Albistea entzun

Hizkuntza gutxituek behar dituzten aldeko baldintzez

Jakintza eta erabilera aldetik katalana nola dagoen azaldu du Xavier Vila hizkuntzalariak, Kontseiluak eta Jaurlaritzak elkarlanean antolatutako ‘Euskararen herria euskal hiztun’ jardunaldietan. Unibertsalizazioa izan du hizpide.

- / BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Igor Susaeta -

2020ko azaroak 13

Behin baino gehiagotan mezu bera plazaratu zuen Xavier Vila Morenok (Bartzelona, 1966): ez dela nahikoa hizkuntza gutxitu bat jakitearekin, baizik eta horren erabilera hauspotuko duten testuinguruak sortu behar direla. Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak eta Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak elkarlanean antolatu dituzte Euskararen herria euskal hiztun jardunaldiak, eta, atzo, hasierako hitzaldia egin zuen hizkuntzalaritzan doktore eta Bartzelonako Unibertsitateko Soziolinguistika eta Komunikazio Ikerketa Zentroko (CUSC) zuzendariak.

Hizkuntza gutxitu baten egoera aztertuz —katalanarena—, Ezagutzaren unibertsalizazioaren hari muturrak ikuspegi soziolingustikotik hitzaldia egin zuen streaming bidez, eta ondoren erantzun zien BERRIAren galderei, telefonoz. Azaldu zuen, hasteko, zertaz ari den hizkuntza gutxitu baten ezagutzaren unibertsalizazioa aipatzen duenean. «Unibertsalizazioa da gizarte baten barruan mundu guztia egon dadila hizkuntza jakin bat erabiltzeko moduan; hau da, ezagut dezala. Unibertsalizazioa, sinpleki esanda, hizkuntza baten ezagutza orokortzea da, hedatzea».

Vilaren arabera, hizkuntza baten ezagutzaren eta erabileraren arteko harremana «oso estua» da, baina ez du erabilera determinatzen. «Hizkuntzaren ezagutzaren unibertsalizazioa lortzeak ez du esan nahi erabilera handituko denik». Gizarte elebidunetan, hizkuntzalariaren hitzetan, hainbat aldagai hartu behar dira kontuan hizkuntza gutxituan mintzo diren herritarren hautua ulertzeko orduan. Katalunian, esaterako, ezagutza maila «nahiko orokortua» da unibertsala ez izanagatik, eta «hizkuntzari lotutako» aldagaiek bultzatuta egiten dute herritarrek katalanez: «Hizkuntzarekin identifikatzen naizelako, nahiago dudalako...». Oinarri hori edukita, eta helburua baldin bada hizkuntzaren erabilera areagotzea, «bi aukera» daude. «Batetik, hizkuntzarekiko lotura handitzea, jendeak pentsatu dezan positiboa dela erabiltzea; edo, hizkuntzaren erabilera sustatuko duten baldintzak sortzea».

Bigarrenerako, «aukera eta gonbidapen» egiturak eratu behar dira. «Ingurune jakin batean bazaude, eta horko mezuak nagusiki euskaraz errotulatuta badaude, bertara joaten den jendea euskaraz hitz egitera gonbidatzen ari zara. Kontrakoa egiten baduzu, aldiz, erdaraz aritzera gonbidatzen dituzu». Katalunian badira, gainera, Vilaren esanetan, «lehentasunezko hizkuntza» katalana duten espazioak, eta joera hori nagusitzen da horietan. Bere tesia indartzeko, konparaketa bat egin du. «Andorran hizkuntza ofizial bakarra dago: katalana. Andorran eta Balearretan lehen hitza katalanez esaten dutenak konparatzen baldin badituzu, kopurua antzekoa da. Baina Andorran katalana ohiko bihurtu dutenen kopurua askoz ere azkarrago ari da hazten».

Bestalde, Vila kritikoa da Katalunian hizkuntzaren ezagutza neurtzeko administrazioak duen protokoloarekin. Azaldu du duela urte dezente erabaki zela hezkuntza sistemak katalanez funtzionatu zezala. Baina aurkiak badu bere ifrentzua. «Fikzio bat eratu zen. Dena ez da gezurra, ordea, eta eskola gehienek katalanez funtzionatzen dute nagusiki. Baina bada iruzur parte bat». Hori «kontrako norabidean» erabiltzen du «supremazismo gaztelauak».

Eta gauza bat da teoria, eta bestea praktika, hizkuntzalariaren ustez. «Derrigorrezko hezkuntza bukatzean, aitortza egiten zaie ikasleei, katalan mailan C1 emanez». Euskaran EGAren parekidea litzatekeena, alegia. Hori da teoria. «Baina horra paradoxa. Gerta liteke mutil bat nagusiki gaztelaniaz funtzionatzen duen eskola batean aritu izana, sekula katalanez hitz bakar bat ere egin ez izana, eta eskolatzea bukatzean C1 edukitzea». Eta horrek gero lanpostu baterako «lehian», adibidez, sor ditzakeen egoera «surrealistak» salatu ditu Vilak. «Nahaste-borraste hau bukatu behar da. Mailarik ez dutenei ez zaila maila aitortu behar».

