Trantsizio Energetikoa. Elkarrizketa. Iñigo Ansola. Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusia

«Adostasun politikoak behar ditugu berriztagarriak ezartzen joateko»

EAEko kontsumo mixean berriztagarrietako energiak puntu bat irabaztea oso nekeza dela dio Ansolak, baina guztiak izango direla beharrezkoak. Eta trantsiziorako egoki-egokia, agian, bertako gas naturala.
GORKA RUBIO / FOKU

Irune Lasa -

2018ko ekainak 10
Auto elektrikoa nola dabilen erakusten aritu da Ficobara, Bioterra azokaren hasiera ekitaldira, gerturatuko agintari politikoei. «Auto elektrikoa probatzen duenak horixe nahi izaten du gero». Urte eta erdi darama Iñigo Ansolak (Markina-Xemein, Bizkaia, 1974) EEEko zuzendari nagusi moduan.

EEE buru-belarri dago sartuta trantsizio energetikoaren kontuan, ezta?

Baina, orain 35 urte sortu zenetik dabil EEE trantsizio horretan lanean. Izan ere, trantsizio energetikorako sortu zen EEE, ez beharbada gaur egungo ingurumenari buruzko kezkaren inguruan, baizik eta petrolioarekiko dependentzia arintzeko asmoz. Garai hartan, petroliotik zetorren gure energiaren %62. Petrolio upela urte gutxitan bost dolarretik 30 dolarrera pasatu zen, eta horrek arlo industrialean, eta sozialean ere, sekulako eragina izan zuen. Orain, petrolioak gure energia kontsumoaren %43 hartzen du. Ostera, desberdin gertatu da gasarekin. 1982an ez zen gasik erabiltzen, eta orain, %35 hartzen du. EEE sortu zenean, gasarekiko apustu bat egin zen. Orduko hartan ez zegoen gasarentzako batere egiturarik, eta industrian eta etxebizitzetan ere gasa sartu zen.

Baina orain beste fase batean gaude, ezta?

Bai. Esan daiteke trantsizio hitzak indarra hartu duela berriz. Munduan, 2015eko Parisko Akordioan, deskarbonizaziorako konpromiso sendoak jarri ziren, eta hor denok jarri gintuzten martxan. Aurretik bazebilen jendea horretan, eta gu geu ere bagenbiltzan, baina honek benetako konpromisoak ezartzen ditu. Deskarbonizazioaren bide horretan, ikusi besterik ez dago Europan bertan izaten ari den eztabaida. Helburu zehatzekin, datu ekonomiko zehatzekin... Herrialde bakoitza, Euskadi barne, bere errealitatetik abiatuta ari da, deskarbonizaziorantz zein pauso eman behar diren zehazteko, hobetuz joateko.

Hain zuzen, Europako Batasunak 2020, 2030 eta 2050 urteetarako helburuak ipinita dauzka. EEEren helburuak ere horiek dira?

Europan, Europako Batzordearen eta Parlamentuaren artean eztabaida dago 2030erako berriztagarriek %27 edo %35 hartu behar duten. EEEk eztabaida hori hasi aurretik egin zuen 2030era begirako bere plana, 2016. urtean, eta hor berriztagarriak 2030erako %21era iristea jarri zen helburu. Azkenean, lehen esan dudan moduan, herrialde bakoitzak bere errealitatea dauka, gure kontsumoa oso intentsiboa da, eta hemen berriztagarriak puntu bat igotzea oso-oso nekeza da. Oso nekeza.

Gaur egun mixean berriztagarriek %7 hartzen dute.

Hemen kontsumitzen den energiaren %7 sortzen da berriztagarrietatik, eta inportatzen den argindarrean berriztagarrietatik dator beste %7 bat. Beraz, mixean kontsumo osoaren %14 betetzen dute iturri berriztagarriek. Nola iritsi %21era? Batetik, argi dago askoz gehiago egin dezakegula berriztagarriak sartzeko, eta bestetik, inportazioetatik datorren argindarrean zenbat eta gehiago izan berriztagarrietatik datorrena, hobeto.

Zein berriztagarriz ari gara?

