Albistea entzun

AEBetako Esker-emate Egunaren kondaira gezurrezkoa dela salatu dute herri indigenek

New Yorken ospakizun handia izan ohi da gaurkoa.
New Yorken ospakizun handia izan ohi da gaurkoa. JASON SZENES / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Urtzi Urrutikoetxea -

2021eko azaroak 25 - Washington

Urteko egunik garrantzitsuenetakoa da gaur AEBetan. Pandemiak iaz behartutako geldialdiaren ostean, berriz ere milioika lagun joan dira hegazkinez edo autoz familiarenganaino azken egunotan. Herrialdea ia erabat gelditu, familiak bildu, eta ia estatubatuar guztiek ospatzen duten egun bakarretakoa da Thanksgiving edo Eskerrak Emateko Eguna. Baina herrialdeko indigenek diotenez, gezur handi batean eraikitako mitoa da.

Erabat estatubatuarra da ospakizun hori —eguna ospatzen duten beste lurralde batzuk ere egon arren, beste egun batzuetan, Kanadan edo Kariben, esaterako—, baina ikus-entzunezko kulturak ezagun egin du mundu osoan: indioilarra, ahabia-saltsa eta familiak edo ezagunak elkartzen irudikatzen ditugu, futbol amerikarra ikusten, esker on eta eskuzabaltasun keinuen artean. Jatorri erlijiosoa izanda ere, sineskera guztietako herritarrak esertzen dira mahaian. Gertaera sozial garrantzitsua da, baita politikoa ere: herrialdearen sorrera-mitoarekin bat egiten du, nazioaren abiapuntua irudikatzen baitu Mayflower ontzian iritsitako biztanleek jatorrizko herri indigenekin partekatutako bazkariaren bidez.

Gaur 400 urte izan zen, mito fundazional eder horri jaramon eginez gero, 1621ean, Massachusettseko Cod lurmuturraren inguruan, kolonoek Plymouth izena eman zioten haitzean. Wampanoag indigenek bertako lurra lantzen irakatsi ondotik, lehen uzta oparoa izan zuten Europatik iritsi berriek, eta esker onez, oturuntza partekatu zuten. Kontua da herri indigenek salatu dutela erabateko gezurra dela kondaira hori. Haien arabera, ez zen topaketa baketsurik izan, ez elkarlanik ere; konkista eta genozidioa izan zen duela lau mende gertatu zena. «Wampanoag batzuek bai, haiek harrera egin zieten, baina trukean zer jaso genuen? Genozidioa, lurrak ostea, eta amaierarik gabeko zapalkuntza», dio UAINE Ingalaterra Berriko Indiarren Batasuneko kide Kisha Jamesek. Nekez iraun zuten europarrek lehen urtean, eta 1621eko udaberrian hurbildu omen zitzaizkien indigenak. Horri esker lortu ahal izan zuten lehen uzta. Hortik aurrera, ospakizunez, eta esker emateko gonbidapenez, oso bestelako kondaira bat zabaldu da wampanoag herritarren artean.

Bertsio gozotua

«Esker ematearen lehen aipamen ofiziala 1637koa da, kolonoek pequot herri bat sarraskitu ostean egindako ospakizunari buruzkoa», azaldu du Sean Sherman sukaldari eta idazle lakotak. Hurrengo mendeetan ere, narratiba ofiziala gisakoa da, «indiar basati gupidagabeez» aritzen da, esaterako, Independentzia Adierazpena.

XIX. mende amaiera eta XX. hasierakoa da gaur egungo Eskerrak Emateko Egunean ospatzen den mitoa, Europatik zetorren immigrazio oldeak zabaldutakoa. «Mendeetan indigenak hil zituzten zuri protestanteek. Bazterrean geratzeko beldurrez, estatubatuar nortasuna identifikatzeko ideologia koloniala garatu zuten. Hala, egunaren istorio gozotua izan zen ikasgai horietako bat, kolonizatzaileen eta indigenen arteko irudi baketsua emanez, eta hilketa, suntsiketa eta lurren lapurreta ezabatuz», salatu du Shermanek. 1920rako, «erromes ingelesen eta indiarren istorioa» ikasten zuten ume guztiek eskolan.

Gaurko egunez New Yorken eta beste hiri batzuetan egiten den desfile erraldoiak ere jatorri bera du. 1920an hasi ziren Filadelfian, eta hamarkada berean beste hiri askotan.

Uzta ona eskertzeko gertaera sozial-erlijiosoa da izatez, baina ez da berez iritsi estatubatuarren ospakizun garrantzitsuena izatera. Politikoki antolatu zen, Atlantikotik Pazifikorainoko eskoletan milioika haurri azaldu eta hedabideetan bultzatuta bihurtuz masa-fenomeno. Baita indigenen eskoletan ere, Shermanek gogorarazten duenez: «Erromesek eta indiarrek elkarrekin ospatzen zuten garaia irudikatzen zuen, esker oneko izatea zen gakoa. Gero jakin genuen dena gezurra zela».

