Grezia. Hauteskundeak

Bost urte izarrak ikusten

Greziako gaurko hauteskundeak 2009. urtearen amaieran hasitako eurogunearen zorraren krisiaren orain arteko azken atala dira.

Iker Aranburu.
2015eko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Hauteskundeak Grezian soilik dira gaur, baina eurogune osoa hari begira dago. 2009ko azken hilabeteetan Atenasek bere kontu publikoetan gezurra esan zuela onartu zuenetik, estuki lotuta egon dira Greziaren eta eurogune osoaren patuak. Greziaren okerrek bultzatu dute eurogunea bere izaera bera arriskuan jarri duen krisi batera; eta eurogunearen okerrek handitu dute Greziako gizartearen pobretze izugarria.

Grezian piztutako krisiak gauza asko utzi ditu agerian: herrialde askotako bankuak adreilu toxikoz gainezka zeudela, krisiaren aurreko oparotasunaren sustraiak zorrez ustelduta zeudela eta Europako diru batasuna ez zegoela prest garai txarrei aurre egiteko. Agerian utzi dute ipar zekenaren eta hego alferraren arteko banaketa ere. Eta, batez ere, agerian utzi dute krisiaren faktura krisiaren errurik ez dutenek ordaintzen dutela gehien: desberdintasun sozialak handitu dira, biztanleen laurdenak pobrezian edo horretan erortzeko zorian, hamarretik bat langabezian...

Eta, agian, Greziatik etorriko da euroaren krisiaren dinamikari itzulipurdia emango dion mugimendua.

1. 2009KO AZAROA ETA ABENDUA

Greziaren kontu publikoen zuloa, agerian

2009ko urrian, Greziako Gobernua hartzean, alfonbra altxatu zuen Georgios Papandreuk (Pasok), eta erakunde batzuek ohartarazi zutena baieztatu zuen: Greziako kontu publikoak makillatu egin zituzten 2001. urtean Grezia euroan sartzeko, eta orduz gero makillatuta egon ziren, gastu izugarriak ezkutatzeko (2004ko Atenasko Olinpiar Jokoak), baina baita ere ustelkeriaren, klientelismoaren eta zerga iruzur masiboaren erruz gaizki funtzionatzen zuen estatuari aurpegia garbitzeko. Ordurako larri zebilen ekonomia gehiago hondoratu zuen berriak, eta Grezia bere zor handia (BPGaren %146ra iritsi zen) finantzatzeko arazoak izaten hasi zen. Europan alarmak piztu ziren, eta Papandreuk guraizeak atera zituen. Lehen protestak hasi ziren.

2. 2010EKO APIRILA

Greziaren lehen erreskatea

2010eko apirilean, Papandreuk aitortu zuen Greziak ezin ziola egoerari bakarrik aurre egin, eta laguntza eskatu zion Europako Batasunari. Zalantza askoren ondoren, euroguneko herrialdeek Nazioarteko Diru Funtsak ere erreskatean parte hartzea onartu zuten. Estatukide bakoitzak jarritako diruarekin eta NDFk jarritakoarekin, 110.000 euroren poltsa bat sortu zuten Grezia hiru urtez finantzatzeko. Trukean, gastu murrizketa bortitzak eskatu zituzten estatuaren egituran eta gastu sozialean, zerga igoerak, ildo liberaleko erreformak... Ordutik oso ezaguna egin den troikaren lehen urratsak izan ziren, eta sekulako eztanda soziala eragin zuten Grezian.

3. 2010EKO MAIATZA-UZTAILA

Erreskate funtsen osaketa

Greziarena kasu bakartu bat izango ez zen beldur, euroguneko agintariak antzeko egoerei aurre egiteko neurriak prestatzen hasi ziren, behar baino polikiago, eta iparraldeko aberatsa versus hegoalde pobrea banaketa gatazkatsuarekin. Maiatzean, EFSF behin-behineko erreskate funtsa osatu zuten 500.000 milioi eurorekin, eta EBZk SMP programa sortu zuen, bigarren merkatuetan Greziaren zorra erosi eta haren interesak jaisteko. Uztailean, lehen estres azterketak egin zizkieten bankuei, eta zazpik soilik erakutsi zuten kapital eskasia. Inork ez zuen azterketa sinetsi.