Horretaz, lehenengo eta behin, arlo politikoan eztabaida bare eta lasai bat behar dugu, eta alderdi politikoen gehiengo batek behintzat babestuko duen akordio bat, zein eredu eduki nahi dugun eta zer ezarri behar dugun adosteko. Zergatik diot hau? Bada, edozein berriztagarri ezartzeko orduan ere oso eztabaida sakonak sortzen direlako.

Akordio politikoa... Eusko Legebiltzarrean diozu?

Bai, bai, Eusko Legebiltzarrean. Eta ez gaur egungoari begiratuta bakarrik, etorkizuneko Eusko Legebiltzarrei begira ere bai, proiektu honek legealdi asko beharko dituelako. Azkenean, oinarri batzuetan adostasunak behar ditugu berriztagarriak ezartzen joateko. Esaterako, haize errotak jartzeko orduan adostasunik ez badago, berdin dio non jarri nahi diren, iskanbila gogorrak egongo dira. Ez diot eztabaidarik ez denik egon behar; eztabaida ona da, eta proiektuak hobetzen asko laguntzen du, baina helburuak argi izan behar ditugu. Ipini nahi da? Non? Nola? Hori adostu beharko da. Berdin gertatzen da eguzki panelekin ere. Asko okupatzen dute, eta erkidego honetan ez daukagu lurzoru larregirik. Itsasorako ere garatuen dauden teknologiak haize errotak dira. Gainera, gure kostan flotatzaileak izan beharko lirateke. Horretan ados jarriko gara? Energia proiektuez hitz egiten dugun bakoitzean beti sortzen da eztabaida. Ez soilik berriztagarriekin.

Baita goi tentsioko lineekin ere.

Baita ere. Baina berriztagarriez hitz egin dezagun aurrena. Hor aukera batzuk ditugu: biomasarekin potentzial handia dugu erkidegoan, eta hor ere proiektuak bultzatu beharko lirateke. Baita sorkuntza banatuan ere. Hor energiaren biltegiratzeak asko lagundu dezake, eta hor ere lan handia egin behar da.

Denak beharko ditugula azpimarratu nahi dut. Izan ere, eolikoek eta eguzki panelek bakarrik ez digute %21eko portzentaje horretara iristeko bidea emango. Eta horiek biak dira garatuen dauden berriztagarriak, eta, gainera, prezio lehiakorrak eskaintzen dituzten bakarrak. Adibidez, iaz Espainian enkante bi irten ziren 8.000 MWekoak. Hemen zergatik ez da halakorik irten? Hemen haize eta eguzki ordu gutxiago ditugulako estatuarekin alderatuz. Hori ere kontuan izan beharko dugu. Eolikoan, gustatuko litzaiguke lurralde plan sektorial bat bultzatzea. Izan ere, parke berriak sor daitezke edota gaurko haize erroten potentzia egokitu. Baina hor adostasun bat behar da, gaur egun ezarrita dauden tokietan ere aldaketak ekarriko lituzkeelako: obrak egin beharko lirateke, haize errota handiagoak...

Badago borondaterik adostasun horretarako?

Gaur egun ez dago alderdi politikorik berriztagarrien kontra egiten duenik. Uste dut horretan posible izango dela kontsentsu bat lortzea, borondatea badagoela.

Berriztagarrien sorkuntzarako mugekin... Aditu bati entzun diot ondo konektatuta egotea dela erkidegoak egin dezakeen gauza garrantzitsu bat isuriak murrizteko.

Horrek abantaila handiak lituzke. Orain, penintsula iparraldeko 440KVeko linea hori bultzatzen dabiltza, Gueñes-Itxaso eta gero Itxaso-Castejon. Nik erkidegoaren ikuspuntutik oso interesgarria ikusten dut, lotura horiek argindarra inportatzeko eta esportatzeko ahalbidea emango digutelako. Eta, gero, argi esan behar da. Nafarroan sekulako parke eoliko piloa dago, eta gehiago egiteko aukera, gainera. Guk zailtasunak ditugu, eta anaiek haize errota mordoa badituzte, zergatik ezin dugu inportatu sobera duten argindar hori?

Eta Gatika-Bordele?

