Aldaketan sinetsiz

Baskoniaren proiektuak 180 graduko bira eman du sasoi berrian, eta ezin hobeto hasi du denboraldia. Joan Peñarroyak entrenatzaile ausarta dela erakutsi du, eta jokalari multzo berri bati talde nortasuna eman dio

Darius Thompson, Real Madrilen aurkako partidan, baloia eskuetan duela. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Beñat Mujika Telleria.
2022ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Eez da erraza izaten kirol munduan proiektu berri bat hasi eta lehen egunetik entrenatzaileak nahi duena egitea. Baina hori lortzetik gertu izan da Cazoo Baskonia sasoi hasiera honetan. Defentsako lanari daukan garrantzia emanez eta erasoan perimetrotik sortuz egin ditu lehen urratsak Baskoniak, baina azken sasoitik berrira gauza bat aldatu da bereziki: talde nortasuna, hain zuzen.

Joan Peñarroyak beti erabili izan ditu taldeko jokalari guztiak, eta, Gasteizen hori espero bazitekeen ere, Euroligan inoiz entrenatu ez izanak zalantzak sortzen zituen. Hala ere, entrenatzaile berriak ez du izaera aldatu, eta, ausart jokatuz, jokalari multzo berriari talde nortasuna eman dio .

Iragan sasoian ez bezala, jokalari guztiei ematen die Peñarroyak jokatzeko aukera. Euroligan aritzen direnek gutxiago jokatzen dute ACB ligan, eta alderantziz. Jokalariek konfiantza daukate, eta, bildutako emaitzek lagunduta, harengan sinestea lortu du entrenatzaileak.

Talde nortasuna eta konfiantza erraz ikus daitezke jokatzen ari ez diren jokalarietan, eta partida amaieretan talde guztiak egiten duen korroan. Poztasuna da nagusi hamabi jokalariengan, eta une oro elkarri txaloka eta animoak emanez ari dira. Hala ere, kantxan gertatzen dena da Baskonia berri honen adierazle nagusia. Peñarroyaren taldea da puntu gehien sartzen dituen taldea; Euroligan zein ACB ligan. 88 puntutik gora sartzen ditu batez beste.

Peñarroyak perimetrotik sortu izan du jokoa, beti, eta Baskoniak ere badu bere zigilua. Hiruko jaurtiketa gehien jaurtitzen dituen taldea da, eta 7,25 metroko distantzia horretatik gehien asmatzen duen taldea. Batez beste 13,4 hiruko sartzen dituzte gasteiztarrek; jaurtitakoen %42. Gainera, talde izaeraren adierazgarri, batez beste hemeretzi asistentziatik gora banatzen ditu taldeak. Alor horretan, ACB ligako talde onenetan bigarrena da, eta ACBn hirugarrena. Darius Thompson da errudun nagusia; joko antolatzaileak ia zazpi asistentzia banatzen baititu partidako.

Henry, etxera bueltan

Azken urteetan Buesa Arenan taldean jokatzea gustatzen zitzaion jokalaririk egon bada, hori Pierria Henry da. Antolatzailea etxera itzuli da; taldeari lehiakortasuna emango dio, eta ez du egokitzapenik behar.

Henryk ACB liga irabazi zuen Baskoniarekin 2020an, eta zaleek asko maite dute. Peñarroyak baliabide berri bat izango du, batez ere defentsako lanetarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.