Koronabirusa

«Fikziozko pelikula bat ematen du»

Hamar egun bete ziren atzo koronabirusaren krisia Euskal Herrira iritsi zenetik, Bastidako (Araba) eta Gasteizko eskolen itxierarekin. Egoera larriagotu den neurri berean areagotu egin da norberaren kezka, eta aldatu, goitik behera, egunerokoa.

Gasteizko kale bat hutsik, konfinamenduagatik. RAUL BOGAJO / FOKU.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2020ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Koronabirus gaitzak Euskal Herrian gehien astindu duen hiria da Gasteiz. Martxoaren 9an hiriko eskolak itxi zituztenetik egoera berriak eguneroko bizimoduan izan duen eragina azaltzeko kronikada hau.

MARTXOAK 9
Bastidatik Gasteiza


Goizeko lehen orduan jaso du kazetariak Euskal Herria saileko koordinatzailearen deia. Bastidako (Araba) bi ikastetxeetan bertan behera utzi dituzte eskolak bi astez, haur batek harremana izan duelako birusa duen Haroko lagun batekin. Han dago informazioaren fokua goizean, baina birusaren hedapenaren abiadura berberean zabalduz joan dira murrizketa neurriak eguerdirako. Eta, ordu gutxiren buruan, Gasteizko hezkuntza zentroen jarduera ere eten du Jaurlaritzak, bi astez. Hiriko eskolak eteteak bestelako dimentsio bat eman dio egoerari. Etxeko txikiaren zaintzarekin kezkatuta joan da gero kazetaria 3 urteko semearen bila eskolara. «Martxoaren 23ra arte, beraz», agurtu ditu andereñoak, aurpegiera serioarekin.

MARTXOAK 10
Egoerari neurria hartuz


Lehen orduan etorri da amona etxera txikia zaintzera. Aspaldi dago aita lantokian beharrean, eta kazetaria da orain lanera doana. Eskolarik gabeko lehen eguna dute haurrek, eta ezohiko itxura hartu du hiriak. Isilik esnatu da, ohi baino lasaiago. Apenas ikusten den umerik kalean. Ezohiko egoeraren kronika bat egin du kazetariak, eta kontziliazio arazoak izan dira testuaren ardatz. Gasteiz da oraindik informazioaren eta arretaren erdigune, eta agintariak han ari dira neurriak gogortzen birusaren hedapena eteteko. Baina eskolen itxieraz harago, aparteko aldaketarik ez da sumatzen hirian momentuz, eta arratsaldean, lepo bete dituzte parkeak umeek, gurasoek eta aitona-amonek.

MARTXOAK 11
Telelanaren lehen eguna


Positiboek goraka jarraitzen dute, eta etorri dira neurri berriak: orain, Arabako eskola guztiak utzi dituzte bertan behera. Egoera larriagotzen ari dela jabetzen ari dira etxean ere: bi gurasoak hasi dira telelana egiten, haien enpresek hala gomendatuta. Atondu dute egongelako mahaia elkarrekin lan egiteko: ordenagailuak, koadernoak, dokumentuak, telefono mugikorrak... Biek ala biek zalantza dute etxetik lan egitera moldatuko diren. «Ikusiko dugu...». Gaur semea aitona-amonen etxean utzi dute, eta goiza lasai samar eman dute beharrean. Iluntzean, OMEk esan du koronabirusarena «pandemia» dela.

MARTXOAK 12
Eskola guztiak itxita


Koska bat gora egin du larrialdi egoerak: Euskal Herri osora zabaldu dute eskola jarduera ororen etenaldia. Kazetariak eguerdian izan du horren berri. Etxetik ez da erraza lan egitea, eta bulegora joan da, Gasteizko langile guztiak etxetik ari baitira eta arriskurik ez ei dagoelako. Eskolak egoera berrira nola moldatzen ari diren aztertzeko Koldo Mitxelena eskolara joan da gero, kronika bat egitera. Zirrara moduko bat sentitu du ikastetxera sartzean, hutsik eta isilik baitago.

