago COVIDarekiko beldur hori, baina Shanghain beldur handiago batek hartu du lehen planoa: gaixotzearen beste ondorioen beldur dira; sintomek ez dituzte hainbeste kezkatzen. Izan ere, hegoaldeko finantza zentroan oldea urtarrilean hasi zenetik atzeman dituzten 300.000 positibo inguruetatik bederatzi bakarrik izan dira egoera larrian ospitaleratuak. Gehienek sintoma oso leunak dituzte edo asintomatikoak dira.

Kutsatzeak dakarren erabateko askatasun falta horrek bai, beldurra ematen du. Positibo emanez gero, maletatxo bat prestatzeko minutu gutxi batzuk eman, eta segituan eramaten dituzte ospitale edo berrogeialdi zentroetara. Senideengandik banantzen dituzte, baita haurrak ere. Izan dira, gainera, kutsatu direnak isolamenduan sartu ondoren buzo zuridun langileek beren maskotak hil dituzten kasuak.

Gertukoak babestu ezin izateak eta erabateko ezgaitasun sentsazio horrek gainditu du askorentzat muga. Sare sozialetan ikusi ditugu, adibidez, semeengandik banandu nahi izan dituztenean buzo zuridun langileei eraso egin dieten guraso haserretuak.

Aspalditik esna

Orain Shanghain asko kalera iritsi direla ikusi eta atzerrian batzuek sorpresa erakutsi dute, txinatarrak agintariei aurre egiten ikustea berria iruditzen zaielako. Baina orain Shanghain ikusten ari garen berrogeialdi zorrotza beste hiri txikiagoetan izan dugu aurreko oldeetan, eta kexak ere bai; hori bai, beste eskualde horiek ez dira atzerrian denek ezagutzen dituzten nazioarteko finantza zentroak, eta horregatik ez zaie albistegietan hainbesteko lekurik egiten.

Hala ere, orain arte izan diren protesta isolatuez haratago, gehiengoak babesten du zero kutsatzeen estrategia, edo orain arte gutxienez babesten zuen, eta ez burua alderdiaren propagandaz beteta dutelako edo horrelako zerbaitengatik, ez, estrategia honek benetan emaitza onak eman dituelako baizik: Txina 1.400 milioiko biztanleria duen herrialdea izanik, hildakoak 4.700 inguru izan dira, guztira; Ameriketako Estatu Batuetan, aldiz, 987.000. Eta hemen atzerrira begiratzean ulertzen ez dutena da hildako horien guztien normalizazioa. Ameriketako Estatu Batuen kasuarekin alderatuta, argi dute nahiago dutela hemengo estrategia.

Orain, aldiz, egoera aldatu da, omikron aldaerarekin gehienak asintomatikoak direlako, eta ondorioz gizartearen ikuspuntua ere hasi da aldatzen, txinatarrek, mundu osoan bezalaxe, egoeraren arabera iritzia aldatzen dutelako noski; ez dira, Mendebaldean oraindik askok irudikatzen dituzten bezala, masa uniformea, eta aspalditik esna daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.