Arantza Gutierrez.
IRRATIA

Denboraldi berria

2022ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Irailarekin batera ikasturte berria abiatzen da. Hurrengo asteetan irrati programazioetako berritasunak ezagutuko ditugu: esatari batzuk ordutegiz aldatuko dira, irratsaio berriak agertuko dira, eta batzuk programaziotik kenduko dituzte. Itxaron beharko dugu ezagutzeko zeintzuk izango diren entzule berriak erakartzeko eta betikoen fideltasuna mantentzeko eskainiko diren proposamen berritzaileak, kateetako esatari izarrak edo jarraituko duten saioak, podcast bihurtuta akaso.

Momentuz ezer gutxi ezagutzen dugun arren, aldaketa batzuk aurreratu dira EITBn. Radio Euskadin Levando Anclas saioko Roge Blascok erretiroa hartu duela iragarri zigun ekainean, uhinetan 39 urte bete eta gero. Ahots liluragarririk eta komunikazio ahalmen berezirik gabe, ia lau hamarkadez inoiz egingo ez ditugun bidaiak irudikatzen lagundu digu. Etxekoa, gutakoa izan da, eta horretan zetzan bere xarma. Joan aurretik, desagerturiko La Casa de la Palabra berreskuratu du udan; berak argitu duenez, hainbat saio utzi zituen grabatuta erretiroa hartu baino lehen.

Badoala iragarri duen beste bat Leire Palacios izan da; digitalizazioari buruzko Sarean saioa gidatu du azken bost denboraldietan Euskadi Irratian, baina amaitzeko unea heldua zela sentitu eta ibilbide berriari ekin dio.

Eguneroko entzuleei agur esan zien Manu Etxezortuk ere. Ez dugu berriz goizero Faktoria-n adituko; baina ez da urrutira joango, Euskadi Irratian Beste 40 urtean saioa zuzenduko baitu. Azaroan EITBk 40 urte beteko dituelako aitzakiaz baliatuta, azken lau hamarkadetan Euskal Herrian izan diren gertaerak azalduko ditu saioan. Etxezortuk berak aurreratu duenez, formatu ezberdinak landuko ditu: elkarrizketak, mahai-inguruak, erreportajeak... Oroimenaren bidaia horretatik, fonotekatik dokumentu bereziak berreskura ditzan espero dugu, irratiak lagundu baikaitu urte horietan.

Eta irratiak bidelagun izaten jarraitzen du; bideoak ez, eta sare sozialen pantaila aniztasunak ere ez dute irratia hil. Hori dela-eta, nik neuk, azken 30 urtez irratia hizpide dudan EHUko irakasleak, denboraldi honetan zuengana ekarriko ditut irratietan entzun daitezkeen saioak, zuzenekoak zein podcastak, gertaera aipagarriak, berritasun teknologikoak... Erronka handia da. Espero dut zuekin batera, irakurtzen ari zaretenokin, irratia piztu eta sintonia onean aritzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.