Jaurlaritzak 4.000 lanpostu publikoren eskaintza egin du

Gehienak hezkuntza arlokoak dira: 1.856. 1.273 Osakidetzakoak dira; 435, administrazio orokorrekoak, eta 424, Ertzaintzakoak

Oposizio batzuk, BECen. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
jon olano
2021eko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Ia 4.000 lanpostu publikoren eskaintza egitea onartu zuen atzo Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen eta Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza administrazioaren 2021erako enplegu publikoaren eskaintza onartu zuen. Horietako 1.856 hezkuntza arlokoak dira; 1.273, Osakidetzakoak; 435, administrazio orokorrekoak, eta 424, Ertzaintzakoak.

«Eusko Jaurlaritzak konpromiso irmoa du behin-behinekotasuna murrizteko, eta, ildo horretan, datorren urtetik aurrera hainbat egonkortze prozesu jarriko dira abian Euskal Administrazioko sektore guztietan», azaldu du Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramaileak. Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen kasuan, «ahalik eta lasterrena» jarriko dira martxan. Datorren urtearen hasieran, modua egongo da administrazio orokorrerako eta haren erakunde autonomoetarako lanpostuen lehen deialdi bat egiteko, 1.400 plaza baino gehiagokoa. Horietatik 1.017, hain zuzen, 2017., 2018. eta 2019. urteei dagozkie, eta sindikatuekin negoziatzeko daude horiek.

Zupiriaren hitzetan, Eusko Jaurlaritzaren enplegua «egonkortzeko politikak betetzea da» proposamenaren helburua, eta enplegu publikoko postu gisa sartu dira 4.000 postu horiek 2020-2024ko aldirako ekonomia eta enplegua suspertzeko Berpiztu programan. Hortik aurrera, datorren urtean deialdiak egingo dira sektore bakoitzean, eta horietan zehaztuko dira eskainitako plazak eskuratzeko prozedura eta baldintzak, eta baita desgaitasunen bat dutenentzat gordetako lanpostuen banaketa ere.

Hezkuntza administrazioari dagokionez, 1.216 lanpostuko enplegu eskaintza publikoa onartu da hainbat irakasle kidegorentzat, eta baita 640 lanpostuko konpromisoa hartzen duten hainbat lan kategoriarentzat ere; guztira, 1.856 plaza eskaini dira hezkuntzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.