Erresistentzia guneak. Errepaso historikoa

Itoitz (2003). Hustea zena erreskate

Itoizko urtegiaren kontrako mobilizazioa oso indartsua eta irudimentsua izan zen. Behin urtegia eginda, hura bete aurretik hustu zituzten herrietan antolatu ziren erresistentzia guneak.

Solidarioak, Itoizko etxe bateko teilatuan, hondeamakinek herria bota aurretik. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Oiartzabal Azketa.
Iruñea
2017ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Ohol hauek altxatu eta irteten nintzen ezkutalekutik», azaldu du Dani Unzitik (1970, Agoitz, Nafarroa), egun Iruñean lantoki duen tabernako mahaien zura ukituz. Hiru egun eman zituen ezkutatuta Itoizko bere etxeko sotoan, herria poliziaz eta hondeamakinez inguratuta zegoela. Erresistentzian.

2003ko ekaina zen, eta herritarrei bertatik alde egiteko epea amaitzen ari zitzaien. Agoitzen sortua izanik, 15 urterekin joan zen Unziti Itoitzera, amonaren etxera: Jakuerena. Bertan eman zituen ondorengo ia 18 urteak. Hustu zuten arte. «Bakoitzak bere etxea nola utzi erabakitzeko zilegitasuna du, eta nik erresistentziaren bidea aukeratu nuen. Osabarekin hitz egin nuen [hark ere erabiltzen zuen familiako etxea], eta ados zegoen; ahalik eta zailenen jarri behar genien gu handik botatzea». Itoizko beste herritarrak, asko adinekoak, derrigorrezko desjabetzeen «biktima» izan ziren, Unzitik azpimarratu duenez.

Bizitza jokoan

Itoitzekin Elkartasuna taldekoa zen Unziti, eta, harekin bat egin zuten hainbat lagunekin batera, ia sei hilabete lehenago hasi ziren Itoitz hustearen kontrako erresistentzia borrokarako prestatzen. Ekintzaileak Itoizko etxeetako ateetara eta hormetara lotzeko moduak prestatzen aritu ziren. Bunker bat ere egin zuten. Hondeamakinei lana zailtzea zen helburua.

«Uste genuen astearte batez etorriko zirela herria hustera [ekainak 17]; informazio hori heldu zitzaigun epaitegietatik. Baina egun bat lehenago etorri ziren». Astelehen batez. Horrek ustekabean harrapatu zituen herrian erresistentzian bildu ziren 30 lagunak. Horietatik 27 egunean bertan atera zituzten handik. Dani Unziti eta beste bi lagunek jarraitu zuten bertan; Unzitik, bere etxeko ukuiluetako hiru metro koadroko gordeleku txiki batean; beste biek, Bernatena etxean eraiki zuten bunker barruan.

«Hondeamakinek zuloak egiten zituzten etxeetan, ez baitzekiten non geunden ezkutatuta». Bazekiten jendea zegoela etxe barruan gordeta, baina ez zenbat ziren, ez non zeuden. «Oso urduri zeuden poliziak-eta». Horik horrela, ia bi kilometroko eremuan ez zioten inori herrian sartzen uzten, ezta komunikabideei ere.

Asteazkenean, ekainaren 18an, are eta gordinago jarri zen egoera. Unzitik irrati txiki bat zeukan; hura zen kanpoarekin zuen komunikazio bide bakarra, eta orduko presidente Miguel Sanzen adierazpenak entzutean beldurtu egin zen: «Itoizko okupatzaile batzuen biziaz kezkatuta zeudela esan zuen. Adierazpen horiek zeinek eta presidente batek egiteak, tonu horretan, okerrenerako prestatzen ari zirela esan nahi zuen». Hau da, ez zutela baztertzen Itoitzen norbait hiltzea. «Urtegia egitearen alde, prest zeuden gutako norbaiti zerbait gertatzea onartzeko».

Bunkerra lokalizatuta zeukaten, baina ez zekiten nola hautsi barrukoak arriskuan jarri gabe. Egoera horretan, herria husteko operazioa zena erreskate operazio bilakatu zuten, eta, hala, suhiltzaileei deitu ahal izan zieten. «Horrela, guri zerbait gertatu izan balitzaiguke, gu erreskatatzean gertatuko zen. Hau da, gure bizkar bota nahi ziguten han gertatuko zen horren erantzukizuna».

Unzitik sumatzen zuen ez zirela ostiral arte ezkutuan egotera helduko —hori zuten helburu, asteburuan jende asko batuko zen ustean—. Gordelekuan zeukan irratiari pilak bukatu zitzaizkion, eta ukuilu gainean zegoen egurrezko oholen lurzoruan barrena, goiko solairura igo zen, etxean pilak gordetzen zituzten tokira. «Eta foruzain batek ikusi ninduen. Dena bukatu zela konturatu nintzen». Ez du ahazteko zer esan zion burua estalita zeukan beste foruzain batek polizia etxera eramango zuen autora sartzen ari zirenean: «'Begira iezaiozu orain zure etxe putari, ez duzu-eta gehiago ikusiko'».

Urte askoan erresistentzian

1985ean, Itoizko urtegiaren proiektuari buruzko lehen berriak izan eta berehala, Itoizko Koordinakundeasortu zen;1995ean, Itoitzekin Elkartasuna taldea; 1996ko urtegiko obren kableen mozketa... Unzitik uste du Itoitz ez dela izan edozein erresistentzia borroka. «Urte askotako borroka izan da hemengoa».

Azken erresistentzia egunek merezi izan zutelakoan dago: «Urtegia indarrez, herritarren kontra eta bestelako interes batzuengatik egin zutenaren irudikapena izan ziren 2003ko ekaineko egun haiek».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.