IRITZIA

Mafiaz hizketan Scorseseren plataformatik

The Irishman filmaren fotograma bat. Netflix plataforman ikusgai dago Martin Scorseseren lan berria. NIKO TAVERNISE / EFE.
begona del teso
2019ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Euskal Herrian ez da estreinatu zinema aretoetan. Boikot alferrikakoa, irrigarria egin diote aurtengo maisulanik handienetariko bati gerra galdua duten zinema saloietako jabeek. Scorseseren The Irishman Netflix plataforman dago jada, eskura.

Frantziako Estatuan, Canneseko zinemaldiak errefus egin zion filmari. Lyonekoak, berriz, ez. Parisko Cinemathequen proiektatu zuten ezin ahaztuko arratsalde batean, Scorsese bertan zela. Espainiako Estatuan, Madrilgo hainbat aretotan, Kataluniako zenbaitetan, Galiziako, Kanaria uharteetako eta Gaztelako saloi burujabe, libre eta txiki urri batzuetan oraindik da ikusgai, dastagai, eztabaidarako eta lilurarako bide.

Areto horietako askok ez dituzte aparteko neurriko pantailak, baina igual dio, saloi zinematografikoak dira. Iluntasunak besarkatzen zaitu bertan, filmak irauten duen 251 minutuetan zehar. Eta zure ondoan, zure atzean edo zure aurrean daudenen emozioak sumatzen dituzu, zureekin erritmo berean (edo ezberdin batean) taupaka.

Zinema gaurko eta biharko teknologiak eskaintzen dizkigun beste euskarrietan ikustearen kontra ezer ez daukat, baina. Beste harreman mota bat ezartzen da nire eta irudien artean bakarrik banago etxean eta pelikula ordenagailuaren pantailan baldin badaukat. Eta gustuko, oso gustuko dut amodiozko afera berri hau, non biok gauden bakarrik. Kontu kontari. Bera ni seduzitu nahian. Ni, aldiz, seduzitua izateko gogo biziz.

Nire ustez, zinema ikusteko hamaika era daude. Edo izango dira. Aretoetakoa erritual bilakatuko da. Zinema saloietara joatea zeremonia izango da gutako askorentzat. Lagunen arteko afariak edo maitaleen arteko ihesaldiak diren bezala. Beste euskailuetan ikusteak aldaketak ekarriko ditu gure zinemarekiko atxikimenduan, baina zergatik izan behar du txarrerako?

Eta gero gerokoa... Film bat zinema da nork ekoitzi duen arabera? Segun eta zenbatekoa den dirua eta baldintzak maneiatzen dituenaren zeluloidezko odol garbitasuna? Zintzoagoak dira orain Hollywood menpe duten Txinako enpresariak Netflix edo antzeko plataformak darabiltzatenak baino?

Eta The Irishman-ez ari garenez, ohiko ekoiztetxe horietan zein egongo litzateke prest 75 urte dituen zuzendari baten hiru ordu eta erdiko lana babesteko? Ez ahaztu filmaketa guztiak hasi orduko autoreak bizitza asegurua izan behar duela. Eta aseguru etxeak ez daude prest aitona baten alde paperak sinatzeko, sosak jokoan jartzeko. Horrexegatik, esaterako, Billy Wilderrek berak ezin izan zuen bere azken urteetan zinema egin.

Ez naiz zozoa. Ederki dakit plataforma erraldoi horiek diru gosez daudela. Beti. Ez naiz haiekin fidatzen. Ezagutzen ditugu bertan lan egiten dutenen esklabo-baldintzak. Baina ez dut uste orain arteko zinema jabeak zintzoagoak zirenik. Ez naiz mundua gobernatzen/moldatzen duen sistemaren zale, baina inoren, ezeren nostalgiak ez nau itotzen.

Netflixek ordaindu dio Martin Scorseseri aspaldi zaharrean egin duen arte lanik egundokoena. Eta ni, pozik. Are gehiago, pozez zoratzen. Netflixen eta Taxi Driver-en autorearen arteko akordioa nolakoa, niri bost. Nik sortzaileak sortzen nahi ditut ikusi. Askok arbuiatzen duten hitzarmen honen emaitza The Irishman bezalako lan magistrala bada, bejondeiela.

Teknologia berriek sostengatzen, aberasten duten film klasiko peto-petoa dugu The Wolf of Wall Street-en egilearen azkena. Dakizuen bezala, aurpegi-antzemate eta gaztetze teknikak erabili izan dira bertan, kontakizunak irauten duen hamarkadetan zehar De Niro, Al Pacino eta Joe Pesciren aldaketa fisikoak ahalik eta benetakoen ager daitezen. Izugarria da emaitza. Izugarria aktoreei exijituriko ahalegina, zeren gazte garai haietan ibiltzen eta mugitzen ziren bezala ibili eta mugitu behar izan dute.

Baina mirari teknologikoez gaindi, filma bete-betea da. Scorsesek eta Zaillian gidoigileak ederki zekiten beharrezkoa zuten denbora izango zutela istorioa osatzeko, zabaltzeko, ñabardurezaberasteko. Eta horrelaxe egin dute. Mafiakide hauen erretratuari ezer ez zaio falta. Baditu inplikazio politikoak. Historikoak. Bada aro baten isla zehatza. Badu morala baina ez da, inolaz ere, mezukerietan erortzen. Ez Martinek ez Steven gidoigileak ez dute inoren gainean epairik egiten, ematen. Ez dute ikuslea pertsonaien alde edo aurka gidatzen. Denok gara helduak. Atera ditzagun, ba, atera beharreko ondorioak. Nahi izanez gero.

Ilunabarrekoa da filma. Antzinako mafiaren potreta argi-iluna. Antzinakoarena, bai, oraingo droga-kartelekin zerikusirik ez zuenarena. Nahiz eta hauek bezain basa, krudela eta gupidagabea izan. Hain krudel, basa eta gupidagabea, ezen pertsonaiek ez dute ezta damu izateko ahalmenik ere.

Izugarria da The Irishman. Bere xuxurla ilun-zamatsuetan. Bere tiro eta bonba eztanda ozenetan. Bere traizioetan. Bere soinu bandan. Bere osotasunean. Bere tamaina eta neurrian. Bere zinema mailan. Bere heldutasun tragikoan. Nik Valladoliden ikusi nuen. Kale iluna izena duen karrikatik hurbil dagoen Casablanca zinema areto askean.

251 minutu bikain. Nork pagatuak, berdin dit. Arteak ere badu bere prezioa. Egiten duenarentzat. Gozatzen dugunontzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.