Euskal Selekzioak gaur jokatuko du berriz, ia lau urteren ondoren

Euskal Selekzioa Lezaman entrenatzen, atzo. EUSKADIKO FUTBOL FEDERAZIOA.
Aitor Manterola Garate.
2021eko apirilaren 11
00:00
Entzun
Basque Country International Cup izena jarri dio Euskadiko Futbol Federazioak gaur jokatuko den txapelketari. Emakumezkoen Euskal Selekzioaren itzulera izango da, ia lau urteren buruan, azkenekoz 2017ko azaroaren 25ean jokatu baitzuen, Txekiako Errepublikaren aurka. Gaur, Venezuela eta Argentina izango ditu kontrario, hiruko formatuan jokatuko den torneoan. Zubietan izango da, 11:00etan (ETB1).

Nigeria ere etortzekoa zen, baina, arazo batzuk tarteko, ez da Euskal Herrian, eta, horrenbestez, honela geratu da txapelketa: 11:00etan, Argentinak eta Venezuelak jokatuko dute —atzo ere aritu ziren, Lezaman (0-0)—; 12:00etan, Venezuela eta Euskal Selekzioa lehiatuko dira; eta azkenik, Argentinak eta Euskal Herriak jarriko dituzte indarrak parez pare, 13:00etan. Hiru partidak 45 minutukoak izango dira.

Iñigo Juaristik eta Aintzane Encinasek zuzentzen duten taldeak herenegun arratsaldean eta atzo goizean egin zituen entrenamenduak, Lezaman. Hemezortzi jokalari ariko dira Euskal Selekzioan: Athleticeko hamar, Realeko hiru, Eibarreko bi eta Real Madrileko bat. Ez daude egon zitezkeen guztiak, FIFAren egutegian izanik txapelketa, beste selekzioek ere partidak edota entrenamenduak dituztelako. Horixe da, adibidez, Espainiaren kasua, eta han dira Euskal Herriko hainbat jokalari, talde nagusian edo gazte mailakoan. Falta direnak falta direla, Juaristik garbi asko azaldu zuen herenegun BERRIAn ez dela haiekin behar baino gehiago oroituko: «Pentsamenduan beti izaten ditugu etorri ezin direnak, baina haiek ez daude, eta beste batzuk etorriko dira, sekulako ilusioarekin, gainera. Horiekin jokatuko dugu». Bermatu egin zuen entrenatzaileak «selekzio ona» ikusiko dela zelaian.

Gaurko bi aurkariei dagokienez, Argentina 31.a da FIFAko sailkapenean, eta Venezuela, 55.a. Argentinaren palmaresean daude Amerika Kopa bat eta Hego Amerikako Jokoen txapelketa bat. Munduko Kopan hirutan izan da, azkenekoz 2019an, eta ez du lehen fasea inoiz gainditu. Venezuelak, berriz, Erdialdeko Amerikako eta Karibeko Jokoak irabazi zituen 2010ean.

Argentina, ezagun zaharra

Hamargarren aldiz zelairatuko da Euskal Selekzioa gaur. Aurreneko bi aldietan, hain zuzen, Argentina izan zuen kontrario: 2006ko irailaren 2an izan zen lehendabizikoa, Irunen, eta argentinarrek 2-4 irabazi zuten; handik zazpi hilabetera, Argentinan jokatu zuten, eta orduan ere hegoamerikarrek irabazi zuten, 4-2koarekin berriz.

Duela hamabost urteko entrenatzaile bera daukate argentinarrek: Carlos Borrello.

Euskal Selekzioaren ia hamabost urteko ibilian, lau garaipen lortu ditu, bi aldiz berdindu du, eta hirutan izan da galtzaile. 70 jokalarik baino gehiagok jokatu dute, eta sei entrenatzaile eduki ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.