Eskerrak Emateko Eguna europar puritanoen eta jatorrizko biztanleen arteko topaketa baketsu gisa ageri zuten mitoa sustatu zuten garai berean, biztanle indigena haiek ez zituzten oraindik herritar gisa ere hartzen: AEBetako indiarrei 1924an aitortu zieten estatubatuar herritartasuna. Mende erdi geroago, 1970ean, Wamsutta Frank James ekintzaile indigenak ospakizunaren hipokrisia salatu zuen, Mayflower itsasontziaren lehorreratzearen 350. urteurreneko ospakizunetara gonbidatu zutenean: «Guk, wampanoagok, ongietorria egin genizuen, besoak zabalik, zuriei, susmatu ere egin gabe amaieraren hasiera zela; 50 urteren buruan ez zirela herri librea izango».

Dolu Eguna

Halaxe sortu zen Doluaren Egun nazionala. Urtez urte, Massachusettseko Plymouth haitzaren inguruan ehunka lagunek egin izan dute protesta. Iaz, 50. urteurrenean, pandemiagatik deialdi mugatua egin zuten, baina sarean askoz jendetza handiagoa biltzea lortu zuten. Aurten, berriz ere elkartuko dira gaurko egunez protesta egiteko. «Herriari jakinarazi nahi diogu eskolan Eskerrak Emateko Egunaz ikasten dugun guztia gezur hutsa baino ez dela», azaldu du Kisha Jamesek. Iazko ekitalditik egun gutxira hil zen Frank James mugimenduaren abiarazlearen biloba da.

Plymouthen, ingeles puritanoen lehorreratze lekuan dagoen turismo-negozioaren aldean, oso gutxira dira indiarren memoria eta ikuspegia jasotzen den Mashpee Wampanoag herriko museoraino datozenak. Baina ez dute etsi, eta XIX. menderako galduta zegoen hizkuntza ere berpiztea eta umeei irakastea lortu dute.

Mendeetako erresistentziaren ondoren, 2015ean Barack Obama presidentearen gobernuak wampanoag erreserba eratzea onartu zuen, Gobernuak bereganatutako 130 hektareako lurralde txiki batean. Gerora estatuko buruzagitza hartu zuen Donald Trumpek lur federal horiei uko egin eta erreserba desegiteko agindu bazuen ere, auzitegiek arrazoi eman zieten wampanoagei; bide horretan lagun izan zuten Deb Halaand kongresista indigena, Barne idazkari bihurtu dena egun AEBetako presidentea den Joe Bidenen administrazioan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Kaxhoggi kazetariarn hilketa agintdu izanaren susmagarri Mohammed bin Salman jon zen igandean, Bat Formulako Saudi Arabako Sari Nagusia zabaltzeko ekitalian. ©STR / EFE

Khaxoggiren hilketaren susmagarrietako bat atxilotu du Frantziako Poliziak

Igor Susaeta - Edu Lartzanguren

Preso harturiko Khaled Aedh Al-Otaibi Saudi Arabiako Mohammed printzearen guardiako kidea izan zen.

Fronte Polisarioaren soldaduak joan den urrian Mahbesen, Mendebaldeko Saharan. / ©Manuel Lorenzo, EFE

Polisarioak ohartarazi du «Marokoren krimenek» ezinezko egiten dutela irtenbide baketsu bat

Arantxa Elizegi Egilegor

Saharar herriaren aldeko elkarretaratzea egingo dute Genevan, ostiralean, Giza Eskubideen Aldeko Nazioarteko Egunean. Salatu dute Sultana Khaia ekintzaileak urtebete baino gehiago daramala etxean preso, eta asteburuan eraso egin ziotela Marokoko segurtasun indarrek.

Txertoa hartzeko ilarak, Londresen. / ©Andy Rain, EFE

Txertatzera behartzeak «azken aukera» behar duela izan adierazi du OMEk

Arantxa Elizegi Egilegor

Osasunaren Mundu Erakundeak berretsi du Europan eta Asia erdialdean delta aldaera dela oraindik ere zabalduen dagoena. Austriak igandean amaituko du itxialdia.

Putin, eta Biden, pantailan, gaurko bilera hasi aurretik ©MIKHAEL METZEL / EFE

Bidenek adierazi dio Putini zigorrak ezarriko dizkiola Ukrainari eraso eginez gero

Igor Susaeta

AEBetako presidenteak eskatu dio Errusiakoari «bide diplomatikoak» ibil ditzala. Washington «koordinatuta» dago Europako potentziekin

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.