Albistea entzun

Azken gerrak argi utzi dio Armeniari Errusiarekiko aliantzak berreskuratzeko beharra

Ezkerretik eskuinera, Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavrov eta Armeniako jarduneko Atzerri ministro Ara Aivazian, maiatzean, Moskun.
Ezkerretik eskuinera, Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavrov eta Armeniako jarduneko Atzerri ministro Ara Aivazian, maiatzean, Moskun. EFE Tamaina handiagoan ikusi

Alex Bustos -

2021eko ekainak 17 - Mosku

Erevango iturriek adierazi dutenez, Azerbaijango tropa zenbait Armeniako lurretan daude maiatzaz geroztik; hori bai, urrun dira herrialde batek eta bertzeak bereganatu nahi dituzten Karabakh Garaiko lurretatik: zehazki, Siunik eskualdean ikusi dituzte soldaduak, Armenia hegoaldean.

Karabakh Garaiarekin ez bezala, Siuniken harira ez da izan borrokarik bi herrialdeen artean, eskualdea nork bereganatuko. Gune horretan, zenbait istilu izan dituzte Armeniako soldaduekin: bertzeak bertze, borrokan aritu dira, elkar joka; soldadu armeniarrak atxilotu dituzte, eta tiroketak ere izan dira. Tiroketa horietako batean, gainera, armeniar bat hil zen.

Armenia bidegurutzean dago. Alde batetik, Azerbaijanekin tirabirak ditu aspalditik mugan; kontuan hartzekoa da Azerbaijanek Turkiaren laguntza zuzena duela, eta baliabide ekonomiko eta militar gehiago. Bertzalde, hauteskundeei ere egin behar die aurre, eta hauteskundeok ziurgabetasunak baldintzatuko ditu, bai eta 2020an Karabakh Garaian Bakuren aurka izandako porrot militarraren ondorioek ere. Horrez gain, Errusiarekiko harremana hozteak areagotu egin ditu Erevango gobernuaren barneko arazoak.

BERRIA Haik Kasamanianekin solastatu da; Armenian espezializaturiko politologo internazionalista da, eta Transkaukasiako herrialde horretako hurrengo hauteskundeez, Errusiarekiko harremanez eta herrialdearen egungo erronkez mintzatu da.

Armeniaren aliaturik onena

Armeniak eta Errusiak historia komun luzea dute: mendeak daramatzate aliaturik. 1826tik aitzinera, Armeniako lur gehienak Errusiako Inperioaren parte bilakatu ziren. Moskuri beti interesatu izan zaio Armenian presente egotea, itsaso epelagoetarako bidean dagoelako besteak beste, eta, preseski, Errusiako agintarien obsesioetarik bat da hori; izan ere, Moskuren ontzidi militarrari eta itsasontzi komertzialei ezinezkoa zaie Errusiako portu gehienetan sartzea.

Bertzalde, Armeniak aliatu indartsu bat behar du Turkia eta Azerbaijanengandik babestu dezan, bertzeak bertze. Otomandar Inperioa, hau da, egungo Turkiaren aitzindaria da XX. mendearen hasmentako Armeniako genozidioaren erantzulea: milioi bat armeniar baino gehiago hil zituzten orduan. Garai berean, egungo Turkian bizi ziren bertze gutxiengo kristau batzuk ere hil zituzten masiboki, hala nola Ponto eskualdeko grekoak eta asiriarrak. Iaz, Azerbaijanek neke handirik gabe garaitu zituen Armeniako tropak, droneak erabili zituelako batez ere, gehien-gehienak Turkian ekoitziak.

Kasamanianek dioen gisan, «Errusia da tankeak bidal ditzakeen bakarra». Independentzia lortuz geroztik, Armenia ongi konpondu zen Errusiarekin, harik eta 2018ko Belusaren Iraultzan Serzh Sargsian boteretik kendu eta Nikol Paxinianek, matxinada hartako ahotsik garrantzitsuenetako batek, hauteskundeak irabazi zituen arte, babes zabala eskuratuta, botoen %70.

Nolanahi ere, Erevango gobernuak Armeniako agintari izandako batzuk auzipetu zituen, eta Mendebaldera hurbildu zen. Horren guztiaren ondorioz, Armenia bere aliaturik zaharrenarengandik urrundu zen. Boterera ailegatu aitzinetik, Armeniako egungo jarduneko lehen ministroak adierazia zuen Errusiarengandik urruntzeko asmoa, hauxe erran baitzuen, bertzeak bertze: «Armeniaren eta Errusiaren arteko harremana ez da oinarritzen bi kideren arteko batasunean; igorle baten eta hartzaile baten arteko harremana da». Urruntze asmo hori erakutsi zuen, halaber, Armenia Eurasiako Batasunetik ateratzeko aukeraz aritu zenean, garai hartan oposizioan zeuden Jelk aliantzako kideekin batera. Moskuk bultzaturiko proiektua da Eurasiako Batasunarena: asmoa da Europako Batasun gisako bat sortzea Sobietar Batasuneko kide izandako herrialdeekin, lurraldeok aduana batasun batean sar daitezen, bai ekonomikoki eta bai politikoki.

