EAJk 70 milioi euroren neurriak adostu ditu Madrilekin

Espainiako aurrekontuetan EAJren 48 zuzenketa partzial txertatuko dira. Urdaibaiko Guggenheimen proiekturako 25 milioi hitzartu dituzte

Aitor Esteban EAJko bozeramailea, Espainiako Kongresuan. LUIS TEJIDO/ EFE.
Edurne Begiristain.
2022ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuaren aurrekontuei osoko zuzenketarik ez ziola aurkeztuko iragarri ondotik, akordiorako bidean beste urrats bat egin du EAJk. Aitor Esteban EAJk Espainiako Kongresuan duen bozeramaileak agerraldia egin zuen atzo Bilboko Sabin Etxean, eta jakinarazi zuen azken bi aste hauetan «modu positiboan» negoziatu direla aurrekontuei egindako zuzenketa partzialak. Zehazki, Estebanek azaldu zuen herenegun lortu zutela taldeak aurkeztutako zuzenketen «kopuru handi bat» aurrekontuen proiektuan sartzea: 48 zatikako zuzenketa txertatu dituzte, EAJk aurkeztutakoen «%70». Denera, 70 milioi euroren neurriak adostu dituzte jeltzaleek Espainiako Gobernuarekin. Estebanen esanetan, «Euskadiko eta Nafarroako herritarren ongizatea hobetzeko inbertsioetan» islatuko da diru hori.

EAJko bozeramailearen hitzetan, Madrilgo gobernuarekin adostutako kopuruak «nabarmen» gainditzen du aurtengo aurrekontuetarakolortutako diru kopurua: «40 milioi gehiago dira». Akordioa «oparoa» izan dela nabarmendu du Estebanek: «Balantze ona dela uste dugu; Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako herritarren bizitza hobetzeari eragingo dioten gai interesgarriak sartzea lortu dugu». Hala ere, zehaztu du oraindik ere negoziatzen jarraituko dutela eta zuzenketa gehiago adostea espero dutela.

Kultura eta giza eskubideak

Hainbat esparrutan eragingo du Espainiako Gobernuarekin erdietsitako akordioak, EAJko bozeramailearen esanetan: «Ekonomia bultzatzeko, azpiegiturak hobetzeko, kultura proiektuak garatzeko eta giza eskubideen defentsa babesteko dira diru sailak». Besteak beste, 25 milioi euro bideratuko dira Urdaibaiko (Bizkaia) Guggenheimen egitasmoa garatzeko, hamar milioi Loiolako araztegia konpontzeko, eta bederatzi milioi Arabako Zadorra ibaiaren inguruko hainbat jardueratarako. Horrez gain, EAJren zuzenketa bati esker, lehen aldiz giza eskubideen defendatzaileak aldi baterako babesteko programa bat sortuko da. Horrekin lotuta, portuetako tasak doan izango dira giza salbamenduan dabiltzan ontzientzat: adibidez, Aita Mari-rentzat. Azpiegituretarako, berriz, tren geltokiak egokitzeko eta eraberritzeko 22 milioi jartzea jaso dute aurrekontu egitasmoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.