Eguzki Urteaga.

Erritmoen azelerazioa eta denboren dibertsifikazioa

2018ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Gaur egun, erritmo politikoen bizkortzea eta denbora sozialen dibertsifikazioa dira nagusi. Batetik, politikaren abiadura areagotu da, bai erabakiak hartzerakoan, bai gobernuak aldatzerakoan, bai alderdi politikoen agerpena ala gainbehera suertatzerakoan. Euskal Herrian, Europan zein munduan zehar adibide ugari daude, Donald Trumpen garaipena Estatu Batuetan, 'brexit'-a Erresuma Batuan, Macronen ustekabeko agerpena eta beheraldia esaterako. Era berean, azken urteetan, Podemos eta Ciudadanos-en agerpena, gorakada itxuraz geldiezina eta, ondoren, geldialdia aipatu daitezke. Katalunian, duela urte bat eskas, Diadari urriaren 1eko erreferendumak eta independentziaren adierazpenak jarraitu zioten, Autonomia bertan behera utzi eta, ostean, berriz indarrean jarri aurretik. Adibide horiek nabarmentzen dute ziklo politikoak laburtu direla eta, egokitu ezean, oso epe laburrean, alderdiak marjinalak bilakatu eta gobernuak boteretik kanpo aurkitu daitezkeela.

Bestetik, denbora sozialak dibertsifikatu dira. Izan ere, 1945. eta 1975. urteen artean Europako herri gehienetan gertatu ez zen bezala, non ekonomia eta soziala estuki uztartuak zeuden hazkunde ekonomikoaren eta Ongizatezko Estatuaren sendotzearen testuinguru batean, eta non demokrazia ordezkagarriak eta demokrazia sozialak osasuntsu zeuden, gaur egun, ekonomia, arlo soziala, politika eta komunikabideak bakoitza bere aldetik doaz. Gizarteak bere batasuna galdu du eta, horrekin batera, jarduera-eremu bakoitzaren denborak aldentzen joan dira. Horrela, lan-munduaren eta familia-biziaren denborek ez dute bat egiten, ezohiko lanegun eta lan-ordutegien garapenarekin, eta alor ekonomikoa alor sozialetik geroz eta aldenduagoa dago, kontrajarriak balira bezala eta lehenak aberastasuna sortzen duen bitartean, bigarrenak kostua suposatuko balu lez. Halaber, eztabaida parlamentarioa eta komunikabideen denborek talka egiten dute maiz.

Politikaren bizkortzeak eta denbora sozialen ezberdintzeak hainbat arrazoi dauzkate, jarduera-eremuen aldentzetik eta gizartearen indibidualizaziotik haratago. Alde batetik, 2008ko irailean hasi den finantza krisia krisi ekonomiko eta soziala bilakatu da, krisi politikoaren itxura hartu aurretik. Irizpide soziologikoek faktore ideologikoei gaina hartu dioten une berean, norabide politikoa finkatzerako orduan eta aukeraketa elektorala egiterako tenorean, sistema politiko klasikoa deskonposizio eta, ostean, birkonposizio fase batean sartu da, izugarrizko ezegonkortasun politiko-instituzionala eraginez. Gobernu-alderdiek gainbehera nabarmena jasaten duten une berean, alderdi populista eta xenofoboak hauspotuta atera dira. Horretaz jabetzeko nahikoa da ikustea nola zentro-ezker eta zentro-eskuineko alderdiek zer-nolako muturrekoak hartu dituzten Frantzian ala Grezian eta nola eskuin-muturra indartuta atera den Austrian, Alemanian ala Italian.

Beste aldetik, eraldaketa horiek ulertezinak dira komunikabideen biderkatzea eta, batez ere, informazio eta komunikazioaren teknologien hedapena kontuan hartu gabe. Izan ere, modu jarraian informazioa isurtzen duten telebista-kateak ugaldu dira, edozein informaziori oihartzun handia bezain berehalakoa eskainiz eta informazioaren egiaztatzeko eta horren inguruan hausnartzeko denborarik hartu gabe. Une berean, Interneten garapenak eta sare sozialen hedapen azkarrak, sakelako telefono, tableta ala ordenagailu baten jabe bilakatu dute informazioaren sortzaile eta hedatzaile, ia modu berehalakoan. Horrek, informazio guztiak maila berean jartzeaz gain, desinformazioa ziztu bizian barreiatzea ahalbidetu du. Edozein informazio, egiazkoa ala gezurrekoa izan, sare sozialen bidez zabaltzen da inongo kontraste eta egiaztatzerik gabe.

Eraldaketa horiek ondorio nabarmenak dauzkate politikan eta gizarte osoan. Hain zuzen ere, komunikabide eta sare sozialek geroz eta indar handiagoa daukatenez, arduradun politikoak jarrera erreaktibo bat edukitzera bultzatu dituzte, jarrera proaktibo bat edukitzeko ordez. Era berean, erabakitzaileek epe ertain eta, zer esanik ez, luzearen perspektiba galdu dute epe motzeko ikuspegia hobetsiz. Hori dela eta, gaurkotasunean lokaztuak izatearekin batera, ez dira gizartea nora eraman nahi duten adierazteko gai. Hori, politika publikoen batasun ezean eta aldakortasun nabarian islatzen da, familia, hezkuntza, ikerkuntza ala gizarteratze politikek denbora eskatzen dutelarik. Beste modu batera esanda, politika publikoen koherentzia eta eraginkortasun eskasa dakarte. Azkenik, etorkizuna aurreratzeko eta etorkizunean proiektatzeko ezintasuna eragiten dituzte, ikusgarritasunik eza, kezka eta noraeza sortuz.

Egoera horren aurrean, ezinbestekoa dirudi, batetik, eragile politiko eta sozialek agenda propioak osatzea zein gauzatzea Paris eta Madrileko eztabaidetatik aldentzeko, eta komunikabide eta sare sozialen diktadurarik urruntzeko, eta horiei, maila batean behintzat, mugak jartzeko; eta, bestetik, gizartearen ikuspegi orokor, konplexu, integratu bezain prospektiboa garatzea etorkizunaren jabe izateko asmoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.