ATZEKOZ AURRERA

Sagardoak busti du Donostia

30. Sagardo Eguna egin dute Gipuzkoako hiriburuan, euskal jaiaren barruan: guztira, 35 ekoizleren sagardoa dastatzeko aukera izan dute sagardozaleek Konstituzio plazan.

Ehunka lagun bildu ziren atzo Donostiako Konstituzio plazan, Gipuzkoako sagardogileen ekoizpenak dastatzeko gogoz. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Maialen Unanue Irureta.
Donostia
2015eko irailaren 6a
00:00
Entzun
Zerura begiratzea ezinbesteko keinu bihurtzen zaie antolatzaileeiegun seinalatu bat iristen denean. Ez alferrik izaten baita eguraldia etxeko lau pareten goxotik ateratzeko jendeak kontuan hartzen duen baldintzetako bat. Atzo, lainoturik esnatu zen Donostia, eguzkia ezkutaketan jolasten ari zela, baina, gutxienez, ez zuen euririk egin 30. Sagardo Eguna ospatu bitartean.

Konstituzio plazan Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko 35 ekoizle bildu ziren: kezka nagusia, ea jendea azalduko ote zen.Jaia hasi baino minutu batzuk lehenago, Ibon Aburuza ekoizlea salmahaitik kanpo zegoen, hizketan: «Eguraldiak laguntzen badu, egun oso polita izaten da gaurkoa». Eguna, sagardoa dastatzetik harago doa ekoizleentzat: «Bezeroekin egoten gara, eta berriak bilatzen saiatzen gara: turista asko dabiltza, eta haiei ere erakusten diegu gure sagardoa».

Erlojuak 11:00ak jo eta gutxira hasi zen jendez betetzen plaza: sagardoaren bueltan lan egiten duten asko, baina, batez ere, sagardozaleak eta turistak. Bost bat etxetako sagardoak probatu ostean, Satxota (Aia, Gipuzkoa) eta Iparragirre (Hernani, Gipuzkoa) sagardotegietako zukuak nabarmendu zituen Ingalaterratik etorritako Aaron Lopezek: «Plazari buelta emango diogu, guztiak dastatzeko». Sagardoaren eragina baretzeko, txorizo eta bakailao tortillen pintxoak zeuden salgai, eta Lopezek eta haren lagunak bana hartua zuten, badaezpada.

Jakin-mina sortu zuen plazan bertan, sagarra jo eta zapalduz, muztioa egiten ari zen hirukoteak. Aurtengo berrikuntzetako bat izan zen hori; antolatzaileen arabera, Sagardo Eguna «edukiz hornitu» eta sagardogintzaren atzean dagoen lana eta kultura jendeari ezagutarazteko.

Bizikletaren hanka lurrean jarrita, sagardoa dastatzen aritu zen Juan Bautista Lista. San Pedrotik abiatuta, Donostiari buelta ematen ari zen lagun batekin: etxeratu aurretik, Konstituzio plazan geldialdia egin zuten. «Donostia osoa hartzen duen zirkuitua egin dugu: 29 kilometro egin ditugu jada, eta etxera iristeko beste sei bat geldituko zaizkigu», azaldu zuen Bautistak. Dastatu zituenen artean, «onena, Petritegikoa».

Sagardo ekoizleez gain, sektorearekin harremana dutenek ere presentzia izan zuten atzoko azokan. Han ziren Albaolako langileak, lehenbiziko aldiz, agertzen zirenei itsasoak eta sagardoak izan duten «lotura historikoa» azaltzeko gogoz. «Gaur egun, ez dira hain erraz lotzen euskal marinelak eta sagardoa, baina lotura estua zen euren artean; Sagardogileen Elkarteak inplikazio eta interes handia dauka gaiarekin. Sagardoari balioa eman behar diogu, eta guk horretan lagun dezakegu», azaldu zuen Albaolako Itsas Ondarearen teknikari Mikel Leozek. Salgai izaten dituzten ohiko produktuak zituzten mahaian, baina, horiez gain, produktu berri bat zeukaten: bi botila sagardo eta San Juan baleontziaren irudia grabatua duen basoarekin osatutako paketea.

Esperimentazioaren bidea

Parte Zaharreko kriptan, San Jeronimo kalean, zeuden Iñaki Berregi EHUko irakaslea, Andoni Zuriarrain doktore gaia eta Juan Zuriarrain kimikaria. Sagardoa hainbat sagar mota nahastuta egiten dute ekoizleek: lantalde horrek, berriz, hiru urte daramatza, aldi bakoitzean, sagar mota bakarreko sagardoak egiten, EHUren, Sagardogile Elkartearen eta Fraisororen bultzadaz. «Muturreko sagardoak izaten dira, askotan: azidoegiak, edo gozoegiak. Baina ekoizleek eskertzen dute, zein nahasketa egin erabakitzeko arrastoak ematen dizkiegulako».

Joxe Martin Garmendia, Zalbide sagardotegiko jabea (Abaltzisketa, Gipuzkoa), omendu zuten atzo, erretiroa hartu baitu. Arantza Eguzkiza Sagardogileen Elkarteko presidentea pozik zegoen, bildutako jendetza ikusita. «Elkarlanean gabiltzan hainbat ordezkari gaude hemen, agintariak ere bai, eta, garrantzitsuenak, herritarrak». 30.a izan arren, garrantzitsua da halako egunak egitea, Eguzkizaren ustez: «Gure lana bultzatzeaz gain, festa bezala bizi dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.