Lehengoratzeen «porrota»

Hizkuntza gutxituen «lehengoratze prozesuak» ere izan zituen hizpide. «Gutxitzeak lehengoratzeko estrategia eta neurri gehienek porrot egin dute, ez arduradunek, ez komunitateek ere ez dutelako asmatu unean-unean helburu zehatzak markatzen». Vilari iruditzen zaio «porrot» egin dela etorkizunera begiratu beharrean iraganera begiratu delako. «Etorkizunarekin obsesiboa izan behar da. Hizkuntza batek eusten badio, etorkizunera begiratuta eutsiko dio».

Alde horretatik, «eta barne desadostun handiak gorabehera», euskararen inguruan «globalki» lan ona egiten ari dela pentsatzen du. «Batetik, ulertu duzuelako elebitasuna sustatu behar dela». Vilaren irudiko, hezkuntza ereduan «hizkuntza errazteko inbertsioa» egin da. «Emaitzak izaten ari da». Uste du, era berean, lan munduan «balio erantsia» eman behar zaiola hizkuntzari, eta euskararekin hori ari direla egiten. «Oso zaila da, aintzat hartuta estandarizatuta ez zegoen hizkuntza bat zela». Hizkuntzari eman zaion «balioa sinbolikoa» ere goratu du. «Oso inportantea da, hitz egiten ez duen jendea ados dagoelako sustapenarekin; are, harro dago hizkuntzaz». Eta laudorio gehiago: «Mundu globalizatu eta digitalean zaudete. Gainera, baliabide ekonomikoek eta gizartearen kudeaketak lasai lan egiteko modua ematen dizuete».

Hain zuzen, hizkuntza gutxituek iraungo badute, digitalki ongi posizionatuta egotea «erabakigarria» izango delakoan dago. Vilarentzat, «humanitatearen historian» zenbait iraultza ekolinguistiko egon dira. Bi aipatu ditu: hizkuntza idatzira pasatzea eta «inprentaren iraultza». Hizkuntzalariak nabarmendu duenez, hizkuntza batzuk, nahiz eta handiak izan bere garaian —«behe alemana, kasurako—, pixkanaka «hutsaldu» ziren, are desagertu, iraultza horietan ez sartzeagatik. «Euskarari eta katalanari hori gertatu zitzaien ia-ia».

Aurrekari horiek gogoan, Vilak argi dauka: «Iraultza digitalean sartzen diren hizkuntzak lehen mailakoak izango dira, eta horiekin normal bizi ahal izango da. Helburua, beraz, maila horretan egotea da». Bestela, «gutxitze digitala» deitutakoa gerta liteke. «Hau da, informazio digital guztia zurea ez den hizkuntza batean bada, une batean zurea ahultzen hasiko da». Helburu zerk izan behar duen esplikatu du adibide oso grafiko batekin: «'Zure pneumatikoen presioa berrikusi behar duzu'. Autoak euskaraz esan behar digu hori. Bestela, gazteleraz esango digu».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ziburun hildako hiru migranteen heriotzak salatzeko protesta ©Guillaume Fauveau

Ziburun trenak harrapatuta zauriturik atera zen etorkinak eta hiru elkartek salaketa jarri dute

Oihana Teyseyre Koskarat

Nahi gabeko hilketagatik, bizia arriskuan jartzeagatik, nahi gabeko zauriengatik, eta pozoitzeagatik jarri dute salaketa Cimade, Anafe, eta Gisti elkarteek, istriputik zauriturik atera zen etorkinarekin batera.

Marifran Aranjuelo. / ©Maialen Andres, Foku

«Gezur asko esan dizkigute metroari buruz»

Unai Zubeldia - Gipuzkoako Hitza

Donostiako metroaren aurkako borrokak eta migratzaileen eta presoen aldekoak bizi dute, gaur egun, Aranjuelo. Ez zaio batere gustatu Donostiak azken urteotan izan duen eraldaketa.

Jatetxe bateko zerbitzaria, atzo, Donostian, bi bezeroren COVID ziurtagiriak egiaztatzen. ©JON URBE / FOKU

Ostalariek ez dute polizia (ere) izan nahi

Maddi Ane Txoperena Iribarren Ane Eslava

Atzotik, Euskal Herri osoan da indarrean COVID ziurtagiria. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 50 lagunetik goitiko jatetxeetako langile eta bezeroek egun batetik bertzera egokitu behar izan dute neurrira

Miren Basaras. / ©Aritz Loiola, Foku

«Pandemiak loa galarazi dit niri ere»

Ibai Maruri Bilbao - Bizkaiko Hitza

Miren Basarasek esan du txertoak «oso onak» izan arren, transmisioa eteteko neurriak ezinbestekoak direla. Uste du askatasunaren izenean txertoari uko egiten diotenak «berekoiak» direla.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.