ATZEKOZ AURRERA

Hazia utzi duen ikur anarkista

Felix Padin CNT sindikatuko militante historiko eta nekaezina omendu du mugimendu libertarioak; hil berriaren borroka goratu eta haren ereduari jarraitzeko deia egin dute.

Dantzaria, Felix Padin borrokalari libertarioaren errautsei eta haren senideei aurreskua dantzatzen. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2014ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Frankismoaren aurka borrokatu zirenen omenez Artxandan dagoen (Bilbo) eskultura herdoilduaren zuloak krabelin gorriz bete dituzte dozenaka herritarrek. Diktaduraren, faxismoaren eta zapalketaren aurka altxatu zirenen borrokak arrastoa utzi duela gogoratu dute oroimenerako jarria dagoen hatz marka erraldoiaren aurrean. Hazia utzi duen baten lana aitortzera joan dira espresuki Artxandara; Felix Padin ia mende bateko bizitza osoa libertarismoari, antifaxismoari eta askatasunari eskaini dion anarkista nekaezina omentzera. Hilaren 7an hil zen, 98 urteren eta historia emankor baten jabe zela.

Errepublika ezagutu zuen Padinek. Gerra zibila. Frankismoa. Trantsizioa. Gaur egungo egoera politiko-ekonomikoa.14 urte zituela CNT sindikatuko kide egin zenetik, sekula ez zion borrokatzeari utzi. Garesti ordaindu zuen, baina beti egon zen harro bere bizimoduarekin. «Dena kendu ziguten, duintasuna izan ezik», esan izan zuen behin eta berriz gosearekin, hotzarekin, izurriteekin, armekin, espetxearekin, sasiarekin eta gatibu lanekin partekatu zuen bizitzari buruz. Baina elkartasunari erreparatu izan dio beti. Militantziari. Kideei. Askatasunari.

Egin beharrekoak eginda

Hil ere halaxe hil zen, militantziako kideen esanetan: lasai, egin beharrekoak egin izanaren sentsazioarekin. Hain zuzen, memoria historikoaren aldeko lanean eman zituen azken hogei urteak, «jendea horren garrantziaren jakitun ez zen garaitik, memoria berreskuratzeko kontuak oraindik tabu zireneko garaitik».

Hil aurretik, jasota utzi zituen bere bizipenak. Bai frankismoaren ondorioak ikertzen ari den Argentinako epaileari bere testigantzak kontatuta, bai kideei horien berri emanda. CNTko kideek jakinarazi dutenez, aurki kaleratuko dute historiaren zati hori jasotzen duen liburua.

Izan ere, CNT sindikatuak eredutzat dauka Padin. Borroka-lagunak irakaspen asko utzi dizkiela aitortu dute omenaldian. «Goitik beherako militante eredugarri bat joan zaigu», adierazi du Jose Ignacio Orejak, Euskal Herriko CNTko kideak. «Baina kide bat baino gehiago joan zaigu: bizia ideia anarkisten alde eman duen belaunaldi oso baten azken ordezkaria joan zaigu». Historiaren zati bat. Belaunaldi guztiarentzat zabaldu du Padini egindako omenaldia.

Orain borroka horri eustea beste belaunaldi batzuei dagokiela esan, eta Padinen nahi horri heltzeko deia egin du.

Egungo militantzia eredua

«Felix ez da iragana. Felix etorkizuna da», esan du zentzu berean Pedro Sernak, CNTko idazkari nagusiak. «Haren eta haren belaunaldiaren ereduari jarraitu behar diogu». Bidea nola egin hausnartzen ari zela, Padini berari galdetu zion ea nola ikusten zuen gaur egungo CNT. Hitz politak esperoko zituen, seguruenik, idazkari nagusiak galdera egitean, baina beste erantzun bat jaso zuen: «Ostia txarra falta zaigu!». Sernaren hitzetan, «arrazoi zuen, gainera».

«Sobera dugu hitz egiten dakien jendea», esan du; «lana praktikara eramango dutenak behar dira». Eta gaur egungo militantziari buruzko hausnarketa ere egin du: «Ez da nahikoa astean pare bat ordu ematea, flamenkoa ikasten egongo bagina bezala». Oinarri anarkistak gauzagarriak direla adierazi, eta horiek praktikan jartzeko deia egin du. «Posible dela sinistu behar dugu».

Luis Fuentesek ere, urteetan Padinen kide izanak eta Lau Haizetara Gogoan-eko eta CNTko kideak,injustizien kontra borrokatzeko deia egin du. «Esklabo bat dagoenean guztiok altxatu behar dugu haren eskubideen alde». Gaur egun, agintarien lapurreten zein inpunitatearen kontra altxatu behar dela esan du, eta NBEk Espainiari frankismoaren ondorioak ikertzeko igorri dion agindua betearazteko eskatu du.

Txalaparta doinuekin hasi, eta aurreskua eta irrintzia mitinekin tartekatu dituzten ekitaldia Padini lore eskaintza eginda amaitu da, CNTren ereserki A las barricadas abestu ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.