Arrauna. Eusko Label eta Euskotren ligak

Konfiantzaz daude

Eusko Label eta Euskotren ligetako kanporaketak jokatuko dituzte bihar eta etzi. San Juan eta Isuntza Meirarekin, Astillerorekin eta Aresekin lehiatuko dira. Hondarribia eta Donostiarra, berriz, buruz buru ariko dira.
JOSU Z.-A. LOIOLA / FOKU

Aitor Manterola -

2018ko irailak 14
Heldu zaie eguna Eusko Label eta Euskotren ligetako kanporaketetan ariko diren traineruei. Bihar Bermeon (Bizkaia) eta etzi Portugaleten (Bizkaia), igoerak eta jaitsierak izango dituzte jokoan. Eusko Label ligan, bost talde lehiatuko dira bi tokiren bila: San Juan, Isuntza, Astillero, Meira eta Ares. Euskotren ligan, berriz, bi traineruk neurtuko dituzte indarrak sari baten bila: Donostiarrak eta Hondarribiak. Hibaikak ere bazituen aukerak, baina TKEk ez du gonbidatu, eta hasi da datorren denboraldia prestatzen, Amaia Gezala arraunlaria entrenatzaile lanetan jarrita.

BEÑAT URBIZU

San Juango arraunlaria

«Gauza bakarra dakit: talde guztiok garela aurkari gogorrak»

San Juan dago larrien, Euskotrenen duen lekua dantzan jartzera baitoa. Beñat Urbizu arraunlariak onartu du «luze egin» zaizkiela hiru aste hauek, liga bukatu zutenetik estropada bakarra izan dutelako: Kontxako sailkatzea. Dena den, etenaldia ondo baliatu dutela dio: «Gogor aritu gara entrenatzen, eta sasoiko helduko gara». Presioaren inguruan, hauxe du iritzia: «Apartekorik ez dugu, baina gu gara jaisteko arriskuan den bakarra, besteak igotzera datozelako. Konturatzen gara herri oso bat daukagula atzean».

Aurkarien artean, ez du bat edo bestea nabarmendu nahi izan: «Ezin da esan bakoitza non dagoen bestearekiko, Kontxan elkarren aurka aritu arren, ez delako balekoa asteburu honetarako datu fidagarriak ateratzeko. Gauza bakarra dakit: denak izango direla gogorrak». Uste du bihar Bermeotik «bizirik ateratzea» gakoetako bat izango dela: «bihar oso atzean geratzen denak aukera ia denak galduko ditu kanporaketan emaitza ona ateratzeko».

IÑAKI GOIKOETXEA

Isuntzako patroia

«Mailaz igotzea ez da ezinbesteko helburua guretzat»

Eskarmentu handiko patroia da Iñaki Goikoetxea, eta talaia horretatik hitz egin du: «Aukerak ditugula uste dugu. Ondo aritu gara lanean kanporaketa prestatzen, eta indartsu ikusten dugu gure burua. Ea lortzen dugun». Aurkarien artean, ez du inor kanpoan uzten: «San Juanekin ere erne. Ematen du Astillero egon daitekeela gorago, eta besteok hor ibiliko gara.»

Bermeon lan ona egitea ezinbestekoa izango delakoan dago: «Duela bost urte ikasi genuen hori, 2013an. Azkenak izan ginen, hirugarrenetik denbora gutxira, baina azkenak, eta gero, igandean, bigarren egin arren, segundo batek kendu zigun igoera. Bihar zehaztu daiteke zein geratuko den aukerarik gabe, itsasoan alde handiagoak egoten direlako ibaian baino».

Presiorik ez daukatela dio: «Ez daukagu ezinbestekotzat mailaz igotzea. Guretzat, sari bat da hemen egotea, baina emaitzarik onena ateratzen saiatuko gara, kirolariak garen aldetik».

ESTI GEZALA

Hondarribiko patroia

«Bi estropada on eginez gero, mailari eutsiko diogu»

Zoritxarreko ezustekoa izan zuen Hondarribiak Kontxara sailkatzeko estropadan, ez baitzen sailkatu. Esti Gezala patroiak dio ahaztu dutela kolpea: «Gogoarekin gaude bi estropada on egiteko. Kontxara ez sailkatzea gogorra izan zen, baina kendu dugu burutik hori, eta zerotik hasiko bagina bezala gaude». Normala den bezala, aparteko garrantzia eman dio asteburukoari: «Guretzat urteko estropada da kanporaketa, eta uztaileko bi haiek bezala prestatu dugu, Euskotreneko kanporaketen antzera.

Badaki ez dituztela faboritotzat jotzen: «Ulertzen dugu Donostiarra izatea faboritoa, eta guk gurea egin behar dugu. Buruz buru, biok txanda berean, uztailaren 31n lehiatu ginen azkenekoz, Euskadiko Txapelketan, eta aurretik sartu ginen. Urruti dago estropada hori, ordea. Kontxan aritu gara aztertzen ea Donostiarra non ibili den Arraunekiko, eta guretzat ez dira ondorio txarrak izan. Estropada onak egiten baditugu, badakigu mailari eutsiko diogula».

Azkenik, Bermeoko eremua aipatu du: «Bihurria da, eta saiatu gara horko antzeko baldintzetan entrenatzen, Hendaia aldean. Hasieran, kosta egin zitzaigun alboko olatuarekin moldatzea, talde berria baikara, baina asko hobetu dugu azkenaldian».

TAYDE GOMEZ DE SEGURA

Donostiarrako arraunlaria

«Onenean gaude sasoi aldetik, eta konfiantza handia daukagu»

«Irrikaz gaude kanporaketako bi estropadak iristeko. Geure onenean heldu gara, eta konfiantza handia daukagu», esan du Tayde Gomez de Segura arraunlariak. Mailaz igotzea zer izango litzakeen gehitu du: «Denboraldi bikain hau biribiltzea litzateke, ginga jartzea». Ez omen dute aparteko presiorik: «Ez behintzat klubaren partetik. Ez digute eskatu ezinbestean igotzeko; lehian izateko, bai. Presioa guk geure buruari jarritakoa dugu».

Aurkariaz, iritzi hau du: «Hondarribia talde ona da, eta ondo merezita irabazi zuen Euskotren ligan jokatzeko aukera. Gero, uste dut behera egin duela, baina errespetu handia diogu». Ez du uste bere taldeak aukera gehiago dituenik Kontxan lehiatzeagatik: «Lehiatzeko txispa eman digu, baina beraiek ia bi aste oso izan dituzte ondo prestatzeko».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna