Lurraren kloruro sodikoa

2019ko irailaren 1a
00:00
Entzun
«Gu Zegamakoak, eta Arantzazu genuen gertu-gertukoa. Gainera, anaia bat eduki genuen, Ximon, fraide sartu zena. Behar zen moduan egin zituen ikasketak: Arantzazun, Forun, Zarautzen eta Erriberrin egon zen. Organista zen, eta oso ona, esaten dutenez. Erriberrin ur gutxi zuten, nonbait. Ur gutxirekin bizi ziren. Ur eskasia arren, bazuten putzu bat, baina ur ona ez, nonbait, eta tifusa ekarri zion ur hark gure Ximoni. Hain suerte txarrarekin, gaiztotu egin zitzaion tifusa. Aste betean gaixorik egon zen, sukarra etorri zitzaion —berrogeitik gorakoa, ordea!—, eta bere burutik irtenda, azken juizioko sermoia egiten hasi zen Ximon. Eta handik pixka batera, tak!, hil zen. 1942an izan zen hori. 18 urte zeuzkan; nik, 7. Aita-amak Erriberrira joan ziren hiletara eta etxean gelditu ginen arreba eta biok. Eta esan nion: 'Aizu Mattere, goazen baratzara buelta bat ematera!'. Eta heldu eskutik eta joan ginen. Nik triste ikusten nuen-eta arreba! Gero, gurasoak pozik etorri ziren Erriberritik. Triste, baina pozik, fraideek oso ondo hartu zituztelako... Hurrena, beste gauza bat gertatu zen. Ni txikitan oso bizia nintzen, santubizixa esaten zidaten, eta etxean behin zer topatuko nenbilela, kutxa bat ikusi nuen: 'Hemen bazegok zer edo zer!'. Eta zabaldu nuenean, gure anaia zaharraren marrazki batzuk, oso ederrak, eta kordoi txuri bat! Eta Ximonekin lotu nuen kordoi hura. Eta neure artean esan nuen: 'Hauxe duk nire bidea, Ximonena'. Horrelaxe etorri nintzen Arantzazura.

Ikasi nuen, eta bertako organista izana naiz, eta egutegia ere makina bat urtetan egin dut. Orain, idatzi egiten dut. Goizean jaiki, brebiarioko lehenengo errezoa egin eta, gero, zuzenean, ordenagailura joaten naiz. Suzedidoak eta anekdotak idazten ditut, Forun ikasle ibilitako garaikoak, Zarauzkoak, Erriberrikoak... Gaur bertan 'Fratris predikatzailea' idatzi dut... Ondarrutarra zen Fratris. Fraidea hura ere, gu bezala... Behin, hasi zen sermoia egiten jantokian, eta Jesusek bere ikasleei esan zien bezala esan behar zuen: 'Zuek zarete lurraren gatza!'. Baina jantokian adarjole galantak baziren, Filosofia ikasleak, eta haiek ezetz esan zioten Fratrisi, ez zuela esan behar 'lurraren gatza', askoz dotoreagoa, askoz jantziagoa zela esatea: 'Zuek lurraren kloruro sodikoa zarete!'. Kar, kar, kar... Horixe idatzi dut gaur goizean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.