Oier Guillanek irabazi du antzerki alorreko Donostia Hiria Kutxa saria

Alexander Martinez Iturriarentzat izan da kontakizun liburu onenaren saria 'Iraumen' lanagatik
Oier Guillanek hiru ekitalditan banatutako antzezlan batekin irabazi du lehiaketa.
Oier Guillanek hiru ekitalditan banatutako antzezlan batekin irabazi du lehiaketa. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Mikel Lizarralde -

2018ko irailak 9
Oier Guillanek irabazi du antzerki alorreko 54. Donostia Hiriko Kutxa literatur saria Aire ikusezina lanarekin. Hemeretzi lan aurkeztu dira aurten sariketara, eta horien artean Guillanena aukeratu du Mireia Gabilondok, Aizpea Goenagak eta Arantzazu Fernandezek osatutako epaimahaiak. Horrenbestez, irabazleak 15.000 euro eta garaikurra jasoko ditu sari gisa. Lau antzerki liburu ditu argitaratuak aurretik Guillanek (Munduko jakintsurik tontoena, 2009; Arra. Arraroa, 2010; Herio heroi, 2010; eta Mr. Señora, 2016). Horrez gain, hainbat poesia lan kaleratu ditu (Erloju lehorrak, 2006; Eskuen sustraiak, 2009; Elkartasun basatia, 2016), eta baita Zauri Bolodia (2018) nobela ere.

Ipuin-liburu sariketara, berriz, bederatzi lan aurkeztu dira, eta horien artean Alexander Martinezen Iraumen hautatu du Itxaro Bordak, Aritz Gorrotxategik eta Jon Kortazarrek osatu duten epaimahaiak. Martinezek 10.000 euroko saria eta garaikurra jasoko ditu. Orain arte ezer argitaratu gabea da Martinez. Azkeneko urteetan Algaida argitaletxeak kaleratu izan ditu Kutxaren literatur lehiaketen lan irabazleak.

Ohi baino «klasikoagoa»

Hiru ekitalditan banatutako antzezlana da Aire ikusezina. Lehenengoa monologo bat da, zeinetan zinema jarlekuzain batek film baten emanaldia eten eta ikusleekin hizketan hasten den —hain zuzen ere Aire ikusezina-ren emanaldia—. Bigarren ekitaldian, jarlekuzain horri berari galdeketa bat egiten diote bere ama desagertuari buruz, eta horrekin batera amaren bakarrizketa bat ere ageri da, zeinetan gogoeta egiten duen ikusezin sentitzearen zergatiez. Hirugarrenean, azkenik, itxi egiten da istorioa ospitale batean. «Obrak ikusezin hitzarekin jokatzen du etengabe», azaldu du Guillanek berak. «Ikusezin sentitzearen inguruan hitz egiten du obrak ikuspuntu ezberdinetatik. Ikusezina izateak badu irakurketa sozial bat, baina baita irakurketa fantastiko bat ere».

Antzerkia idatzi ohi duen modutik pixka bat aldentzen da Aire ikusezina. «Nahiko obra narratiboa da, ohi baino klasikoagoa. Aspaldi ez nuen halakorik idazten, eta egia esan, lehiaketarako idatzi zuen». Antzerki esperimentala idatzi izan du, eredu narratibo klasikoei izkin egiten diena. «Antzerki esperimentalarekin saiatzen zara apurtzen ohiko egiturekin, eta horretarako ezagutu egin behar dituzu egitura horiek. Gainera, niri gustatzen zait esperimentatzea, baina ez beste eredua arbuiatzeagatik». Harago doa Guillan, eta «oso matematikoki idatziak» dauden lanak asko gustatzen zaizkiola dio. «Nahiz eta gero ez den nire hautua, badago zerbait oso erakargarria egitura horietan».

Oholtza gainera, aldiz, ez du eramango, ez baitzaio interesatzen idazkera klasikoko obra bat taularatzea. Nolanahi ere, «gustura» ikusiko luke beste norbait animatuko balitz.

Gaztelaniazko sariak, berriz, Matias Candeira de Andresek (Madril) eta Juan Carlos Rubio Cruzek (Madril) irabazi dituzte, Moebius kontakizun liburuarekin eta Pau antzezlanarekin.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna