Albistea entzun

Adrian Zelaia. Ekai Centerreko zuzendaria

«Gure klase politikoa ilargian dago, guztiz galduta»

Zelaiaren iritziz, zorpetzean oinarritutako hazkunde ereduarekin jarraitu nahi bada, zor pribatua gehiago jaitsi behar da ezinbestean. Hala ere uste du hauxe dela erronka: garapen eredu horren alternatiba bat bilatzea.

JUANAN RUIZ / @FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Joxerra Senar -

2018ko ekainak 28

Adrian Zelaia Ekai Centerreko presidentearen ustez (Bilbo, 1959), urteotan guztiotan zorpetze pribatua jaitsi bada ere, ez du behar beste egin. Era berean, giltzarritzat jo du azken 30 urteetan hazkunde ereduarekin haustea

Analisi ekonomikoetan arreta handia bereganatzen du zorpetze publikoak; zorpetze pribatuak, aldiz, ez. Zergatik?

Oso deigarria da. Azterketa guztietan guztiz onartuta dago krisiaren jatorrian zor pribatua zegoela, zor publikoa baino gehiago. Batetik, onartu da zor pribatua jaitsi behar zela, normalean finantza krisietan gertatzen den moduan. Oso gutxi jaitsi da, hala ere. Jaitsiera horren ondorioz, zor publikoa handitu behar da derrigorrez, baina handitze horretan alarma guztiak piztu dira. Hori ikusirik, politika publikoen jarrera oso desberdina da: oso pasiboa, zor pribatuari dagokionez; zor publikoarekin, aldiz, ardura zuzena dute agintari publikoek, eta horregatik hitz egiten da horrenbeste.

Hegoaldeko zor pribatuari dagokionez, 1994tik 2008ra bost bider handitu zen zor pribatua. Etxebizitza burbuilaren ondorioz, batik bat?

Ez dugu aztertu zehatz-mehatz, baina kalkulatzen dut baietz. Zorpetze familiarrean batik bat etxebizitzari lotutako zorpetzea da. Enpresen artean, bazegoen ere nolabaiteko gainzorpetzea. Hala ere, gure datuen arabera, EAEn askoz gutxiago zorpetu ziren enpresak, beste erkidegoekin alderatuta. Hori oso inportantea zen krisiaren aurkako politikak izateko orduan. Ez genuen ziurrenik hori kontuan hartu, behar zen moduan. Espainiako barne doikuntza estrategia horren funtsean zor pribatua zegoen, baita finantza sektorearen moldaketaren oinarrian ere. Desoreka horiek, neurri handi batean, ez ziren hemen gertatu, baina estatuan ezarritako politikak zehatz-mehatz bete ditugu.

Ez da egon Euskal Herriaren araberako politikarik?

Oro har, gure klase politikoak telebistara begira egiten du politika, eta Espainiaren egoeraren araberako diskurtso batzuk landu dira. Diskurtso horiek hemen erosi ditugu.

Zure ustez, zor pribatua, batez ere familiena hain handia izanik, politika ekonomiko egokiak sortu dira horri aurre egiteko?

Krisia sortzen denetik beretik, zorpetze pribatu handiaren ondorioz, horrek eragin handia du eskarian, eta, ondorioz, ibilbide ekonomikoan. Eragin horren neurriaren arabera, Espainian debaluazioaren bidea itxita zegoen; ez zuten beste biderik, barne debaluazioa baino. Arrazoia ez da izan zor pribatuak eragindako ondorio soziala, baizik eta krisia sortzean duen eragina eskarian eta hazkunde ekonomikoan.

Zor pribatua jaitsi egin da. Nahikoa izan al da?

Hego Euskal Herriaren egoera berezia da, zorpetzea beste tokietakoa baino txikiagoa baitzen. Hemen, guretzat, ez da horren inportantea zein den gure zorpetzea, baizik eta zenbatekoa den guk produktuak saltzen ditugun merkatuetan: Espainian eta Europan, batez ere. Hori da gure merkaturik inportanteena. Zorpetzea, oro har, modu nabarmenean ez jaitsi izana da kezkagarria. Krisiaren ondorio positiboa hori delako: teorian, doikuntzaren ondorioz, gainzorpetzea zuzentzen da, eta ekonomia prest dago berriro hazkunde ziklo bati ekiteko. Kontua da zorpetzea ez dugula jaitsi eta mantendu egin gara azken hamar urteetan diru politikaren ondorioz, burbuilak piztu nahian. Burbuila horiei esker, ez da zorpetzea jaitsi.

Diru politika berezi hori, goizago edo beranduago, bukatuko da. Berez, Europako Banku Zentrala 2019 erdirako amaitzea espero da. Data horri begira, ekonomia nahikoa prestatua dago?