Berebizikoa ikusten da, berebizikoa kontsumitzailearentzat. Gaur egun badaude egunak Frantzian askoz ere gutxiago ordaintzen dela argindarragatik Espainian baino, eta Espainia-Frantzia arteko transmisio gaitasuna %3koa izatea izugarrizko muga da prezioak sortzeko orduan. Ez dut esaten hortik soilik argindarra inportatuko genukeenik, baita Nafarroakoa eta penintsulakoa esportatu ere. Europaren apustua da interkonexioak ahalik eta handienak izatea, eta helburua da merkatu bakarra iritsi eta noizbait denok berdin ordaindu ahal izatea argindarra.

Linea horiek zalantza handiak sortzen dituzte tokian-tokian.

Kasu honetan, ez gara ari gu linea horiek egiten: REE ari da. Baina badakigu oso zehatzak izaten ari direla ingurumenean ahalik eta inpaktu gutxien izateko eta baita biztanleengan ahalik eta eragin gutxien izateko. Eta oso ondo eramaten ari dira herritarren parte hartzea, haien kezkak entzunez, konponbideak mahai gainean jarriz... Edonola ere, proiektu estrategiko oso garrantzitsuak dira.

Gas naturalarekin, hala ere, kontuz ibili behar dela diote nazioarteko energia erakundeek. Ez dadila menpekotasun handiegia sortu, metano isuriak kontrolatu beharko direla...

Gasari dagokionez, berriztagarriek 2030ean Europan %35 edo %40 izan behar dutela gabiltza berbetan. Baina, zer gertatzen da beste %60rekin? Ez diezaiogun tranparik egin geure buruari; galdera hori egin behar dugu. Bien bitartean zer egin behar dugu? Eta 2030etik aurrera? Europan onartuta dago gasa izango dela trantsizio energetikoa lagunduko duen erregai fosila, ikatzak baino %50 gutxiago kutsatzen duelako eta petrolioak baino %30 gutxiago. Jakina, zalantza barik, %100 berriztagarriekin bizi ahal izatea litzateke ideala. Aldaketak urte pilo bat hartuko digu oraindik, eta gasak oso garrantzi handia dauka. Ibilgailuetan ere, mugikortasunean, eta itsasoan bertan ere, ontzietan... Gaur egun itsasontzietan fuel olioa erabiltzen dute, eta horrek izugarri kutsatzen du. Hori asko hobetu daiteke gas naturalarekin.

Armentia 2n gasa nola atera ikertzen jarraitzen duzue.

Hor gauza bat argi gelditzea nahi nuke: gasa lur azpitik ateratzeko orduan teknika desberdinak daude. Teknika bat haustura hidraulikoa da, hemen sekula erabili ez dena. Hori nahikoa eztabaidatu zen, eta legebiltzarrean onartu zen erkidego honetan ez dela erabiliko, nahiz eta legediak baimendu erabil daitekeela. Behin hori alde batera utzita eta kontuan hartuta, lehen esan dizudan moduan gasa oraindik urte mordo batean erabili behar dugula, zergatik ez jakin gure azpian dagoen gasa modu konbentzionalak erabiliz ustiatzerik daukagun ala ez? Horixe ari gara gu ikertzen. Ez daukagu ezer ezkutatzeko.

Hori da Armentia 2.

Hori da Armentia 2. Gune horretan badakigu jada gasa badagoela, bere garaian, 1998an, orduko teknologiarekin hor egin zelako zulo bat. Orain berriz egin nahi dugu, ikusteko nahikoa gas irteten den metodo tradizionalen bidez ustiatu ahal izateko. Une honetan, EEEren SHESA sozietatea metodo konbentzionalekin gasa ustiatzen ari da Errioxako erkidegoan, Viura proiektuan.

Gure gogoeta hau da: erkidegoan kontsumitzen dugun gas guztia inportatua da, hiru bilioi metro kubo gas. Iaz, gasaren %110 Bilboko portutik etorri zen itsasontzi bidez. Eta horrek esan nahi du gas hori munduko beste tokiren batean ateratzen dela, ez dakigula zein ingurumen baldintzatan; han likido egoeran jartzen da, eta horrek esan nahi du ekarpen energetiko bat egin zaiola zero azpitik 164 gradutan jartzeko. Gero, itsasontzi oso handi eta kutsatzaileetan etortzen da, Bilboko portura iritsi eta atzera ekarpen energetiko bat egiten zaio atzera gas egoerara itzultzeko. Ondoren, banatu. Beraz, ingurumen kostu bat dago, baita kostu ekonomiko nabarmen bat ere. Eta guk euskaldunok badakigu gure lur azpian gasa daukagula...

