Botoa, bere buruari

Athleticek San Mamesen duen indarra baliatu gura du gaur Levanteri irabazteko. Aitor Fernandezek jokatu egingo du

haritz gallastegi
2019ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Athleticek sailkapenaren erditik gora egonkortzen lagunduko dion garaipena eskuratu gura du gaur, San Mamesen, Levanteren kontra. Ligaren lehen herena betetzear denean, parekotasuna da txapelketak duen ezaugarri nagusia. Liga irabazteko lehiatuko diren bizpahiru taldeak aurrera egingo dute pixkanaka-pixkanaka, eta litekena da Txapeldunen Ligan sartzeko borrokan egongo diren beste bizpahiru taldeek ere alde txiki bat egitea. Baina gainerakoan artean ez da tarte handirik egongo. Ikustekoa izango da Europarako sailkatuko den azken taldearen eta hamabigarren postuaren artean egongo direnen arteko lehia. Detaileek erabakiko dute sailkapena. Garaipen baten gorabeheran egongo da aldea.

Bada, zuri-gorriek borroka horretan egon gura dute azken txanpara arte. Eta, horretarako, aukera guztiak baliatu beharko dituzte. Batez ere, etxeko norgehiagokak izango dira garrantzitsuak. Talde gehienak bi aurpegi erakusten ari dira: etxean lehiakorrak dira oso, eta kanpoan pitzadura asko dituzte. Ez da gaurko kontua. Duela mende erdi antzeko dohain eta gabeziak zituzten talde asko zeuden. Athletic zen euretako bat. «Eskerrak ez zituztela telebistaz ematen San Mamesetik urrun jokatzen genituen partidak». Makina bat jokalari ohik esana da.

Egungo Athleticen ere hala gertatzen da. Orain arte irabazitako hamazazpi puntuetatik hamahiru etxean lortu ditu. San Mamesen jokatutako sei partidatik lau irabazi ditu, bat berdindu eta beste bat galdu. Merezita irabazitako puntuak izan dira. Gehiago lortzeko merituak ere egin ditu. Baina talde guztiek eskuratzen dituzte denboraldi osoan merezi gabeko puntuak. Athletici ere gertatu zaio etxetik kanpo.

Gaur, partida zaila du, Levante aurkari gogorra baita, baina baita gorabeheratsua ere: onena eta txarrena egiteko kapaz da. Orain haizea alde duela esan daiteke. Azken bi jardunaldietan Reala eta Bartzelona mendean hartzeko gai izan da. Hau da, sailkapenaren punta-puntan dauden bi talderi irabazi die. Erasoan baliabide askoko taldea da, eta atzean, atean, bikain ari da Aitor Fernandez. Arrasatearrak, azkenean, jokatu egingo du gaur, Hauteskunde Batzordeak onartu egin baitu haren helegitea. Gaizka Garitanoren hamaikakoari dagokionez, litekeena da Unai Lopez aritzea berriro euskarrian. Bestalde, Ibaik eta Cordobak postu bat dute jokoan. Aduriz ez da ariko, min hartu baitzuen atzo ezker aldakan. Azken lehiarekin alderatuta, ez daude deialdian De Marcos, Larrazabal eta Vesga. Aldiz, Sancet, Villalibre eta Kodro daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.