Txapeldunen Ligako finala Anoetan jokatu da

Zortziko Finaleko neurketak Realaren zelaiaren eta San Mamesen artean banatuko dituzte. Abuztuaren 21 eta 30 artean izango dira lehiak

Lyongo jokalariak aurreko sasoiko Txapeldunen Ligako titula jasotzen. Seigarrenez irabazi zuten. TIBOR ILLYES / EFE.
ainara arratibel gascon
2020ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
UEFA Europako Futbol Elkarteen Batasunak hartu du erabakia: emakumeen Txapeldunen Ligako Zortziko Finala Euskal Herrian jokatuko da; hain zuzen ere, Anoetan eta San Mamesen. Abuztuaren 21 eta 30 artean izango da, eta finala Anoetan jokatuko da. Espainiako Federazioak egin zuen horretarako eskaria, eta UEFAk baiezkoa eman du. Dagoeneko hasi dira begiratzen zein zelaitan entrenatu daitezkeen eta presta dezaketen txapelketa bertan lehiatuko diren zortzi taldeak.

COVID-19aren pandemiak lehiaketa eten zuenean, final-laurdenak jokatzear ziren, eta hauek ziren kanporaketak: Bayern-Lyon, Wolfsburg-Glasgow, PSG-Arsenal eta Bartzelona-Atletico Madril.

Final-laurdenak abuztuaren 21ean eta 22an jokatuko dira; finalerdiak, 25 eta 26an, eta finala, 30ean, 20:00etan. Partidak ateak itxita jokatuko dira, Espainiako Gobernuak futbol zelaietan zaleak sartzeko baimena ematen ez badu, behintzat.

Lyon da txapelketa irabazteko hautagai nagusia. Sei aldiz irabazi du orain arte, azken lauak erreskadan. Izarrez beteko taldea da:Ada Hegerberg, Eugenie Le Sommer, Wendie Renard... Aurreko sasoiko finalean nagusitasunez hartu zuen mendean Bartzelona: 4-1. Hegerberg izan zen finaleko izarra, hiru gol sartu baitzituen.

Dena den, denboraldi honetan, ligan, Paris Saint Germainek estu hartu du Lyon. Liga eten zen biharamunean ziren bi taldeak elkarren aurka jokatzekoak, Parisen, eta Lyonek hiru punturen aldea baino ez zuen.

PSGn jokatzen du, hain zuzen ere, Irene Paredesek. Hura izango da Zortziko Finalean izango den euskal jokalari bakarra, eta aukera edukiko du Europako kluben arteko txapelketa etxean jokatzeko. Parisko taldearen atzealdeko zutarrietako bat da.

Beste taldeen artean, Bartzelona izan daiteke Lyonen nagusitasuna ezbaian jartzeko hautagai nagusia. Sasoi osoan erabat nagusi izan da Espainiako Ligan, eta denboraldi hasieratik Txapeldunen Liga irabaztea du begiz joa, aurreko sasoiko kolpearen ondoren. Lyonen antzera, jokalari erabakigarriak ditu, batez ere zelai erditik aurrera: Lieke Martens, Asisat Oshoala, Jenni Hermoso...

Wolfsburgek eta Bayernek, aldiz, abantaila txiki bat izan dezakete, Alemaniako liga itzuli egin baita. Ingalaterrako, Frantziako eta Espainiako ligak, berriz,etenda daude, eta Eskoziak ez du oraindik erabaki zer egingo duen txapelketarekin.

Gizonezkoena, Lisboan

Gizonezkoen Zortziko Finalari buruzko xehetasunak ere eman zituen UEFAk. Kasu honetan, Lisboan jokatuko da. Lehia abuztuaren 7an itzuliko da. Koronabirusaren krisia agertu aurretik erabakitzeke geratu ziren final-zortzirenetako kanporaketak jokatuko dituzte aurrena. Itzulerako partidak izango dira: Manchester City-Real Madril (2-1), Juventus-Lyon (0-1) Bayern-Chelsea (3-0), eta Bartzelona-Napoli (1-1). Printzipioz, etxean jokatzea egokitzen zaien taldeen zelaian jokatuko lirateke neurketak, eta, ezingo balitz, Guimaraeseko Alfonos Henriques zelaian edo Portoko Do Dragaon jokatzea proposatu du UEFAk. Final-laurdenetako lehiak abuztuaren 12tik 15era jokatuko dira; finalerdiak, 18tik 19, eta finala23an. Norgehiagoka guztiak 21:00etan izango dira.

Datorren sasoiko Txapeldunen Liga urriaren 20an hasiko da. UEFAk berretsi zuen, halaber, Bilbo datorren urteko Eurokopako egoitza izango dela. Lau lehia jokatuko dira bertan, tartean Espainiako selekzioaren hiru.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.