Pello Bilbao. Astanako txirrindularia

«Nire garapena eteten ari zela ikusten nuen»

Euskaltel-Euskadirekin 2011n World Tourrean debuta egin ondoren, bizkaitarrak Caja Ruralen igaro ditu azken hiru denboraldiak. Behetik gorako joera nabarmenean, bost garaipen lortu zituen 2016an. «Ofizioa ikasita», bete-betean gozatu nahi du Astanak eman dion aukerarekin.

unai zubeldia
2017ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Hegazkinaren zain harrapatu du BERRIAk Pello Bilbao (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1990). Caja Ruraletik Astanarako pausoa emanda, otsailaren 1ean da lehian hastekoa, Valentziako Itzulian, eta joan den asteartetik kontzentrazioa egiten ari da Calpen (Alacant, Herrialde Katalanak) talde berriarekin. Joan den asteko hotzaldiarekin eztarria urratuta izan arren, Fabio Aruren mesedetan bete-betean lehian hasteko prest dago jada. «Beste hasiera bat» izango du World Tourrean.

Hiru urteren ondoren, World Tourrera bueltan zara berriz ere. Zer esan nahi du horrek?

World Tourrerako itzulera da, bai, baina, aurreko esperientziarekin alderatuta, erabat desberdina da itzulera hau. Aurrekoa World Tourreko debuta izan zen, baina World Tourreko talde batean egonda ere uste dut artean ez nintzela maila horretako txirrindularia. Hasiberria nintzen artean. Lau urteko kontratu luzearekin apurka-apurka haziz joatea zen helburua, presiorik gabe. Filosofia horrekin eman nuen World Tourrerako pausoa, eta erabat bestelako egoeran nago orain. Sei urte daramatzat profesionaletan, eta prozesu luze baten ondoren iritsi zait aukera. Ofizioa ondo ikasita daukat, eta aukera ezin hobea eskaini didate goreneko mailara itzultzeko. Bete-betean nago, eta lehen lasterketatik saiatuko naiz aukera baliatzen.

Pello Bilbao, Astanako txirrindularia. Hitz potoloak dira horiek. Zer aurkitu duzu taldean?

Lehenik eta behin, jende pila bat; langile asko dago taldearen inguruan, izugarri. Hainbeste jende, hainbeste hizkuntza... Kaosa izan da hasieran, baina hogei eguneko kontzentrazioa egin genuen taldea aurkeztu zutenean, eta mesedegarria izan zen guztiak ezagutzen hasteko. Lehen pertzepzio hori barneratuta, hurbiltasun sentsazioa nabaritu nuen hain talde handia izanda ere eta hainbeste jende egonda ere. Handia da egitura, baina oso giro ona dago barruan, profesionaltasun handikoa. Horrez gain, bitarteko asko dauzkagu eskura.

Urte bakarrerako kontratua sinatu duzu. Arriskutsuegia da, agian, erabakia?

Bai, bai. Argi dago arriskutsua dela urte bakarrerako kontratua. Baina azken hiru urteotan erakutsi dut nahiko erregularra naizela. Ez naiz une jakin batean goi-goian agertu eta gero desagertzen diren horietakoa. Nahiko konstantea naiz, eta, gauzak ondo badoaz, urte osoan maila ona eman ahal izango dudala uste dut. Lesioren bat edo lekuz kanpoko zerbait tokatuko balitz, ordea, gerta liteke denboraldia eskasa izatea ere, eta nire benetako mailarik ez ematea. Arrisku horren jakitun naiz, eta badakit oso murritza dela urtebeteko epea. Baina lehen lasterketatik saiatuko naiz beste urtebeterako kontratua irabazten.

Izenei begira hasita, nolakoa da Aleksander Vinokurov gertuko harremanean?

Txirrindulari gisa asko gustatu izan zait betidanik. Lehiatzeko modu ikusgarria zeukan tropelean; aldeko ezaugarriak ez izan arren, erasora jotzen zuen beti, eta beti miretsi izan dut jarrera hori. Niretzat ereduetako bat zen bere garaian, eta taldeko burua da gaur egun. Oraindik ez dut eduki aukerarik oso hurbiletik ezagutzeko. Lau hitz egin genituen ongietorrian, baina beste zuzendari batzuk daude haren azpitik, eta gertuagoko harremana daukagu haiekin. Manager nagusiaren lana da Vinokurovena, gorago dago taldearen egituran, eta ez dauka hain harreman zuzenik txirrindulari eta langile guztiekin. Izan ere, ezinezkoa da taldeko 80-90 langileekin gertuko harremana edukitzea.