4. 2010EKO AZAROA ETA ABENDUA

Tigre Zelta, otzandutako katua

Domino efektua hasi zen Greziak bezala krisiaren aurretik desoreka handiak pilatu zituzten herrialdeekin. Irlanda izan zen erortzen bigarren pieza; Tigre Zelta izenez miretsitako ekonomia eraikuntzaren burbuila handi bilakatu zen, eta, prezioak jaisten hasi zirenean, banku sistema lehertu egin zen. Anglo Irish Bank eraikitzaileen banku ustela aurretik, eta beste guztiak gero. EBZk presionatuta, Brian Cowen lehen ministroak 67.500 milioiren erreskatea eskatu zien EBri eta NDFri. Bankuak kapitalizatzeko erabili da diru horren zatirik handiena. Troika hitz gorrotatua bilakatu zen ingelesez eta gaelikoz ere.

5. 2011KO APIRILA ETA MAIATZA

Hirugarren erreskatea, Portugal ahulari

Krisiaren aurreko loraldiak ihes egin zion Portugali, lehiakortasun eskasaren poderioz hazkunde tasa apalak izan zituen eta. Ekaitza iristean, katebegi ahula zena bete-betean harrapatu zuten merkatuek, eta interes tasa jasanezinak eskatzen hasi zitzaizkion. Jose Socrates sozialistaren gobernuak 78.000 milioi euroren erreskatea eskatu zion apirilean euroguneari, eta maiatzean jaso zuen. Ordurako, jarduneko gobernuburua zen Socrates, hauteskundeetara deitu behar izan zuelako erreskatearekin batera hartu beharreko murrizketa neurrietarako nahiko sostengurik ez zuelako bildu. Socratesek porrot egin zuen ekaineko bozetan, baina haren ondorengo Pedro Passos Coelho eskuindarrak zintzo bete zuen troikak agindutakoa.

6. 2011KO UDA ETA UDAZKENA

EBZren gutunak Espainiari eta Italiari

Eurogunearen zalantzei Italiaren eta Espainiaren zorraren gaineko interesak handitzen erantzun zioten merkatuek. Jean Claude Trichet EBZko orduko buruak gutun bidez ultimatum bana eman zien Madrili eta Erromari: defizita zuzendu ezean ez ziela lagunduko. Zapaterok aspaldi hartua zuen bere ibilbide politikoari harlauza jarriko zion murrizketen bidea, baina Berlusconi erresistitzen saiatu zen, ahoarekin bai esanez eta eskuarekin ez eginez. Il Cavalieren jarrerari jendaurrean barre egin zioten Merkelek eta Sarkozyk, Berlusconik geratzen zitzaion kapital politiko apurra gastatu zuen seinale. EBren bultzadarekin, Berlusconi gehiengorik gabe geratu zen, eta azaroan dimisioa eman zuen. Mario Monti teknokratak ordezkatu zuen, italiar gehienen lasaiturako, eta EBren pozerako.

7. 2011KO AZAROA

Papademosen gobernu teknokratikoa

Troikaren eskaera gogorrek Greziaren eguneroko ogi bihurtu zituzten manifestazioak eta grebak. Politikoki babesa galtzen ari zela ikusita, Papandreuk iragarri zuen erreskatearen baldintzei buruzko erreferenduma egingo zuela. EBko buruek atzera egitera eta dimisioa ematera behartu zuten Papandreu. Haren ordez, Lukas Papademos teknokrata buru zuen koalizio zabaleko gobernu bat osatu zuten Atenasen. Sei hilabete iraun zuen: bi hauteskunde behar izan zituen Samaras kontserbadoreak Pasoken laguntzarekin gobernua osatzeko. EBk haizatutako beldurraren kanpainak Syrizaren garaipena oztopatu zuen.

