Bi aste dira Sea Watch gobernuz kanpoko erakundearen (GKE) Sea Watch 3 ontzia blokeatuta dagoela Italia hegoaldeko Catania hiriko portuan. Mediterraneo erdialdean migratzaileak salbatzeko atera zen itsasora, eta 47 aurkitu zituen urtarrilean; horiek Catanian utzi zituen, hamabi egun noraezean ibili ostean, baina, migratzaileak Italian uztean, hango justiziak ikerketa bat abiatu zuen, iheslariak salbatzeko beharrezko irizpideak betetzen dituen argitzeko. Testuinguru horretan, Herbehereetako Gobernuak herenegun Italiakoari eskatu zion ontziaren blokeoari eusteko, ikerketak iraun bitartean —GKEa Alemaniakoa den arren, Sea Watch 3-k Herbehereetako bandera erabiltzen du—.
Zehazki, justiziak argitu nahi du ontzi hori «gai ote den denbora tarte luze batez pertsona kopuru handi bat» garraiatzeko. Teknikari italiar batzuk ontzira sartu ziren iragan urtarrilaren 31n, eta orduan adierazi zuten «nabigatzeko segurtasunarekin» eta «araubidearen urraketarekin» zerikusia duten arazo batzuk ikusi zituztela. Horregatik, Amsterdamek jakinarazi du ontziak blokeatuta jarraitu behar duela.
Herbehereek ontzi baten blokeoari eustea nahi dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu