Athleticek irabazi egin behar du, goiko postuetan sendotzeko

haritz gallastegi
2020ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Espainiako Kopa ahaztu, eta ligari gogotsu heldu gura dio Athleticek. Europako postuetatik puntu bakar batera dago, baina puntu asko pilatu beharko ditu lehia horretan jarraitzeko. Garaipenak behar dituela, alegia. Baina aspaldian kosta egiten zaio irabaztea. Abendu hasieran irabazi zuen azken aldiz, Granadak San Mames bisitatu zuen egunean. Ordutik, neurketa bat galdu du, eta lau berdindu. Berdinketa pare bat meritu handikoak izan dira, baina taldeari puntu bakarra eman diote.

Ligari gertutik begiratzen ez diotenentzat edo soilik sailkapenari erreparatzen diotenentzat Espanyol kontrario aproposena izango da garaipenaren bidera bueltatzeko. Azkena da; beraz, talderik txarrena, eta aurkaririk errazena. Baina egungo Espanyolek ez du zerikusirik lehen itzulian galduta ibili zen taldearekin. Mailari eusteko esperantzarekin neurriak hartu ditu. Hasteko, egoera larrian dauden taldeak salbatzen espezialista bihurtu den entrenatzaile bat fitxatu dute: Abelardo Fernandez. Espanyolera iritsi berritan hasi da dinamika txarra iraultzen. Hasteko, Bartzelonaren aurka berdindu zuen, eta, gero, Vila-reali irabazteko gai izan zen. Ez da gutxi. Gainera, klubak jokalari onekin indartzeko aukera eman dio. 40 milioi euro gastatu ditu neguko merkatuan hiru jokalari fitxatzeko: Leandro Cabrera atzelaria, Getafetik; Adrian Embarba erdilaria, Rayotik; eta Raul de Tomas aurrelaria, Benficatik. Talde lehiakorragoa da, eta konfiantza berreskuratzen ari da. Gainera, ligan duen egoera ikusita, Kopa albo batera utzi du, eta gaur hasieratik ariko diren jokalari gehienak fresko iritsiko dira.

Athleticek, berriz, autoestimu faltarik ez dauka. Gaizka Garitanoren taldea ondo ari da lehiatzen, baina ligan eta kopan pilatzen ari zaizkio lanak. Elx mendean hartzeko egindako ahalegina ordain egin dezake. Futbolari garrantzitsu gehienak aurkariak baino nekatuago egongo dira. Bestalde, Cristian Ganea Vitorul Constantara itzuliko da utzita.

ESPANYOL-ATHLETIC

Espanyol. Diego Lopez; Victor Sanchez, Naldo, Cabrera, Didac;

Melendo, David Lopez, Roca, Darder; Calleri eta Raul de Tomas.

Athletic. Herrerin; Capa, Yeray, Iñigo Martinez, Balentziaga; Dani Garcia, Beñat; Williams, Muniain, Ibai; eta Raul Garcia.

Epailea. Sanchez Martinez.

Lekua. Cornella (40.000 ikusle).

Ordua. 13:00etan (Mov. La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.