Tenperaturak 30 gradura iritsiko dira gaur eta bihar

Batez ere isurialde atlantikoan igoko dira tenperaturak. Eusko Jaurlaritzak alerta laranja ezarri du igandera arte, sute arrisku handiagatik

Balmasedako sutea itzaltzeko lanetan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Isabel Jaurena.
2022ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Aurten ezohiko moduan atzeratzen ari da hotz garaia. Onintze Salazar Euskalmeteko meteorologoaren erranetan, bihar eta etzi tenperaturak 30 graduraino igoko dira Euskal Herriko txoko batzuetan, batez ere isurialde atlantikoan. Gaueko tenperaturak ere ez dira urrun ibiliko, 20 graduren bueltakoak izanen baitira. «Gauean, hego haizearekin jarraitzen dugunean, ez du freskatzen», nabarmendu du Salazarrek.

Horren azalpena eman du meteorologoak: «Depresio guneak Atlantikoan daude, eta, hor egonda, gurean hego haizea dago». Gainera, Europan dagoen «antizikloi sendoak» ez dio uzten depresio horri asko mugitzera. Euri falta klima larrialdiaren ondorioetako bat da, hain zuzen; aurtengo udan, Euskal Herriko arazo nabarmenetako bat izan da idortea. Nafarroan, adibidez, Esako urtegia %12 baino gutxiago zegoen beteta duela bi aste. Hortaz,Lehortearen Mahaia aktibatu zuen Nafarroako Gobernuak joan den irailean —2012tik ez zuten aktibatua—. Hartan, INTIAk adierazi zuen lehorteak laboreen ekoizpena txikitzea eragin duela.

Anitzen ahotan dabil egunotan udazken ezohiko horren ostean nolako negua etorriko ote den zalantza. Salazarrek, ordea, argi du oraindik goiz dela edozein aurreikuspen egiteko: «Kontuan hartu behar da egoera batek ez duela zerikusirik bestearekin. Udazkena oso lehorra izateak ez du esan nahi neguan euri asko etorriko denik».

Alerta laranja haizeagatik

Beroak eta euri eskasiak bat egiten dutenean, kalteek nabarmen egiten dute gora. Suteak, erraterako, konbinazio horregatik gertatzen dira. Uda hasieran, Nafarroa hegoaldeko herritarrak eta laborariak izan ziren kaltetuenak, eta joan den asteburuan, berriz, Balmasedakoak (Bizkaia). Datozen egunetan sute arrisku handia dagoenez, Salazarrek eskatu du «kontu handiz» ibiltzeko. Eusko Jaurlaritzak alerta laranja ezarri du gauerditik igandera bitarte, haize bolada handiengatik.

«Datozen egunetan edozein arrazoirengatik sua piztuko balitz, egoerarengatik azkar hedatuko litzateke, haizeak lagunduta», adierazi du Salazarrek. Hortaz, alerta egoera ezartzearekin batera, Jaurlaritzak zenbait jarduera debekatu ditu, barbakoak egitea eta material piroteknikoa erabiltzea, adibidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.