8. 2012KO MARTXOA

Greziaren bigarren erreskatea

Greziaren krisiari emandako botikak ez zuen funtzionatu, eta, kutsadura hedatzen ari zela ikusita, dosia handitzea erabaki zuten euroguneko agintariek. Bigarren erreskatea onartu zioten Greziari, 130.000 milioikoa, aurrekoak baino interes txikiagoekin eta epe luzeagoekin. Trukean, gastu publikoa are gehiago murriztu behar zuen Atenasek. Berritasun bat izan zuen bigarren erreskate horrek, ordea: bankuek eta beste hartzekodun pribatuek beren zorraren erdia barkatu behar izan zioten Atenasi. 100.000 milioi euro txikitu zuen horrek Greziaren zorra, baina arinduak ezer gutxi iraun zuen.

9. 2012KO MAIATZA ETA EKAINA

Bankiaren salbamendu publikoa

Zapateroren «Europako banku sistemarik onena» adreilu hautsiz osatuta zegoen, eta bata bestearen atzetik zartatzen hasi ziren. Maiatzean, Bankiaren porrota eragoztea erabaki zuen Mariano Rajoy gobernuburu berriak, baina ez zuen nazionalizazioaren faktura pagatzeko nahikoa diru, beste bankuen salbamenduak kutxa hustu zielako. Europaren laguntza eskatu zuen Rajoyk, eta 100.000 milioi utzi zizkioten. Azkenean 40.000 milioi pasatxo erabili zituen bankuak kapitalizatzeko. Diruak bere helburua lortu zuen, baina benetako faktura herritarrek pagatu dute.

10. 2012KO UZTAILAREN 26A

«Beharrezkoa den guztia»

Eurogunea tematu zen krisiari austeritatearekin erantzuten, eta, Alemaniaren patrika zabalaren truke, defizitaren kriminalizazioa konstituzioetara eramatea onartu zuten. Baina zalantza giroa hedatu zen, ekonomia berriro atzeraldian sartu zen, eta euroaren haustura aukera erreal bilakatu zen... Mario Draghi EBZko presidenteak hitz magikoak esan zituen arte: «Euroa salbatzeko beharrezkoa den guztia egingo dut, eta, sinets iezadazue, nahikoa izango da». Hasieran, hitzak nahikoa izan ziren euroaren krisi existentziala amaitzeko eta Italia eta Espainia itotzen zituen arrisku saria jaisteko, baina deflazioaren arriskuak promesa betetzera behartu du orain Draghi. Nahikoa izango al da?

11. 2013KO MARTXOA

Zipreren esperimentua

Greziako zorra erruz pilatu zuten Zipreko bankuek, eta haren erdia barkatzeak azken zulatua eman zion Errusiako aberatsen diruarekin puztutako puxikari. Moskuren mailegu bati esker eusten zion Zipreko Gobernuak, baina Bruselara jo zuen, eta EBk taktika berriarekin erantzun zion: bai, 10.000 milioi utziko zizkion ohiko baldintzekin, baina bankuen ahalik eta zulorik handiena bankuaren bezeroek estali beharko zuten. Okerreko botoiari sakatzeko zorian egon zen Europa, herritar arruntek beren gordailuak galtzea proposatu zuenean, baina azkenean 100.000 eurotik gorako gordailuetara mugatu zuten kita.

12. 2014KO IRAILA

Samarasen apustu ustela

Arrisku sarien jaitsiera ikusgarriari esker, Irlanda 2013ko abenduan irten zen erreskatetik, eta bere burua finantzatzeko arazorik ez du izan orduz gero. Zalantza gehiagorekin, baina Portugalek ere 2014ko maiatzean esan zion agur troikari. Grezian, Antonis Samarasek ere gainetik kendu nahi zuen hirukote gorrotatuaren itzala, eta erreskatetik laguntzarik gabe irtengo zirela ziurtatu zuen. Kontuak, baina, ez ziren ateratzen, artean erreskatearen azken zatia jasotzeke zuelako Atenasek, eta zulo handia ikusten zelako 2015erako. Merkatuek ezetz esan zioten, eta Greziaren arrisku saria berriro maila jasangaitzera igo zen. Gainera, troikak ez zuen amore eman bere eskakizunetan, eta Samarasek ez zuen negoziazio horien porrota bere bizkar gainean jarri nahi izan. Irabazterik ez zuen lehendakaria hautatzeko bozketa aurreratu zuen, eta, horrek porrot egitean, bozak antolatu zituen urtarrilerako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.