Fabio Aru, Miguel Angel Lopez, Michele Scarponi, Jakob Fuglsang... Egitura indartsua dauka Astanak, baina Sky, Movistar, Bahrain... horiek baino koska bat beherago dago, akaso?

Azken urteotan haien pare ibili dela uste dut, nahiz eta berriz erakutsi beharko dugun goi-goi mailan gaudela. Hiru asteko itzulietan talderik indartsuenetakoa izango da Astana, Skyrekin batera, noski.

Entrenatzeko modua, elikadura, informazioa trukatzeko modua... Aldaketarik nabaritu al duzu egunerokoan?

Bai, bai. Aldaketa dezente daude. Zenbat jende ari den lanean kontuan hartuta bakarrik, hori bada nahikoa aldaketa. Askoz bitarteko gehiago daude Astanan. Informazio guztia ondo bideratuta dago taldean; txirrindulari bakoitzak dauka bere mediku arduraduna, prestatzaile arduraduna eta zuzendari arduraduna. Taldeka lan egiten da, eta talde txiki horiek gainontzeko zuzendariei ematen diete gero informazio guztia. Bestalde, taldeko kontzentrazio asko egiten ari gara, eta egun asko pasatzen ari gara etxetik kanpo. Lan moldean, berriz, asko zaintzen dituzte xehetasunak, azken batean alde handiak sortzen direlako xehetasun txiki horiekin. Ni, behintzat, saiatzen ari naiz xehetasun txiki horiek ondo zaintzen.

Zehaztuta daukazu egutegia? Fabio Aruren laguntzaile izatera mugatuko zara, edo izango duzu zurea emateko aukera?

Gutxi gorabehera zehaztuta dago, bai. Valentziako Itzulian hasiko naiz, otsailaren 1ean, eta Algarveko Itzulian, Abu Dhabiko Itzulian, Kataluniako Voltan eta Euskal Herriko Itzulian lehiatuko naiz gero. Hori dago zehaztuta. Italiako Girorako ordezko nago oraingoz, baina aurreragoko kontuak izango dira horiek. Oraingoz, Fabio Aruren alde lan egitea tokatuko zait, baina beti egongo dira aukera txiki batzuk, eta saiatuko gara ondo aritzen. Taldearen errespetua irabaztea izango da lehen erronka, eta gogor lan egitea, egitura honetan tokia egiteko. Behin maila emanda, zuzendariek eurek ikusiko dute beste egiteko batzuetarako ere gai naizela.

Vuelta ezagutzen duzu, baina Giroa eta Tourra ez. Probaren batek sortzen dizu irrika berezirik?

Giroan zein Tourrean, bietan debuta egiteko gogotsu nago, baina uste dut errealistagoa dela Giroko debutari begira jartzea Tourrean pentsatzen hastea baino. Asko gustatzen zait Giroa; 100. aldia izango da aurtengoa, eta taldearentzat ere helburu berezia da.

Astanaren eskaintza zen azken aukera World Tourrera itzultzeko?

Ez dakit azken aukera zen; ez dut uste. Baina garai aproposa zen jauzia egiteko. Iaz ere eduki nuen aukera Astanarekin, baina ezinezkoa izan zen, Caja Ruralekin beste urtebeterako kontratua neukalako. Baina aurten berriz sortu da aukera hori, eta ezin nuen alferrik galdu.

Hiru urte izan dira Caja Ruralen, eta bost garaipen lortu dituzu. Agortuta zegoen Kontinental Profesional mailako bide hori?

Ez dakit agortuta zegoen bidea, baina nire garapena eteten ari zela ikusten nuen; ez neukala ezer berririk. Egutegi bera, antzeko helburuak... Aldaketa baten beharra sentitzen nuen, egonkortzeko beldurra neukan eta. Adinean ere aurrera goaz, eta pausoa emateko garai egokia zen.

Euskal Herritik begira jarrita, Murias gorako pauso sendoak eman ezinik dabil oraindik, eta euskal txirrindulariak atzerrira bidean zoazte. Zein egoeratan dago euskal txirrindularitza?

Muriasen proiektuak itxura ona dauka, eta beharrezkoa da gorako pausoak ematea. Oso berri ona litzateke datorren urtean Kontinental Profesional mailan lehiatzea. Gaur egun, ordea, munduan zehar banatuta gaude euskal txirrindulariak, eta oso talde sendoa sortu beharko lukete euskal txirrindulari guztiak berriz ere Euskal Herrian batzeko. Ez da erraza izango; denbora beharko dugu, baina pausoz pauso joan beharko dugu. Hurrengo urtean koska bat igoz gero, indartuz joango da taldea, kantitatea eta kalitatea badauzkagu-eta oraingoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.