Katalunia. Prozesu subiranistaren aurkako estrategia

Azalpenak eta dimisioa eskatu dizkiote alderdiek Fernandez Diazi

Demokraziaren aurkako jazarpen politikoa egiten ari dela salatu, eta neurriak eskatu dituzte
Polizia sekretuaren afera Espainiako Kongresuan argitzeko eskatu dio Anna Simok (ERC) Fernandez Diazi.
Polizia sekretuaren afera Espainiako Kongresuan argitzeko eskatu dio Anna Simok (ERC) Fernandez Diazi. T. GARRIGA / EFE

Aitziber Laskibar Lizarribar -

2014ko abenduak 2
Espainiako Poliziak Kataluniako independentistak zelatatzeko unitate berezi bat duela argitaratu izanak hautsak harrotu ditu Kataluniako politikan. Gogor mintzatu dira alderdi gehienetako ordezkariak, eta Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroaren agerraldia eskatu dute. Azalpenak Espainiako Senatuan ematea galdegin du CiUk, eta ERCk Espainiako Kongresuan aurkeztuko du proposamena. CiUk dimisio eskaera ere jarriko du mahai gainean, Jordi Sendra senatariak jakinarazi duenez.

Datorren astean eramango du proposamena Sendrak senatura. Ara egunkariak kaleratutako informazioa egia den galdetuko dio Barne ministroari, eta Espainiako Gobernuak politikari katalanen artean iruzur kasuak bilatzeko unitate berezia martxan duen argitzeko esango dio. «Estatuko estoldak» helburu politikoekin erabili direla egia bada, dimisioa emateko esango dio Fernandez Diazi.

«Onartezina da lege kontroletik kanpoko organoak izatea eta horiek Barne ministroaren aginduetara egotea», adierazi du Sendrak. «Estatuko estoldak prozesu independentistaren aurka borrokatzeko erabili baditu, berehala dimititu behar du». Urrunago joan daitekeela ere iragarri du, gainera: Europako Batasunari esku hartzeko eskatu dio; Espainiako Gobernua zigortu dezala «Kataluniaren kontra egiteko bide antidemokratikoak erabiltzeagatik».

Legez kanpo

Delitu Ekonomiko eta Fiskalen Unitatetik kanpo dabilen eta Katalunian iruzur kasuak bilatzeko lana duen talde horren «ustezko erabilera politikoa» Espainiako Kongresuan argitzea galdegin dio Anna Simo ERCko bozeramaileak Fernandez Diazi. Agerraldia egin dezatela esan die bai Barne ministroari eta bai Espainiako Poliziako zuzendari nagusi Ignacio Cosidori.

«Kontrol judizialetik kanpo dabilen talde bati buruz ari gara», ohartarazi du Simok; «ustezko erabilera politiko bati buruz». Eta ohartarazi du argitaratutakoa egia bada legez kanpo ari direla: «Espainiako Estatuak iruzurraren aurka jardun behar du, baina kasu guztietan; ez helburu zehatz batzuk aurrez ezarrita».

«Halako auziek oso gutxi dute estatu demokratiko eta zuzenbide estatutik», azaldu du Merce Conesak, CDC alderdiko ordezkariak. Gogor aritu da Barne ministroaren aurka. Fernandez Diazek Kataluniako herritarrei azalpenak aspalditik zor dizkiela adierazi du, eta zer gertatzen ari den kontatzeko eskatu dio. Hala ere, hori ez litzateke nahikoa ministroaren jarrera konpontzeko, CDCkoaren ustez. Dimisioa emateko ere esan dio. «Herritarren eskubideak bermatzen ez dituen unitate bat da».

Jazarpen ideologikoa

Irregulartasunen bila inor Kataluniako politikariak zelatatzen aritzea ez da onargarria, ICVren ustez. Zerga iruzurrei eta delituei jazartzea «zilegi eta beharrezkoa» dela azaldu du Dolors Camats-ek, ICVren koordinatzaileak, baina hori «jazarpen politikorako unitate batek» egitea ez dela onargarria. Hain zuzen, jarraipen horiek «pentsaera edo sinesmenaren arabera» egiten ari direla ohartarazi du, eta hori «jazarpen politikoa» dela.

Ciutadans ere haserre agertu da Ara egunkariak kaleratutako albistearekin: «Oso larria da Poliziak independentziaren aurkako unitatea izatea». Auzia iker dadila eskatu du, eta atzean zer dagoen ondo argitu dadila. «Demokrazian ez dago ideologiaren aurkako batzorde berezirik, ustelkeriaren aurkakoak baizik».

Sinetsi ez duen bakarra: PP

PP izan da talde independentisten aurkako ustezko jarraipenak salatu ez dituen alderdi bakarra. Kataluniako egunkariak argitaratu duen informazioari ez dio sinesgarritasunik eman.

«Delitu Ekonomiko eta Fiskalen Unitatea mundu guztiaren aurka egiten ari da», adierazi du Alicia Sanchez-Camachok, Kataluniako PPko buruzagiak. Prozesu independentistari erasotzeko helburuz politikari zehatz batzuk soilik ikertzen eta zelatatzen ari direla esatea gezurra esatea da, Sanchez-Camachoren ustez. «Nik ez dut horren berririk, inola ere ez, eta ez dut uste egia denik».

«Kontrakoa» dela ere esan du PPko Kataluniako buruak: agerikoa dela iruzurraren aurkako unitatea eta Polizia «jende guztiaren aurka» egiten ari direla. Bere alderdia jarri du horren froga gisara: «Begiratu besterik ez zaio egin behar PPko zenbat buruzagiri eragiten dieten halako auziek; badira iruzurragatik preso dauden PPko buruzagiak, eta bermepean daudenak ere bai».

Horiek hala, Sanchez-Camacho seguru dago Espainiako Polizia ez dela aritu subiranotasunaren aldeko prozesuaren aurkako joko zikinean. Are, egunkariak salaketa egiteko froga gisa aurkeztu duen lan eskaintzak ez duela ezer erakusten adierazi du: «Deialdi batean hizkuntza koofizialak eskatzeak ez du frogatzen unitate hori existitzen denik».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna