Bere barrutik egina, Begori

ZALDI ERO.
2018ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Bego Oleaga Erdoiza (Durango, 1945), militantea, ekintzailea, aktibista… gizarteko injustizien kontrako borroka da Begorena. Gazterik, Bilboko klandestinitate gordean zaildu zen borrokan, eta ez dio bide horri utzi. Fabriketako lanean Bizkaian, Bermeoko kontserba lantegietan; Gipuzkoan, Hernaniko industrian; Araban, Gasteizko Martxoaren 3koaren aurreko hilabeteetan… Lanean, «iraultzaren subjektuak kontzientziarazten».

Antropologia sozial ikasketak egina da, Salhaketan hamabi urtez lan egindakoa, bertan laguntzen segitzen du erretretan sarturik ere. «Martxoaren 3koaren harian, Imanol [Begoren bikotea] preso sartu zuten, Carabanchelen, baina erreformatorioan, Fragaren aginduz, ez zezaten harremanik izan beste presoekin. Han, preso politikoak ez zirenak ezagutu nituen, ijitoak eta beste. Haiek jasotako tortura eta tratu txarren berri izan nuen. Mundua! Azpimundua!... Bergizarteratzea? Gezurra! Presoak kontrolatzea beste helbururik ez dago». Egun, Eskubide Sozialen Plataforman da Bego, Salhaketaren izenean.

Han eta hemen gauzatu du bere militantzia Bego Oleagak: SOS Arrazakeria, Mugak Zabalduz, edo Gasteizko Emakumeok Gerraren Aurka jende multzoan: «Euskadiko 100 enpresak baino gehiagok egiten ditu gerrako armak! Hilean bi ostiraletan kalera irteten gara: gerraren aurka, industria militarren kontra, eta herri batzuek gure partetik jasaten duten espolioaren aurka. Hainbeste diskurtso, 'Bakea, bakea, bakea!'. Eta armagintzari lotuak gaude».

Etorkinen aldeko lanean: «Arazoa da zenbait jendek ez duela tokirik gure gizartean, ezta esplotatua izateko ere! Mediterraneoko irudi horiek eta! Ikusten dugu, eta ez gara enteratzen! Gure lagun Mamadouk behin esan ziguna: 'Askotan gertatzen dira horrelakoak, baina ez dator egunkarietan!' Etorkinak hona datoz, beren herrialdeko baliabideak kentzen dizkiegulako. Ez daukate han bizitzeko modurik. Bestela, berehala etorriko ziren!».

Injustizia guztien kontra borrokan, gaztetako klandestinitatetik oraindaino arte. Eta jarrai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.