Metodo konbentzionalekin ateratzeko moduan?

80ko urteetan enpresa energetikoek zundaketa mordoa egin zituzten petrolio bila, baina zulo denetan gasa irteten zen. Orduko hartan gasak ez zuenez irtenbide komertzialik, zuloak tapatu egin ziren eta kito. Baina horiek guztiak erregistratuta daude, eta badakigu gasa dagoela. Gure geologoek topatu behar dituztenak haustura naturala daukaten formazioak dira han 3.000-4.000 metroko sakoneran, horietan bai zuloa egin eta gasa berezko presioarekin aterako delako.

Kontsumoa gutxitzea ere irtenbide egokia izan daiteke, ezta?

Efizientziarena aspaldiko borroka da guretzat. 30 urtetik hona, erkidegoan energia kontsumoa %40 murriztu da efizientzian egindako ahaleginari esker. Era berean, Espainiako prezioak horren handiak izanik, munduan lehiakor izateko hemengo industriak oso efizienteak izatea beste erremediorik ez du izan.

Efizientzian etxebizitzen egokitzapena ere ezinbestekoa da.

Etxebizitza mordoa ditugu, nahiko zaharkituak, 40-50-60 urtekoak eta hor energetikoki efizienteagoak izateko urratsak egin beharra dago. Baina etxejabeari asko kostatzen zaizkion inbertsioez ari gara: isolamendua, leiho berriak, teilatu berria, berogailu efizienteagoak... Orain arte etxebizitza berriztatzeko sustatzeko modu bakarra diru laguntzak izan dira. Baina etxebizitza guztiak berriztatzeko milaka milioi euro beharko lirateke.

Abenduan egin dugu bat EuroPACE egitasmoarekin, eta oso garrantzitsua da. Harekin zera nahi dugu: diru pribatua, etxejabea eta administrazio publikoa sistema berean jarri. Funts pribatuak etxeari —ez jabeari— mailegu bat ematen dio oso epe luzera, 20-25 urtera. Horrekin etxejabeak etxea egokitu-berriztatuko du. Eta administrazioak kobratzaile lana egingo du bere zerga sistema erabiliz. Sistema horrekin, etxejabeak hasiera-hasieratik jada irabazi energetikoak izango ditu, baita onurak bizi kalitatean ere, eta, gainera, etxebizitzaren balioa ere handitu egingo da. Hori guztia pixkanaka ordainduz joango da, interes batzuekin batera. Hor administrazioaren egitekoa zein izango da? Informazioa eta laguntzak emateaz gain, bere zerga sistemaren bidez diru emaileari bermatzen dio kobratzeko modu zuzena duela, eta jabeak ordainduko ez balu administrazio horrek badituela tresnak ordainarazteko. Azkenean, zer nahi du horrelako funts batek? Epe luzera irabazi jakin batzuk bermatuko dizkion negozioa.

Diseinu hori ondo irteten bada, industria bat mugituko da. Eta lortuko dugu etxebizitzak berriztatzea. Gehiengo batek izango du aukera etxeak berriztatzeko.

Trantsizio energetikoari buruz esaten den beste gauza bat da enplegu asko sortuko dituela.

Zalantzarik gabe. EEE izan zen lehenetakoa energia eolikoaren teknologia garatzen. Begiratu nolako industria sortu den erkidegoan bertan. 150 enpresatik gora daude eolikoen sektorean, eta Nafarroan ere oso enpresa garrantzitsuak daude.

Arriskurik ikusten duzu enpresa zenbait atzean gelditu daitezkeela, trantsizioaz konturatu ez direlako?

Erkidegoan energia sektorean oso industria garatua daukagu, oso aurreratua, eta oso barneratuta daukana industria 4.0 kontzeptua, argi daukana non egon behar duen eta zein teknologiatan egin behar duen apustu. Nik ikusten dudanarekin ez nuke esango atzean geldituko direnik. Orain, hori esanda, mundua oso globalizatua dago, merkatua oso agresiboa da eta ez dakigu zer gertatu daitekeen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna