Errusiako Munduko Kopa

Birika bat zelai erdian

N'Kolo Kanterentzat txikia izatea arazo izan zen hastapenetan, baina bere buruan fedea izanda eta lan gogorra eginda bihurtu da izar. Hauspoa eta zentzua ematen dio Frantziari.

Julen Etxeberria.
2018ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Aurreko Munduko Kopa jokatu zenean, Frantziako Lehen Mailara igo berria zen N'Kolo Kante (Paris, 1991), Caen talde apalarekin. Lau urte geroago, nekez imajina daiteke Frantziako selekzioa hura gabe. Chelseako erdilaria funtsezkoa da Didier Deschamps hautatzailearentzat. Ziur da euskarri postuan, Paul Pogbaren ondoan. Bikote indartsua bezain bitxia osatzen dute Kante txikiak (1,69 metro)eta Pogba luze-luzeak (1,91 metro).

Ez da datu anekdotikoa altuerarena Kanteren kasuan. Muga izan du urte askoan. Clairefontaineko Frantziako Futbol Gunea, Stade Roazhon, Sochaux, Lorient... luzea da txikia zela argudiatuta Kanteri atea itxi ziotenen zerrenda. Bost axola guztiei haren indarra, bost axola guztiei haren abiadura, bost axola guztiei haren iraupena. Kanteri oso gazte geratu zitzaion argi haize kontra borrokatu beharko zuela.

Eta egin du. Suresnesen hasi zen nabarmentzen, haren etxetik ehun metro eskasera jokatzen zuen taldean. Bederatzigarren Mailan ari zen Suresnes, futbol afizionatuaren oihanean. Zelai eta baldintza penagarriak, aurkari zaildu eta gogorrak... eta, horren aurrean, 18 urte bete gabe zen Kante gaztetxo bat. Ez zen kikildu, eta guztiari egin zion aurre. Erasoan jokatuta, hamabost gol sartu zituen denboraldi horretan. Lan bikain horrek Boulougneren arreta bereganatu zuen. Frantziako Bigarren Mailan taldeak eskaintza egin zion, baina ez lehen taldean jokatzeko, bigarrengoan baizik, Seigarren Mailan. Kolpe batean hiru maila igo zituen. Ez zuen zalantza egin, eta lehen aldiz etxea utzi zuen.

Bi urtez aritu zen Boulougneren bigarren taldean. 2012an, lehen taldea Hirugarren Mailara jaitsi zenean iritsi zitzaion aukera, eta bikain aprobetxatu zuen. Boulougne hainbestean aritu zen, baina Kantek sekulako lana egin zuen. Sasoia amaitu baino lehen hamaika eskaintza zituen mahai gainean. Caenena aukeratu zuen. Beste koska bat igo zuen. Bigarren Mailan aritu zen.

Eta Caenen, Kanteren ibilbidean mugarri izan den entrenatzailearekin egin zuen topo, Patrice Garanderekin. Hark konbentzitu zuen zelaian pauso bat atzera eman zezan, erdi-puntatik euskarrira. Eta lemazain moduan, inoiz ez bezala egin zuen distira. Han eman zuen lehen aldiz izarbilakatu duten dohainen berri: zelai osoan hara-hona egiten zuen korri, nekaezin, eta beti zentzuz. Hamaika baloi ere lapurtzen zituen, eta erasora arriskuarekin iritsi. Hori guztia erabakigarria izan zen Caen maila nagusira igo zedin. Makina bat taldek jo zuten harengana, baina Kante leial izan zitzaion Caeni.

Beste urtebete egin zuen Caenen, eta zaila zirudiena lortu: aurreko denboraldian eginikoa txiki uztea. Inork baino baloi gehiago berreskuratu zituen Europako bost liga handienetan: Espainiakoan, Ingalaterrakoan, Alemaniakoan, Italiakoan eta Frantziakoan.

Jauzia egiteko garaia zen. Leicester Cityk irabazi zuen Kante fitxatzeko enkantea, zortzi milioi euro ordainduta. Ez zirudien tokirik erakargarriena, erdipurdiko taldea baitzen, mailari eusteko bereak eta bi sufritzen zuena.

Baina Leicesterren, aspaldiko kirol balentriarik handiena bizi zuen. Claudio Ranieri entrenatutako taldeak indartsu ekin zion ligari, eta lider jarri zen. Erori egingo zela zioten guztiek, baina ez zen erori, eta ustekabean txapeldun izan zen. Halakoetan erasoko jokalariek bereganatu ohi dute arreta gehien. Orduko hartan, Riyad Mahrezek eta Jamie Vardyk bete zuten makina bat azal eta lerroburu. Baina haiek ezin izango zuten distirarik egin atzean Kante egon ez balitz. Hark eutsi zion taldeari. Inork baino baloi gehiago berreskuratu zituen ligan.

Leicester Cityren miraria

Zur eta lur utzi zituen guztiak, baita Ranieri bera ere. «Horrenbeste egiten du korri, uste nuen bateria bat zuela gordeta galtzetan. Egun batean berak egingo du erdiraketa, eta berak errematatuko du». Steve Walsh kirol zuzendariak laburbildu zuen ondoen Kantek urte hartan egindakoa. «Hiru jokalarirekin aritzen gara zelai erdian, Danny Drinkwater erdian, N'Kolo Kante ezkerrean eta N'Kolo Kante eskuinean».

Txiki geratu zitzaion Leicester, eta Chelseara joan zen sasoia bukatutakoan. Antonio Contek kosta ahala kosta nahi zuen, eta Roman Abramovitxek italiarraren apeta bete zuen; hori bai, 38 milioi euro ordainduta. Berean jarraitu zuen Kantek Londresen, eta berriro erabakigarria izan zen Chelsea txapeldun izan zedin. 25 urte ziren jokalari batek ez zuela liga bitan jarraian irabazi bi talde ezberdinetan jokatuta. Haren herrikide bat izan zen azkena, Eric Cantona, Leeds Unitedekin eta Manchester Unitedekin.

Chelsea apal aritu da azken sasoian, baina ez da izan Kantek behera egin duelako. Sasoiko iritsi da Errusiara, eta estreinakoan erakutsi zuen, Australiaren aurka. Kante aritu zen ondoen hainbestean aritu zen Frantzian: 58 pase eman zituen, eta horietatik 55 izan ziren onak. Buruz buruko guztiak ere irabazi zituen. Beste horrenbeste egiten saiatuko da gaur, Peruren kontra.

FRANTZIA-PERU

Frantzia. Lloris; Pavard, Varane, Umtiti, Lucas Hernandez; Matuidi, Kante, Pogba; Mbappe, Giroud eta Griezmann.

Peru. Gallese; Advincula, Ramos, Rodriguez, Trauco; Aquino, Yotun; Carrillo, Cueva, Farfan; eta Guerrero.

Epailea. Mohammed Abdullah Hassan (Arabiar Emirerri Batuak).

Lekua. Jekaterinburg Arena(35.000 ikusle).

Ordua. 17:00 (Cuatro/TF1).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.