Van Vleutenek bigarrenez jarraian irabazi du urrea erlojupekoan

Herbehereek erakustaldia eman dute Munduko Txapelketan, Van der Breggen eta Van Dijk ere igo baitira podiumera

enaut agirrebengoa
2018ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Erakustaldi historikoa egin zuen atzo Herbehereetako selekzioak Innsbrucken (Austria), Munduko Txapelketako erlojupekoan. Izan ere, hiru herrikidek irabazi zituzten dominak, elite mailako emakumezkoen proba batean lehen aldiz. Annemiek van Vleutenentzat izan zen urrea, Anna van der Breggenentzat zilarra, eta brontzea, berriz, Ellen van Dijkentzat. Hala, bigarren urtez jarraian igo zen Mitchelton-Scott taldeko ziklista podiumeko koskarik gorenera. Larunbatean errepideko proba ere irabazten saiatuko da, eta, hala, Jeannie Longok 1995ean ezarritako marka berdintzen.

Goitik behera bete zen esperotako gidoia, Van Vleuten eta Van der Breggenen arteko buruz burukoa izan baitzen urrezko dominaren lehia. Gauzak estu zeuden haiek atera aurretik, baina biek ala biek astindua eman zieten aurkarien denborei. Lehenik, Van der Breggenek 55 segundo ondu zuen Van Dijken denbora, probaren bigarren zatiko ibilbide maldatsuan pedal kolpe sendoa erakutsita. Lehen postuan kokatu zen behin-behinean, eta zaila zirudien inork hark baino denbora hobea egitea. Soilik Van Vleuten zer horretarako kapaza.

Bada, lortu zuen, eta nola lortu, gainera. Hegan egin zuen 28 kilometroko ibilbidearen zati guztietan; bai hasierako ordekan, baita errepidea tentetu zenean ere. 18. kilometroko mugarrian 19 segundo ateratzen zizkion jada Van der Breggeni, eta, azkenean, ia 30 segundorena izan zen aldea. Hala, iazko emaitza bera lortu zuten bi txirrindulariek; hori bai, joan zen urtean hamabi segundo eskasengatik gailendu zen Van Vleuten.

Aurten askoz ere nagusitasun handiagoa erakutsi du. Van Dijki 1.25 atera zion, eta zazpigarren izan zen Amber Neben beteranoa aurreratu zuen azken kilometroetan. Gauzak askoz ere estuago egon ziren podiumaren lehian, Van Dijkek soilik bi segundo hobetu baitzuen Leah Kirchmannen denbora. Leah Thomas brontzetik zortzi segundora gelditu zen, hemezortzira Lucinda Brand herbeheretarra, eta 23ra Neben. Euskal txirrindularirik ez zen lehiatu. Larunbatean, errepideko proban parte hartuko dute Ane Santestebanek eta Eider Merinok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.