Eta orduan jabetu da, apur bat gehiago, egoeraren larritasunaz eta salbuespenaz. Eta ohartu da hori dena hasiera baino ez dela. Okerrera joango dela. Amarekin hitz egin du telefonoz eguerdian: «Honek itxura txarra dauka», esan dio. Bitartean, sakelako telefonora une oro iritsi zaizkio Jaurlaritzaren abisuak, eta irratiko albistegietan baieztatu dute bolo-bolo dabilen albistea: eskola guztiak itxita.

MARTXOAK 13
Alarma egoera


07:44 dira. Semea lotan, eta bikotekidea ordenagailuaren aurrean. Gosaltzen hasi denean jaso du kazetariak mezu bat Jaurlaritzako Whatsapp taldean: «Ezohiko gobernu kontseilua 08:30ean». Bezperan amarekin telefonoz izandako solasaldia gogoratu du orduan, eta bere buruari esan dio baietz, «itxura txarra» duela egoerak. Goizak aurrera egin ahala baieztatu dira susmo guztiak: ezarri dute osasun larrialdialdia aurrena, eta alarma egoera gero. Neurri zehatzik ez dago oraindik, baina arratsalderako, hiria hasiko zaio alarma egoerari aurrea hartzen. Erdiguneko denda eta taberna gehienak itxi dituztela jaso du iluntzeko kronikan. Apokaliptiko hitza erabiliko du bere testuan, eta pentsatu du ez ote den gehiegizkoa hori jartzea. Errealitateak erakutsi dio ezetz, ez zela gehiegizkoa.

MARTXOAK 14-15
Konfinamendua


Ezinegon batekin esnatuko diraetxean. Espero dute Jaurlaritzak edo Espainiako Gobernuak salbuespen neurriak iragartzea, eta telebista piztuta izan dute goiz-goizetik. Konfinamenduaz ari dira hizketan telebistan eta sare sozialetan, eta etxean ez dakite ongi zer egin. «Kalera irtengo gara, ala hobe ez?», galdetu du aitak. Skate parkera joan nahi duela erantzun du semeak, baina gurasoek erabaki dute hobe dela etxe azpiko patioan geratu, baloiarekin jolasten, «badaezpada». Arratsaldea, berriz, etxean pasa dute, bizilagun ia guztiek bezala. Gauean iragarri dute herritar guztien konfinamendua. Igandea konfinameduaren lehen eguna izan da Hego Euskal Herrian, eta etxea bilakatu da babesleku. Etxe ondotik igaro da Ertzaintzaren auto bat bozgorailu batekin eta kalean daudenei etxera joateko agindu diete. Alarma egoera, bere gordinean.

MARTXOAK 16
Umearen osasuna, kezka


Etxean, semearen zaintza izango da orain kezka nagusia. Izebaren etxera eramatea erabaki dute gurasoek, aukera hoberena delakoan. Lan jarduna amaitu eta ama hura bilatzera joan denean, makal sumatu du haurra. Sukarra du. «Falta zena orain». Gurasoek osasun zentrora deitu dute telefonoz, eta deia bueltatu die gero pediatrak. «Arnasteko arazoak ditu? Kutsatutako norbaitekin egon da?». Ezetz erantzun dio amak. Umeari parazetamola emateko eta bilakaera kontrolatzeko eskatuko die medikuak.

MARTXOAK 17
Kezka, bere horretan


Koronabirusarekin lotutako albisteak gero eta kezkagarriagoak dira, eta etxean ere kezkatuta daude umearen osasunarekin, ez baitu hobera egiten. Aita arduratu da goizez txikia zaintzen, lan egiten duen bitartean. Eguerdian, Gasteizera iritsi da Espainiako armadaren Larrialdi Unitate Militarra.

MARTXOAK 18-19
«Hau luzerako doa»


«Besterik adierazi arte» ikastetxeak ixtea erabakiko du Jaurlaritzak, eta luzerako prestatzeko deia egin diete agintariek herritarrei. Asteazkena da, sukarrarekin jarraitzen du semeak, eta amari lanean esan diote eguna libre hartzeko: «Zaindu zaitezte, hau luzerako doa eta». Iluntzean, sofan eserita, birusa izan dute, atzera, mintzagai: «Fikziozko pelikula bat ematen du, baina benetan gertatzen ari da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.