inaki petxarroman
HIZPIDEAK

Barkamen eskaerarik ez

2022ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak gaitzetsi egin du Gernikako bonbardaketa. Urrats garrantzitsutzat jo du keinu hori, gainera, orain arte inoiz ez baitu halakorik egin. Halaber, lehenengo aldiz goi kargu bat bidali du duela 85 urte, Francoren aginduz, hegazkin naziek suntsitutako Bizkaiko herrira. Bada urrats bat, baina ez Gernikako herriak merezi eta espero zuen urratsa. Duela hamabost egun, herriko alkate Jose Maria Gorroñok gutun bat helarazi zion Pedro Sanchezi, eta galdegin barkamena eska zezala gertatutakoarengatik, Alemaniako Gobernuak egin zuen bezala.

Ez baitira gauza bera gaitzespena eta barkamen eskaera. Eta aldea da norbera gertaera baten inguruan non dagoen. Gaitzesten duenak jazotakoaren erantzukizunetik kanpo utz dezake bere burua. Barkamena eskatzen duenak, berriz, gaitzetsi ez ezik, egindako mina aitortu, eta min horretan duen erantzukizuna bere gain hartzen du. Horixe egin zuten Alemaniako erakundeek —lehenik, gobernuak eta, gero, parlamentuak— duela 25 urte. Espainiak, nonbait, ihes egiten jarraitu nahi du. Bonba horiek jaurtitzeko agindua eman ez balute bezala ondoren gerra irabazi eta gobernua hartu zutenek. Ez du balio, beraz, gobernuari erantzukizun hori kentzea. Kontua da, agian, trantsizioaren itunetan horixe hitzartu zutela: erantzukizunik ez hartu behar izatea. Hala balitz, ondo legoke hori ere aitortzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.