Ez dira garai batekoak

Egindako fitxaketen errendimenduaren antzera, Baskoniak gorabeheraz betetako denboraldia izan du etenera bitarte, bai jokoan, bai emaitzetan. Buesa Arenako bulegoetan nahikoa izango dute horri buelta ematen datorren sasoirako.

Youssoupha Fall saskiratze bat egiten ahalegintzen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
mikel reina
2020ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Baskoniak denboraldi zaila izan du. Lesioak, fitxaketen berandutzea, entrenatzaile aldaketak, koronabirusaren pandemiak eragindako aldi baterako erregulazioak... Hori guztia, nola ez, emaitzetan islatu da. Egoera horretan, begiradak Buesa Arenako bulegoetara begira jarri dira. Duela ez asko, antzeko egoeretan, Josean Kerejetaren lantaldea oso abila zen aldi baterako ordezkoak aurkitzen: bizkorrak, probetxuzkoak eta taldeari beste norabide bat ematen ziotenak. Aurten, ordea, hainbeste lesiorekin eta emaitza txarrekin, erantzun falta antzeman da zuzendaritzan. Sasoi hasieran egindako fitxaketetako batzuk, gainera, ez dira fin aritu. ACB liga eta Euroliga itzultzen badira, ikusteke dago zer pasatuko den.

MICHAEL ERIC
Ez hanka, ez buru

Euskal Herriko saskibaloi zaleek buruan zeukaten Michael Eric 2016-2017ko denboraldian Bilbo Basketen jokatu zuena zen. Beti egon da zaleen ahotan, agian Bilbo aldean egin zuen lan onarengatik. Uztaipean pibot fidagarritzat eta sendotzat zeukaten fitxatu zutenean, erasoan eta defentsan. Horrek, ordea, mesede baino kalte gehiago egiten du. Miribillan, hamar puntu eta bost errebote lortu zituen batez beste; sasoi honetan, Buesa Arenan,berriz, zazpi puntu eta 3,5 errebote. Alderaketak gorrotagarriak dira.

ACHILLE POLONARA
Adorea eta borroka

Udan Baskoniaren eskaintza jaso zuenean, Achille Polonarak bazekien bere postuan Tornike Xengelia kapitaina izango zuela aurretik, Euroligako hegal-pibotik onenetariko bat, onena ez bada. Polonarak ez du inoiz hain gutxi jokatu 2009tik: 11 minutu partidako, batez beste. Baina ez ditu besoak jaitsi. Gasteizko zaleek hainbeste maite dituzten jokalari borrokalari eta adoretsu horietako bat bilakatu da. Buesa Arena bere koliseo bihurtu du, eta bere burua, gladiatore.

ZORAN DRAGIC
Fidagarria

Ona, polita eta merkea. Aldi baterako kontratua duten jokalarien artean, beti fidagarritasuna eskaintzea bilatzen da. Hori da Zoran Dragic; ez gehiago, ez gutxiago. Aldez aurretik jakina da zer emango dion taldeari: defentsa, intentsitatea eta uztaiarekiko zuzentasuna. Hori berretsi, eta Dusko Ivanovicekin berehala eskuratu zituen minutuak. Hamazazpi batez beste Euroligan, duen esperientzia baliatuz. Entrenatzaile batek taldean nahi dituen jokalari horietako bat da, lana osatu eta etxera joaten diren horietako bat.

SEMAJ CHRISTON
Albo kaltea

Merkatuko joan-etorriengatik heldu zen Semaj Christon Gasteizera. AEK-k ia egina zuen haren fitxaketa, baina, Greziako ligan dauden kupo arazoengatik, Joventuteko Nikos Zisis greziarraren etete klausula ordaindu behar izan zuen. Albo kalte bat. Christonek herrialde askotan jokatu du, Txinan edo Puerto Ricon esate baterako. Horregatik, haren egokitzapen prozesua oso laburra izan da. Hasiera-hasieratik beste freskotasun bat eman zion Ivanovicen taldeari, eta Euroligan, CSKA Moskuren aurka, 11 puntu lortu zituen, eta beste horrenbeste asistentzia banatu.

SERGI GARCIA
Estaldura

Jayson Grangerrek orpazurda apurtu zuen aurrena; Luca Vildoza sorbaldako arazoekin hasi zen gero; eta, ondoren, Pierria Henryri ebakuntza egin zioten aurpegian. Baskonia joko antolatzaile petorik gabe geratu zen, jokoari zentzua emango zion iparrorratzik gabe. Josean Kerejetak Sergi Garcia ekarri zuen hutsune hori estaltzeko. Ibon Navarroren Andorraren aurka, Garcia izan zen Ivanovicen taldeko gidari bakarra, adibidez. Antolatzaileak nahiko ondo egin ditu bere eginbeharrak, jokatu dituen minutu gutxietan lasaitasuna eman baitio taldeari.

YOUSSOUPHA FALL
Proiektua

Udan, Josean Querejetaren apusturik handiena izan zen Youssoupha Fall. 2.21 metroko pibota Walter Tavares berria zela zioten. Argi zegoen frantziarraren fitxaketa luzera begirako proiektu bat zela, baina haren denboraldi hasiera bikainak asko handitu zituen aurreikuspenak. Norgehiagokak aurrera joan ahala, haatik,ikusi ahal izan da oraindik asko duela ikasteko eta hobetzeko. Jaurtiketa libreen marratik finago aritu behar du, batez ere. Jaurtitakoen %45,16 bakarrik sartu ditu. Michael Ericekin batera, Euroligako jaurtitzailerik txarrenetan hirugarrena, arlo horretan. Ez du baliatzen bere altuera. Gogorragoa izatea falta zaio, baita uztai azpiko mugimenduak lantzea ere. Jokalari desberdin bat izateko dohainak ditu Fallek, baina oraindik bide luzea dauka aurretik, eta non hobeto Baskonian baino.

PIERRIA HENRY
Gorabeheratsua

Pierria Henryren denboraldia jolas parke bat izan da. Partida guztietan, Buesa Arenan sartu baino lehen, zaleak urduri egoten ziren ea antolatzaileak zein egun izango ote zuen. Batzuetan disfrutatu egiten zuten haren jokoarekin, eta taldea ezin hobeto gidatzen zuen. Beste egun batzuetan, ordea, dena aldats gora jartzen zitzaion, eta lehia interpretatu eta kontrolatu ezinik aritzen zen. Zenbakiei erreparatuz, ikus daiteke baloi bat galtzen duen bakoitzeko, 1,49 asistentzia banatzen dituela. Euroligako 37. postuan zegoen esparru horretan. Onerako edo txarrerako, ikuskizuna ziurtatuta dago harekin.

NICK STAUSKAS
Nahi eta ezin

Nick Stauskasek Baskonian egindako ibilbide laburrak askorako eman du. Unibertsitatean, Michiganeko (AEB) izarra bilakatu zen, eta, horri esker, NBAko draft-eko zortzigarren postuan hautatua izan zen. Munduko ligarik onenean, ordea, ez zuen bere lekua aurkitu. Gasteizera heltzerakoan, konfiantza berreskuratu nahi zuen, garrantzitsua sentitu. Ahalegindu zen, baina ezinean aritu zen. Lesioek ez zioten lagundu bere onena ematen. Urrutiko jaurtiketak dira haren indargunea, baina hor ere ez zuen asmatu. Hirukoetan %36,5etan asmatzea lortu zuen. Azken kolpea Real Madrilen aurka Euroligan egindako falta inozo eta zentzugabea izan zen. Akabo jokalariaren ibilbidea Baskonian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.