Alex Areizaga. 'Marierrauskin'-en zuzendaria

«Norbere bideak aurkitzeaz da filma»

MARIERRAUSKIN.
Unai Ugartemendia.
2018ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Marierrauskin film laburra aurkeztuko du Alex Areizagak Bilboko Mendi Film jaialdian, abenduaren 9an. Oier Plazaola lagunarekin batera, barne gogoetara eramango du ikuslea. Iaz ere Bilbon izan zen, Fandango film laburrarekin, eta Mendi Short saria irabazi zuen Gattiken ekoiztetxeko arduradunak. Sail ofizialean izango dira aurten.

Zenbat denbora behar izan duzue Marierrauskin film laburra osatzeko?

Hasi, uztailean hasi ginen. Asko kostatzen zaigu ideia bat hitzartu eta aurrera ateratzea, eta, aurten ere, berandutu egin zaigu. Uztailean hasi egin behar genuela hitzartu nuen Oier Plazaola beste zuzendariarekin. Ideia honekin bueltaka hasi ginen. Irudi gehienak ekain eta irail artean grabatutakoak dira, baina mendiko irudi asko lehenagotik bilduak genituenak dira.

Nahasketa egiteko ez duzue tarte handirik izan orduan.

Abuztuaren amaieran hasi ginen editatzen, eta irailaren 15erako aurkeztu behar izan genuen lana. Nahiko denbora gutxi izan da, egia esan. Oporretara joan aurretik, bagenekien gutxi gorabehera nondik joango zen, baina oraindik irudi asko falta zitzaizkigun.

Ideia nondik sortu zitzaizuen?

Norbere burua aurkitzeaz eta ez aurkitzeaz eta norbere bideak aurkitzeaz hitz egiten du Marierrauskin-ek. Barne bide horietan ari naiz ni ere azken hilabete hauetan, eta ideia hortik sortu zitzaidan. Neure burua ezagutzen ari naiz, nire bidea egiten, ikasten... Esango nuke inpresio horien guztien eskualdatzea dela. Nire bizitzako fase honetako nire sentimenduak jasotzen dituen lan bat da finean.

Argi izan al zenuen hasieratik?

Metafora asko gustatu zitzaigun, eta pentsatzen genuen ipuin baten moduan landu zitekeela. Normalean, mendiko filmak gauza epikoak eta ikusgarriak izaten dira, baina guk ez dugu baliabiderik horrelako zerbait egiteko. Horregatik jo genuen irudimenaren aldera. Gero, gogoeta bat gehitu genion horri, nire gogoeta pertsonala. Uneak eraman du lanketa hori egitera.

Irudiek indar handia ematen omen diote.

Bai, egia esan, nik ez dut mendiekin amesten, nik lagunekin amesten dut. Baina egia da nire lagunek mendiekin amesten dutela, eta dudan zortea zera da: lagunen amets horiek euren begietatik ikusteko aukera dudala. Lagunek mendietara jotzen dute, beren proiektuak dituzte, eta gero haiek beren produktua ekartzen digute. Haiei esker, mundu guztira bidaiatu dezakegu ordenagailuaren bidez.

Zortzi minutu nahikoak al dira film labur baterako?

Uste dut lan bakoitzak berea eskatzen duela. Iaz, Mendi Shorterako, bost minutuan sartu behar izan genuen dena, eta agian gehiegi murriztuta gelditu zen. Aurten, istorioari behar zuen denbora eman diogu, ez genuen denbora mugarik. Uste dut iraupena nahikoa izan dela.

Alde handia al dago bost minututik zortzira?

Orain begiratuta, iruditzen zait iazkoan gauza asko gelditu zitzaizkigula erakutsi gabe. Denborak mugatu gintuen eta, agian, denbora gehiago izanez gero, lasaiago kontatuko genukeen dena. Esaterako, kredituak ere ziztu bizian pasatu behar izan genituen. Presa sentipena izan genuen iaz; aurten, ordea, planoak luzatu ditugu, testua ere lasaiago kontatu dugu... Benetan egin nahi genuena egin dugu.

Gustura gelditu al zarete?

Bai, oso gustura. Aurten, gainera, musikariak abesti bat moldatu du propio film laburrerako. Eli protagonistaren lana izugarria izan da, baita Oierrena ere. Emaitza eta baliabideak ikusita, iruditzen zaigu transmititu nahi genuena oso ondo transmititzen dela. Beti aurkitzen dizkiozu akatsak gero, baina orain artekoarekin behintzat gustura gaude.

Iaz, Fandango-rekin, Mendi Short irabazi zenuten. Aurten, sail ofizialean sartu zarete Marierrauskin-ekin. Hori al zen asmoa?

Bai, asmoa hori zen. Helburu orokorra sail ofizialean onartuak izatea zen. Hori lortuta, ez dugu beste asmo zehatzik. Bilbora baliabide asko dituen jendea etortzen da, irudimen eta jakintza handiko jendea, eta guretzat handia da horien artean egotea.

Noizko film luze bat?

Horretan ari gara, baina ez dakigu noizko izango dugun, agian datorren urtean, agian hemendik bi urtera... Berezia izango da, eta ez dugu denborarekin mugarik.

Bilbokoa urteroko jaialdia izango al da zuentzat aurrerantzean?

Ikaragarri maite dugun jaialdia da Bilbokoa. Antolatzaileak eta jaialdia bera gauza bereziak dira guretzat, baita bertan aurkeztu ahal izateko jartzen dugun erronka ere. Aurtengorako ere bagenuen erronka, eta aurkeztu dugu, eta pentsatzen dut datozen urteetarako ere hori izango dela erronka.

Beste jaialdi batzuetara ere aurkeztuko al duzue?

Iaz Tolosako eta Durangoko Mendi Tourrera aurkeztu genuen, eta ondo atera zen dena. Beste herrialde batzuetara ere bidaltzeko asmoa dugu; zein proiekzio duen ikusteko balioko digu.

Etxean horrelako jaialdi bat izatea garrantzitsua da.

Bai. Asko gogobetetzen gaitu euskal produkzioak garatzeko duten nahiak. Esango nuke euskal herritarrentzako izugarrizko oholtza dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.