Eragileak (enpresak eta pertsona fisikoak), jakina, prest egon behar dira. Kontuan hartu behar dute, kredituak eskatzean eta gaur egungoak ordaintzean, interes tasak igoko direla modu nabarmenean. Arazoa da, oraintxe, teorian, hori egin beharko litzatekeela, eta alemaniarrek ondo dakite horri aurre egin behar zaiola datorren urtetik aurrera; baina horrek esan nahiko luke hazkunde fasearekin jarraitu ordez, ziurrenik beste atzeraldi batean sartu beharko ginatekeela doikuntza hori bideratzeko. Doikuntza hori zorpetzean gertatu behar da, baina ez dugu batere argi, hori gaindituta ere, benetan garapen eredu bat diseinatuta daukagun, hazkundearekin jarraitzeko.

Azken hiru-lau urteetan hazkunde ekonomikoa barne eskarian oinarritu da, eta, era berean, zor pribatua murriztuz joan da apurka. Zorpetzean oinarritu gabeko hazkundeari eustea da gakoa?

Bai. Arazoa da, II. Mundu Gerraren ostean urte luzez egon ginen hazkunde prozesu bizkor batean sartuta. Ematen zuen denetarako dirua bazegoela, baina irabaziak jaistean, erabaki zen ezin zela horrekin jarraitu, eta sartu ginen hazkunde eredu diferente batean: ongizate estatua zalantza jarri zen, soldata apalek eskarian duten eragin negatiboa zorpetzearekin konpentsatuz. Horrela ibili ginen 30 urtez. Errepikatu behar badugu hazkunde eredu hori, zorpetzea jaitsi behar dugu. Susmatzen dut alemaniarrek zorpetzea nabarmen murriztu nahi dutela, doikuntzaren bitartez, eta, hortik aurrera, beste prozesu batean hasi, berriro zorpetzearen bidetik joanez: soldata apalekin, baina inbertsioa eta eskaria apalankatuta. Baina hori gerta dadin, oraingo zorpetzea oso modu nabarmenean jaitsi behar da.

Iraganeko okerrik ez dela berriz egin behar aipatu izan duzu. Zein lirateke oker horiek?

Hori erraza da esatea, baldin eta ez badugu eredu alternatiborik. Teorian, badago beste eredu bat: itzultzea 1950-60ko urteetako eredura. Alde horretatik, mugitzen ari diren eragile batzuk hala diote: goazen berriro soldata handietan oinarritutako eredu batera, Ongizate Estatua oinarri izan zuen hartara. Hala ere, industria arloan hori ezinezkoa dela pentsatzen da.

Garapen eredu egoki bat bilatzeko helburu horri erantzuteko ahaleginik ikusten duzu?

Ez, argi eta garbi. Ez da gobernu edo oposizioaren kontua. Krisia lehertu arte, 30 urtez oso politika aktiboak izan genituen, baina hortik aurrera, azken hamar urteetan gure klase politikoa ilargian dago guztiz. Telebistari begira egiten dute politika, bai gobernutik bai oposiziotik. Salbuespen batzuk badira. Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburuaren eskutik, lantalde berria dago, eta azterketa serioak egiten ari dira. Salbuespen horiek kenduta, klase politikoa dago guztiz galduta.

Zorraren zama ez da desagertu

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Janari banaketa Rio de Janeiroko kale batean. Gaur egun, 33 milioi pertsonak pairatzen dute gosea Brasilen. ©ANDRE COELHO / EFE

Desberdinkeriaren Brasil

Irune Lasa

Suspertu ezinik zebilen ekonomiak kolpe handia hartu du pandemiarekin, eta nazioarteko testuinguruak gauzak zaildu ditu. Pobrezia eta gosea handitu egin dira.
Autobus bat Brasilgo autobide batean, Rio de Janeiro eta Sao Paulo artean. ©ANDRE COELHO / EFE

Aukera beste zailtasun

Aitor Biain

Herrialdearekiko interesa apur bat apaldu egin den arren, erreferentziazko merkatua da Brasil oraindik ere euskal enpresentzat. Hala, askok zabaldu dituzte ekoizpen lantegiak han.
Sorowakoko nikel meateagia, Indonesia ekialdean. Herrialdeak munduko nikel erreserbarik handienak ditu. ©VALESA

INDONESIA, AUTO ELEKTRIKOAREN ERDIGUNEAN

Josep Solano

Asiako hego-ekialdeko herrialde horretako presidenteak «auto elektrikoen ekosistema handi bat» sortu nahi du, bateriak egite hutsaz gain.

Lanaldean-eko langile talde bat, enpresak Bilbon duen bulego baten aurrean atzo eginiko elkarretaratze batean. ©M. D. V. / FOKU

«SOS Deiak, bai esan?»: 1.000 euroko soldata

Imanol Magro Eizmendi

Lanaldean telemarketin enpresako langile batzuek mobilizazioak hasi dituzte baldintzak hobetzeko. Gutxieneko soldataren mugan daude, eta, besteak beste, Segurtasun Sailaren, Kutxabanken eta Iberdrolaren lehen ahotsa dira.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...