GAKOAK

2020ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Azken zazpi urteetan Hego Euskal Herrian greba orokorrik izan ez bada ere, langileen baldintzak hobetzeko borrokaldiak egin dituzte han-hemen. Besteak beste, greba luzeak egin dituzte sektore feminizatuetan. Andreak dira esparru horietako langile gehienak: lan baldintza eskasak eta prekaritate handiaago dutela salatu dute urteotan.

Eskola jantokiak. 2011tik protestak egin dituzte boladaka eskola jantokietako langileek Hego Euskal Herrian. Jaurlaritzaren menpeko eskola publikoetan, enpresa pribatuen bidez ematen dute zerbitzua, eta hori izan da gatazka iturrietako bat: baldintzak enpresekin adostu behar izan dituzte, nahiz eta eskumena Jaurlaritzarena izan. Iazko otsailean abiatu zuten azkenekoz greba, eta azkenean lan ituna adostu zuten sindikatuek —ELAk ez zuen sinatu; besteek, bai—. Eskatua zuten 2023rako langile guztien soldatak berdintzea, eta enpresa pribatuek kontratatutako langileak izan arren, langile publikoen baldintzak izatea. Langileen %90 baino gehiago dira andreak, eta salatu izan dute «denerako neskametzat» hartzen dituztela.

Adinekoen egoitzak. 2016tik greba luzeak egiten ari dira Bizkaiko eta Gipuzkoako zahar etxeetako langileak. Bizkaian, aurrena, urte eta erdian egon ziren borrokan, harik eta 2017aren amaieran hitzarmena sinatu zuten arte. Gipuzkoan, berriz 2018ko irailean hasi ziren, eta oraindik greban segitzen dute. Zehazki, aurreko astean izan zuten bilera patronalarekin, baina ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk salatu zuten proposamena «errespetu falta hutsa» izan zela. Soldata arrakalarekin amaitzea, ratioak hobetzea eta baldintza duinak edukitzea eskatze dute. Foru aldundien ardura da adinekoen zaintza, baina enpresa pribatuek daramate kudeaketa.

Garbitzaileen gatazka. Gizon eta andre garbitzaileen arteko soldata arrakalaren eta baldintza duinen aurkako protestak egin dituzte garbitzaileek urteotan, bai eremu publikoan baita pribatuan ere. Azkenekoz, joan den abenduan batu ziren Donostian, eta salatu zuten arrakala %28koa dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.