Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Apustulariaren falazia

2020ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Badago argudio iruzurti bat, jokalariaren falazia, zeinak adierazten duen iraganeko ekintzek eragin zuzena izanen dutela etorkizunak ekarriko dizkigun ausazko gertaeretan. Sofismaren arabera, zorizko gertakizun batek berriz izateko probabilitate txikiagoa izanen du aurreko tarte zehatz batez maiz suertatu bada, eta, halaber, gertatzeko aukera handituko da lehengo epe berean jazo ezean. Demagun jokalariak lau aldiz bota duela txanpona airera, eta lauretan zoriak Espainiako errege emerituaren nikelezko aurpegia erakutsi diola. Aurreko emaitzak kontuan harturik, falaziaren jarraitzaileak pentsatuko du Abu Dhabiko auzokidearen muturra iraganeko kontua dela, eta apustu irmoa eginen du txanponaren ifrentzuaren alde. Kaka. Honetan ere apus-tulariak Borboikoaren agurrajasotzeko aurreko aldietako probabilitate bera izanen du, ehuneko berrogeita hamar. Txanponak ez du oroimenik, eta bosgarrenean ere zoritxarrez berriz agertuko balitz, monarkak euroak hartuko lituzke berarekin.

Etengabe esaten zaigu historiako gertaera latzak jakinarazi behar direla berriz errepika ez daitezen, iraganeko basakeriak kontuan hartzea etorkizuneko hondamendiak eragozteko txertoa balitz bezala, baina irizpideak ez du oraingoz arrakasta handirik izan, munduak lehengo lepotik burua jarraitzen baitu. Egia da politika ez dela ausazko jokoa —ez luke izan behar— baina uste dut sofisma maiz ezartzen dela politikagintzan, jakinaren gainean edo inkontzienteki. Monarkiaz ari garela —baita beste zenbait kontuz ere—, esanen nuke iraganeko gertaerak kontuan izaten direla PSOEren aldeko apustua egiten denean: horrenbeste aldiz zapuztu du aldaketa oro gauzatzeko ilusioa, non pentsatzen baitugu ezinezko izanen duela hurrengoan ere huts egitea, txanponeko erregeak euroak eramateko betiko probabilitatea izanen duela ahantzita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.