2020an Karabakh Garaian izandako gatazkaren eta 2021ean mugan sorturiko tirabiren ondotik, Erevanek atzera egin du planteamendu horietan. Oraingoz, Paxinianek nahiago izan du bide diplomatikoa baliatu tirabira horiek konpontzeko, baina Errusia gehiago engaia dadin behar du. Politologoaren erranetan, «[Lehen ministroak] oligarken eta Errusiaren aurka egin zuen hasieran, eta, orain, guztiz kontrako emaitza lortu du». Ez daki «zenbateraino merezi izan duen» milaka lagun hiltzea eta lurraldeak galtzea, «aintzat harturik hasi ginen bezala bukatu dugula».

Nahiz eta Errusiak erabaki duen ez duela hainbertze esku hartuko hegoaldeko mugakideetarik baten aferetan, ez zaio komeni Armenia galtzea, Ekialde Hurbiletik gertuko base militar garrantzitsua baita, eta han baitaude Errusiako mila enpresa baino gehiago. Kaukaso hegoaldean tirabira gehiago izatea ere ez zaio komeni Moskuri, Ipar Kaukasora zabaldu daitezke-eta, hots, Errusiaren parte den eremu batera.

Hauteskundeak ate joka

Igandeko hauteskundeetan, Armeniak lehenbiziko urratsa egin dezake bertzelako etorkizun baterantz. Hauteskunde horietan, gizarteak arrunt polarizaturik bozkatuko du, bai gerraren ondorioengatik, bai ustelkeria eta 2018a baino lehenagoko oligarkak itzuliko ote diren beldurragatik. Armeniako jarduneko presidente Paxinianek abantaila du, nahiz eta babes anitz galdu eta haren aurkako sentimendua indartsua izan. Lehenbiziko hauteskundeetan, haren koalizioa, hots, Koalizio Zibikoa arazorik gabe gailendu zitzaien aurkariei, botoen %70 lortuta.

Inkesten arabera, ordea, botoen %30 eskuratuko lituzke orain, aurkariek baino gehiago, baina aitzineko hauteskundeetan baino aise gutxiago. Kasamanianek dioenez, «aski litekeena da» Robert Kotxarianek irabaztea, Errusiaren aldeko Armenia Aliantza koalizio zentristaren hautagaiak.

Ñabardura bat gehitu du politologoak: kuantitatiboki, ez lituzke hark eskuratuko boto gehienak, baina litekeena da «azkenean gobernua osatzea», hala nola EBren aldeko Armenia Distiratsua alderdi zentristarekin, Errusiaren aldeko Armenia Oparoa alderdi kontserbadorearekin, eta Polo Nazional Demokratikoarekin, AEBengana hurbiltzea nahiago lukeen zentro-eskuineko indarrarekin. Alderdi horiek guziek bat egiten dute auzi batean, eta hori gakoa da: denek kendu nahi dute Paxinian boteretik.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Manifestarietako batzuk, atzo, Bruselan. ©OLIVIER HOSLET / EFE

Sei zauritu eta hogei atxilotu Bruselan, neurrien aurkako protestan

Berria

Belgikan ere derrigorrezkoa da COVID ziurtagiria tabernetan, jatetxeetan eta aisialdirako hainbat gunetan sartzeko

Aung San Suu Kyi kargugabetuiko gobernuburua asktzeko eskatzen duten afixak, estatu kolpearen aurkako protesta batean, martxoaren 18an, Yangonen. ©Stringer / EFE

Aung San Suu Kyi bi urteko kartzelaldira zigortu dute, matxinada sustatzea egotzita

Ander Perez Zala

Militarrek agintea hartu osteko lehen kondena jaso du Myanmarko Estatu Kontseilari kargugabetuak. NBEk eskatu du zigortua «berehala» askatzeko.

Eric Ciotti, Valerie Pecresse eta LRko presidente Christian Jacob, hurrenez hurren. ©CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE

Valerie Pecresse aukeratu dute LRko presidentegai izateko

Arantxa ElizegiEgilegor

Emakumezko presidentegai bat izango du lehen aldiz eskuin tradizionalak. Militanteen botoen %61 eskuratu ditu Ile-de-France eskualdeko hautagaiak primarioetako bigarren itzulian

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.