Hizkuntza politika baten erradiografia

Frantziaren hizkuntza politikak historikoki izan duen bilakaera esplikatu dute bi diputatuk Frantziako lehen ministroari helarazi dioten txostenean. Hau da ondorioa: «Eskualdeetako hizkuntza autoktono horiek ezin dira mehatxutzat hartu».

Manifestari independentistak, uztailaren 14an, Donibane Lohizunen. BOB EDME.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2021eko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Frantziako Konstituzio Kontseiluak hizkuntza gutxituen legea zentsuratu ondoren, Martxan alderdiko bi diputatuk herenegun helarazi zioten ebazpenaren ondorioei buruzko txostena lehen ministroari. Frantziako botere politikoan hizkuntza gutxituei buruz duten ikuspegia ulertzeko parada ere bada testua. Hauek dira aipatzen dituzten elementu nabarmen batzuk:

«ABERRI TXIKIA»

«III. Errepublika hasieran, errepublikanoek sentimendu errepublikanoa iraunkorki sustraitu nahi izan zuten herrialdean, kontsideratuz 'aberri txikiarekiko' maitasunak 'Nazio handiarena', Frantziarena, baizik ezin duela elikatu». Bi diputatuen ustez, egun, gisa bereko sentimendu batek gidatzen ditu hizkuntza gutxituen aldekoak. «Mugak eta berezitasunak ezabatzen dituela dirudien mundializazioaren aitzinean, hizkuntza horiek berezko identitatearen aitortza eta sustraitze behar handi bati erantzuten diote». Azpimarratu dute, ordea, hori ez dela Frantziako Errepublikaren «kontra» pentsatua: «Bat egiteko modu gehigarri bat da».

HIZKUNTZA POLITIKA

«Frantziako hizkuntza politikaren historia eskualdeko identitateen aurkako mesfidantza batek markatu du denbora luzean; itun errepublikano nazionala higatu eta lurralde batasuna kolokan jarriko zuten susmoa zuten. 1789ko Iraultzatik sortutako nazioa hizkuntza bakar batez zedarritzeko nahiak eta, gerora, Errepublika sendotzeko nahiak ekarri dute frantses hizkuntzaren nagusitasun hori, sarritan eskualdeetako hizkuntzen kaltetan inposatua. Eskola publikoaren barruan, eskualdeetako hizkuntzen irakaskuntza debekatua zegoen III. Errepublikan zehar: eskola publikoaren zeregina da, hain zuzen ere, harengandik urrun egongo liratekeen herritarrak frantsesera ekartzea, nazio kontakizunean barneratzeko».

ESKOLETAKO DEBEKUAK

«Lehen helburua ez zen eskualdeko hizkuntzen suntsitzea, frantsesaren irakaskuntza baizik. Onartu behar da, hala ere, herriak hitz egiten zuen hizkuntza borroka politiko batean harrapatua izan zela». Garai horretan «frantsesaren murgiltze behartua» izan zela diote; «ikasleei debekatua zitzaien eskualdeko hizkuntzan mintzatzea —anitzetan haien ama hizkuntza zen—, izan irakaskuntza orduetan, baita beren arteko harremanetan ere». Ikasle batzuek jasandako «laidoen memoria» oraindik bizirik dagoela diote, «inkontziente kolektiboan», eta belaunaldiz belaunaldi transmititzen dela.

BATASUN NAZIONALA

Bi diputatuen iritziz, gaur egun, «Errepublikaren batasuna» ez da XX. mende hasieran zena bezain «hauskorra», eta «eskualdeko» hizkuntzak berriz «begi onez» ikusiak dira. «Eskualdeko hizkuntzetako batzuk desagertzeko puntuan dira, edo hala dira jadanik; interesaren berpizte horrek ez du beldurtu behar», adierazi dute. «Eskualdeetako hizkuntza autoktono horiek ezin dira mehatxutzat hartu, altxortzat baizik. Errepublikak kapitalizatu behar duen ondare bat»

EZAGUTZA FALTA

Diputatuek argi diote: hizkuntza gutxituei buruz Frantzian duten ezagutza oso urria da. Datu faltagatik esplikatzen dute nagusiki. 1999koa da Frantziako Estatu mailan egin zuten azken ikerketa. «INSEEren datuen arabera, 5,5 milioi herritarren gurasoek mintzo zuten eskualdeko hizkuntza bat». Gaur egun, 4,9 milioira apaldua litzateke kopuru hori.

Baina txostenaren egileek aitortu dute ez dutela errealitatearen ezagutza orokorrik, eta tokian tokiko erakundeek egindako ikerketen emaitzak baizik ez dituztela. Euskal Herrian egiten den inkesta soziolinguistikoa aipatu dute, besteak beste. Horren arabera, 1996an, Ipar Euskal Herriko biztanleen %26,4 ziren euskaldunak; 2016an, herritarren %20,5.

«Zailtasuna da ikerketa objektibo eta zientifikoen eskasia, jakiteko [hizkuntza gutxituen] irakaskuntza segitzen duten haurrek zer maila duten eskualdeko hizkuntzan eta frantsesean. Eragileek datuak aurkeztu dizkigute; ebaluazioen zintzotasuna zalantzan jarri gabe, uste dugu beste batzuek egin beharko lituzketela, metodo fidagarriak eta lurralde guzietarako berak erabilita».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.