Kontrolpean daukate Zarrakazteluko sutea

Nafarroako Gobernuak suteei aurre egiteko larrialdietarako babes zibileko planaren 2. alerta maila ezarri du sutea piztu denean

Airetik hartutako irudi bat. NAFARROAKO SUHILTZAILEAK.
joxerra senar
2022ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Suak berriro hartu zuen Nafarroa atzo. Zehazki, Zarrakaztelu inguruan piztu zen, baina ordu batzuen buruan kontrolpean izatea lortu zuten suhiltzaileek.

14:00ak pasatuta, Nafarroako Gobernuak lehen abisua eman zuen. Zarrakaztelun, hainbat fokuko sutea piztu zen labore lur batzuen alboan, eta sua pinudi batera hedatu.

Bi orduan, aurrera egin zuen suteak, eta Nafarroako Gobernuak suteen larrialdietarako babes zibileko planean 2. alerta maila deklaratu zuen, eta Espainiako Gobernuari sutea itzaltzen laguntzeko bitartekoak eskatu. Aragoiko Gobernuari ere laguntza eskatu zion. Hala, lau hegazkin eta lau helikoptero ibili ziren atzo sua itzaltzeko lanetan: Nafarroako Gobernuaren bi helikoptero, Espainiako Trantsizio Ekologikoko Ministerioko lau hegazkin eta helikoptero bat, eta Aragoiko Gobernuaren helikoptero bat. Arratsaldean inguruko herrietako suhiltzaile gehiago ere hurreratu ziren, baita basozainak eta Polizia ere. Nekazariek traktoreekin ureztatu zuten eremua. Zarrakaztelu eta Figarol arteko errepidea ere itxi behar izanzuten. Eguneko azken orduan erretiratu ziren suhiltzaileak, suak oraindik piztuta jarraitzen zuen arren. Adierazi zuten hurrengo orduetan tenperaturek behera egingo zutela, eta sua itzaltzea errazagoa izango zela.

Araudi aldaketa

Beroagatik alerta egoerak luze irauten badu traktoreak eta laborantzako makineria erabiltzeko debekua malgutuko du Nafarroako Gobernuak. Horretarako foru agindua moldatu du.

Azken foru agindua onartu zenetik, uztailaren 1etik, hamar egunez jarraian egon da aktibatuta alarma egoera, eta horrek galarazi egin die laborariei zerealean aritzea. Arau berriarekin, alerta laranja den egunetan, ureztatzeko labore lurretan makineria astuna erabili ahalko dute, betiere labore lurren alboan hamar hektareatik gorako basoa ez badago. Kasu horretan, makineria hori 13:00etara arte erabili ahalko da. Lehorreko labore lurretan, berriz, alerta laranjako lehen bi egunetan debekatuko da makineria erabiltzea. Hirugarren egunetik aurrera baimenduko da, betiere 13:00etara arte.

Aldaketa horiek soilik alerta laranjako baldintzei eragiten die. Alerta arinagoa edo larriagoa aktibatzen denean, baldintzak ez dira aldatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.