KRITIKA. dFeria

Bi emakume latinoamerikar

Marce Valencia, Fabio Rubianoren <em>Yo no estoy loca</em> obra interpretatzen.
Marce Valencia, Fabio Rubianoren Yo no estoy loca obra interpretatzen. DFERIA

Agus Perez -

2019ko martxoak 15

'Yo no estoy loca' eta 'Retrópica'

Zuzendariak: Fabio Rubiano (Yo no estoy loca) eta Mari Paula (Retrópica). Interpreteak (hurrenez hurren): Marce Valencia eta Mari Paula. Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia Club aretoa. Egunak: Martxoak 12 eta 13.

DFeria erakargarri egiten duten gauzetariko bat da Latinoamerikako arte eszenikoei begiratu txiki bat bota ahal izatea, eta gaurko kritikan Kolonbia eta Brasildik ekarritako bi lan komentatuko ditugu.

Yo no estoy loca (Ez nago erotuta) deitu da Marce Valenciak interpretaturiko pieza, eta aipatzekoa da esku-programan dakarrela «Valenciak esateko eta egiteko» egina dela. Horrek esan nahi du interpretearen neurrian sortu dela, eta datu horrekin hobeto ulertuko dugu soilik sei aulkirekin eta antzezlearen energiarekin izandako emaitza harrigarria.

Fabio Rubianoren testuan emakume batek ohean aurkitzen ditu senarra eta haren amorantea, eta pasadizo horren inguruan era guztietako kontakizunak ehuntzen dira, abilezia handiz ehundu ere. Bide batez, argumentuak ihes egiten du anekdota hutsaren eremu antzutik, eta protagonistaren bizipenen bidez Kolonbiako egoera sozialaren berri izan dugu. Tira, ez gara hurbildu Kolonbia osoaren konplexutasun itzelera, noski, baina bai europar mundu burgesarekin hobekien konektatzen duten gizarte-geruzetara. Izan ere, antzezlaneko gatazkak ez dauka zerikusirik ez hango nekazari txiroekin, ez indioekin, ez narkoekin, ez paramilitarrekin, han jaio izanda beren herrian ezer gertatuko ez balitz bezala bizi nahi dutenekin baizik. Gogoeta hori ez da inolaz ere agertu, eta horregatik kokatzen da antzezlana latinoamerikar antzerki burgesaren eremuan, antzezpena eta testuaren garapena bikainak izan arren.

Iemanja jainkosa afro-brasildarraren itxuraz hartu ditu ikusleak Brasilgo Mari Paula performerrak, Brasilgo portugesezko testu indigenista-dadaista-feminista bat —Leonarda Gluckek lan honetarako egina— entzuten zen bitartean. Paulak apurka-apurka erantzi ditu soinean zeramatzan edergarriak eta lihazkiz egindako gona doratuarekin geratu da, bularraldea agerian.

Hortik aurrera, eboluzio dantzatuak garatu ditu, baina adierazi duen mugimendu kalitatea zuri batenari zegokion, ez benetako brasildar batenari, eta eman duen itxurak turistentzako ikuskizun horietako batean baleude bezala sentiarazi gaitu. Beste une batzuetan jaka distiratsu bat jantzi du, betiere bularrak agerian utzita, eta patata tortilla zakar bat prestatu eta erdizka jan du, Mexikoko narkotrafikatzaileen krudelkeria izugarrien berri ematen zigun bitartean.

Brasilgo eta lusofoniako abesti eta ahots ezagunek girotu dute emanaldia —Tom Jobimen Água de beber mitikoa, Vinicius de Moraesen grabaketa historiko bat, Maria Bethaniaren lehendabiziko kanta (É de manhã, Caetano Veloso egilea), Cabo Verdeko Cesaria Evora, chorinho delakoak...—, eta hala ere proposamenetik kanpo geratu gara, artistari zerizkion artifizialtasuna eta pertsonalismoa zirela kausa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna